Sanders garaile, baina larri

Bederatzina ordezkari lortu dituzte senatariak eta Buttigiegek New Hampshireko primarioetan

Bernie Sanders senataria garaipena ospatzen, atzo. JUSTIN LANE / EFE.
Iosu Alberdi - Jone Bastida Alzuru
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde primarioetan demokraten arteko lehia estua iragarri zuten inkestek, eta halakoxeak izan dira aurreneko bi batailak. Iowaco caucus-etan larri irabazi zuen Pete Buttigieg South Bendeko alkate ohiak, eta New Hampshireko primarioetan, berriz, espero baino estuago nagusitu da Bernie Sanders senataria.

Hain zuzen, Iowan ere hark lortu zituen boto gehien, baina Buttigiegek eskuratu zituen ordezkari gehien: hamalau —senatariak hamabi lortu zituen—. Ozta-ozta izan arren, Sandersek arantzatxo hori kendu du New Hampshiren. Alderdiaren ezkerraldeko hautagaiak azpimarratu du garaipen hori AEBetako presidente Donald Trumpen «porrotaren hasiera» dela: «Gure kanpaina ez doa bideratua Trumpi irabaztera bakarrik; AEBak eraldatzea da helburua».

New Hampshireko primarioetako botoen %96 zenbatuta, Sandersek horien %25,8 lortu ditu, eta Buttigiegek, aldiz, %24,5 —4.000 boto ingururen aldea—. Urrun geratu dira, halaber, Elizabeth Warren senataria (%9,3) eta Joe Biden AEBetako presidenteorde ohia (%8,4), faboritoetako bi zirenak. Izan ere, Amy Klobuchar senatariak ezustekoa eman du, horiei aurre hartuta (%19,8). Gauzak horrela, 2016ko primarioetako irabazle bera izan dute New Hampshiren; orduan, botoen %60 lortu zituen, Hillary Clinton garaituta. Halere, Sandersek eta Buttigiegek ordezkari kopuru bera lortu dute: bederatzina. Jokoan ziren gainontzeko seiak Amy Klobucharrek lortu ditu. Gainerako hautagaiek ez dute bakar bat ere eskuratu, ez baitute gutxieneko %15 lortu.

Goiz da jakiteko nor izango den demokraten hautagaia AEBetako presidentetzarako, baina primarioen hasiera Sandersen eta Buttigiegen arteko bataila estuaren lekuko da. Lehenak alderdiaren ezkerreko ildoa ordezkatzen du, eta bigarrenak, zentroa eta moderazioa. Kaltetu nagusia, berriz, Biden zentrista da: bera zen, inkesten arabera, estatu mailan irabazteko faboritoa. Emaitzak, ordea, bestelakoak izan dira, eta, oraingoz, jokoz kanpo geratu da AEB-etako presidenteorde ohia.

Historiak erakutsi du, gainera, garrantzitsuak direla aurreneko bi ekitaldi horiek: 1980tik, Bill Clintonek izan ezik, presidentegai guztiek Iowako caucus-ak, New Hampshireko primarioak edo biak irabazita abiatu dute bozen prozesua; halere, denera 3.979 ordezkari aukeratu behar dituzte, eta oraindik 65 besterik ez daude zehaztuta. Buttigiegek jarraituko du ordezkari kopururik handiena izaten, 23. Sandersek 21 ditu; Warrenek, zortzi; Klobucharrek, zazpi; eta Bidenek, sei. Demokratek uztailaren 13 eta 16 bitartean egingo dute Konbentzio Nazionala, alderdiaren hautagaiak izendatzeko. Hurrengo geltokia, berriz, Nevadako caucus-ak izango dira, otsailaren 22an. Martxoaren 3 da, alabaina, primarioen giltzarria, orduan egingo baitira ordezkariak lortzeko caucus gehienak.

Azken bozketak hautagai kopurua murrizteko ere balio izan du, eta bik utzi dute lehia: Andrew Yang ekintzaileak eta Michael Bennet senatariak. Bientzat, jasotako babes urria izan da albo batera geratzeko erabakiaren arrazoia. New Hampshiren, Yangek botoen %2,8 lortu ditu, eta Bennetek, %0,3.

Trump nagusi

Alderdi errepublikanoa ere ari da primarioak egiten. Trumpek, ordea, beste behin erakutsi du ez duela lehiakiderik. Botoen %91,6 zenbatuta, horien %85,8 jaso ditu, eta Iowako garaipena berretsi du. Massachusettseko gobernadore ohi Bill Weld da hari kontra egiten saiatzen ari den hautagairik indartsuena, baina botoen %9,1 besterik ez ditu bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.