Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak Espainian

Sanchezi ondo atera zaio apustua

PPk irabazi ditu hauteskundeak, baina ezingo du gobernatu ez bakarrik, ez Voxekin batera. PSOEk Euskal Herriko eta Kataluniako independentistak konbentzitu beharko ditu Moncloan segitzeko

Sanchezi ondo atera zaio apustua.
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Azkeneko hamarkadan beste askotan gertatu bezala, orain ere ataka zail batetik onik atera da Pedro Sanchez. Joan den maiatzean, udal eta erkidegoetako hauteskundeen biharamunean, ikusita PPk horietan nabarmen gora egin zuela eta PSOEren emaitzak txarrak izan zirela, erabaki bat hartu zuen: Espainiako Gorteetarako bozak aurreratzea. Arriskutsua zen erabakia, baina apustua ondo atera zaio Sanchezi. PPk ezingo du gobernatu ez bakarrik, ez Voxekin batera, eta atzoko emaitzak aintzat hartuta, gainera, Moncloan jarraitzeko moduan da jarduneko presidentea. Horretarako, behin Sumarren babesa ziurtatuta, Euskal Herriko eta Kataluniako indar independentistak konbentzitu beharko ditu, 2019an egin bezala.

PPk irabazi ditu Gorteetarako hauteskundeak 2016az geroztik lehen aldiz, baina ez da iritsi inkesten batez bestekoak Kongresuan ematen zizkion aulki kopurura, 142ra. 136 lortu ditu. Zundadaketek huts egin dute, PSOEri ematen zizkioten ordezkarietanbatez ere: 108. Azkenean, baina, 122 izan dira; hau da, 2019an baino bi gehiago.

Eta Sanchezek hori lortu ahal izan du, nagusiki, bi aldagairengatik. Batetik, parte hartzea %4 handitu delako Gorteetarako aurreko hauteskundeekin alderatuta:%70,1 izan da. Eta, bestetik, PSOEtik ezkerrera dagoen esparruan, Sumarrekoan, boto batzuk bereganatu dituelako 2018tik Espainiako presidentea denak. Yolanda Diaz buru duen koalizioak ez ditu hobetu, ez, UP Unidas Podemosen 2019ko emaitzak; are, lau diputatu gutxiago lortu ditu.

Sanchezek atzera erakutsi du bizirik irauteko sena duela. Azken legegintzaldian, aurre egin behar izan die COVID-19ak eragindako krisi soziekonomikoari, Ukrainako gerraren astinaldiari, karguak berekin dakarren higadurari, eta eskuinak eta eskuin muturrak sortutako zaratari. Egotzi diote, besteak beste, separatistekin, komunistekin eta «terroristekin» gobernatzea, kolpista izatea eta Espainia hautsi nahi izatea. Onik atera da, ordea, 2018an Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa planteatu eta irabazi zuenean bezala, eta 2017an alderdiko primarioetan nagusitu zenean bezala, Susana Diaz faboritoa gaindituz.

Giltza, JxC

Alberto Nuñez Feijoo PPko liderraren irudiak behera egin du kanpainako azken astean. Pentsioen igoerari buruz mintzatzean gezurra esaten harrapatu zuten; ez zuen parte hartu presidentegaien debate batean; eta Marcial Dorado narkotrafikatzailearekin ageri den 1995eko argazki bat atera da berriro.

Ikusteko dago Sanchezek behar duen babesa lortuko duen inbestitua izateko. EH Bilduk, EAJk, BNGk eta ERCk ez dute esan oztopatuko dutenik; JxC Junts Per Catalunyak, aldiz, bai. Jarrera horri eusten badio, ezin da baztertu bozak errepikatu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.