Espainiako Gobernuak bat egin zuen atzo Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidali zion eskutitzean adierazi zuenez, Madrilen iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Sanchezek gaineratu zuen Espainiak «lagun eta aliatu batek merezi bezala» tratatuko duela Maroko.
Saharako Fronte Polisarioa autonomiaren planaren kontra agertu da beti, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio bete dezala hark emandako hitza: Nazioarteko erakundeak Minurso misioa eratu zuen 1991. urtean, Sahara Mendebaldean autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko.
Madrilen jarrera aldaketak erreakzio soka luzea ekarri du azken orduotan.
Mendebaldeko Saharako Errepublika Demokratikoak eta Fronte Polisarioak deitoratu egin dute Espainiako Gobernuak harturiko «erabaki penagarria», eta adierazi dute Marokoren plana «desbideratze arriskutsua» dela, eta nazioarteko legearen aurkakoa.
Atzo plazaraturiko ohar batean, harriturik agertu ziren Sanchezek harturiko jarrerarekin. «Ez du sinesgarritasunik, seriotasunik eta errealismorik». Haien arabera, okupazioa laguntzen du, eta zilegitasuna ematen dio «zapalkuntzari, gizateriaren aurkako krimenei eta Marokok Mendebaldeko sahararren ondasunak arpilatzeari».
Aljeria, bestalde, «oso harrituta» agertu da Moncloaren «bat-bateko» jarrera aldaketarekin, izan ere azken urteetan NBEren Nazio Batuen Erakundearen plana babestu baitu. Horregatik, Madrilen duen enbaxadorea deitu du.
Madrilek baieztaturiko jarrera erabateko aldaketa da. Espainiako Gobernuak, orain arte, Nazio Batuen Erakundearen itunak defendatzen zituen, erreferendum baten bide sahararrek euren etorkizuna erabaki zezaten. Nazioarteko erakundeek ez dute onartzen Maroko Mendebaldeko Sahararen gaineko jabetza.
Polisarioak esan duenez, Madrilek men egin die Marokoren presioei, «Rabatek hilabetez xantaia egin ostean».
Ikusteko dago zer eragina duen PSOEren erabakiak Espainiako koalizio gobernuan. Izan ere, haien bazkideek ez dute begi onez hartu erabakia.
Ezker Batuak, esaterako, «erabat arbuiatu» du Sanchezen jarrera aldaketa. Podemoseko Ione Belarrak adierazi du Espainiak ez duela «nazioarteko zuzenbidetik aldendu» behar, eta gogoratu du Nazio Batuen Erakundeak sahararren «determinazio askea» baino ez duela aurreikusten, gatazka konpontzeko.
Euskal Herrian ere erreakzioak eragin ditu erabakiak. Arnaldo Otegik adierazi du sahararrentzako «konponbide posible bakarra» autodeterminaziorako eskubidea bermatzea dela, NBEren erresoluzioei jarraiki. «Saharako herriak beti edukiko du geure baldintzarik gabeko sostengua».