Amnistia legea onartzeko akordioa dute PSOEk, JxCk eta ERCk

Testuaren bertsio eguneratuak Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako jarduera guztiak hartuko ditu barnean, Espainiako Gobernuko presidentearen arabera. Gehitu du alderdiek laster lortuko dutela ados jartzea.

Pere Aragones eta Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. ANDREU DALMAU / EFE
Pere Aragones eta Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. ANDREU DALMAU / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Mikel Garcia Martikorena
2024ko martxoaren 6a
20:50
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean jakinarazi du amnistia legea moldatzea onartu duela, horrela Kataluniako alderdi independentistei «berme gehiago» eskaintzeko. Batez ere, JxC Junts Per Catalunyari. Erabakiaren helburua indar subiranistekin akordioa lortzea zen. Eta erdietsi du Espainiako presidenteak. Gaur gauean eman baitute PSOEk, JxCk eta ERC Esquerra Republicanak amnistia legea Espainiako Diputatuen Kongresuan onartzeko akordioaren berri, ohar bidez. Akordioaren bidez onartuko den legearen inguruko xehetasunak ez dituzte argitaratu. Hala ere, jakinarazi dute bihar plazaratuko dituztela, Espainiako Kongresuko Justizia Batzordearen aurretik.

Lehen testua urtarrilean aurkeztu zuten Espainiako Kongresuan, baina ez zuten onartu, JxCk ezezko botoa eman baitzuen, argudiatuta «hutsuneak» zituela, eta ez zuela bermerik ematen jasota zegoen moduan aplikatzeko.

JxC eta ERC alderdiekin negoziatzen aritu da PSOE azken hilabeteetan, eta elkarrizketa horien emaitza da lege proposamen eguneratua onartzeko akordioa, oharrean adierazi dutenez. Veneziako Batzordeak emandako aurretiazko txostena eta «nazioarteko eta Europako zuzenbidea» kontuan izanda ondu dute proiektua, azpimarratu dutenez.

«Amnistia legea indartzeko hainbat neurri hartzeko akordioa egin dute PSOEk, ERCk eta JxCk. Legeak prozesu independentistan parte hartu duten guztiak hartuko ditu barnean, eta [Espainiako] Konstituzioarekin bat dator», esan dute alderdiek, goizean Sanchezek aurreratu duen moduan: «Ez nuen zalantzarik [auzipetu] guztiak barne hartzen zituela [lehenengo lege proposamenak], baina bermeak indartu behar baditugu, indartuko dugu. Guztiei emango zaie amnistia». Brasilen egiten ari den bidaian eman du berria Sanchezek.

Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordea bihar elkartuko da testua eztabaidatu eta bozkatzeko; horri baiezkoa emanda, hurrengo pausoa diputatuen bozketa izango da, eta, testua han ere onartuz gero, Senatura pasatuko da. Sanchezek goizean iragarri du PSOEk eta JxCk lortuko zutela ados jartzea.

Amnistia legearen proposamenaren edukia aldatuta, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak (2016-2017) ere berme gehiago izango lituzke; hori iradoki du, behintzat, Espainiako Gobernuko presidenteak. Izan ere, Espainiako justiziak haren aurkako zenbait auzi ireki ditu azkenaldian. Azkena, joan den astean: Auzitegi Gorenak erabaki zuen Puigdemont eta Ruben Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatua «terrorismoagatik» ikertzea, Tsunami Demokratikoaren auziagatik.

Urtarrilean bozkaturiko testuan, ez zuten «terrorismo delituei» amnistia emateko aukerarik jasotzen «giza eskubideen urraketak» izan diren kasuetan. Testu berriak «terrorismo delituetan» eragina izango ote duen galdetu diote Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroari. Hark ez du erantzun argirik eman, eta lanean «zehaztasunez» ari direla baino ez du adierazi.

«Hurrengo fasera»

Kataluniako alderdi independentistek txalotu egin dute gobernuaren erabakia. Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak aldaketak egin izana goraipatu du; behin legea onartuz gero, «hurrengo fasera» igaro ahal izango dutelako. Espainiako Senatuan JxCko bozeramailea den Josep Lluis Cleriesek, bestalde, «amnistiaren bila» doazela jakinarazi du, baita «herritarren zerbitzura egongo diren aurrekontuen» bila ere.

Bestetik, PP Alderdi Popularrak ere eman du bere iritzia Sanchezen iragarpenaren harira. Miguel Telladok, Espainiako Diputatuen Kongresuan alderdiko bozeramaile denak, lege proposamena aldatzea gaitzetsi du Telecinco telebista katean, akordioaren berri izan aurretik: «Sanchez independentisten eskaeretara makurtu da berriz ere».

Bere ustez, «zentzugabea» da Espainiako Gobernuko presidentearen jokabidea, berdintasun printzipioa «urratzen» baitu: «Badirudi espainiar guztiak berdinak direla legearen aurrean, salbu eta Pedro Sanchezi babesa ematen dioten independentistak».

Esteban Gonzalez Pons PPko Ekintza instituzionaleko idazkariordeak esan du aldaketek zaildu egin ditzaketela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko PP eta PSOEren arteko elkarrizketak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.