Tentsio handiko xextra izan zuten atzo Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek eta PP Alderdi Popularreko lider Alberto Nuñez Feijook elkarren artean, Senatuko saioan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak goi ganberara bidean zihoan Zigor Kodearen erreformaren tramitazioa eteteak eragindako botereen arteko krisi betean. Sanchezek Feijoori aurpegiratu zion PPko buruzagi ohi Pablo Casado baino «urrunago» joatea, Espainiako Gorteak «isilaraztea» lortu duelako, Konstituzionalak hartutako erabakiaren harira. Oposizioko buruak, berriz, presidenteari eskatu zion organo hura «deskalifikatzeari» eta demokrazia «errautsetan desegiteari» uzteko. Aldi berean, nabarmendu zuen PPk ez duela zalantzan jarri PSOEk bozetan lortutako garaipenaren «zilegitasuna».
Senatuak 2022ko azken saioari ekin zion atzo, Konstituzionalak Zigor Kodearen barruan jasota zeuden eta auzitegi horretako kideak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna ezartzen zuten bi zuzenketak baliogabetu eta hiru egunera, PPren helegite bat ontzat emanez. Moncloaren iritziz, «oinarri juridikorik gabe» hartu zuen epaia Konstituzionalak, eta «magistratu kontserbadoreak oraindik arrazoi bila ari dira». Dena dela, Espainiako Gobernu koalizioa, erabaki horri erantzuteko eta Konstituzionalaren «blokeoa» eteteko asmoz, lege proposamen bat aurkeztekoa eta horren urgentziazko tramitazio bat egitekoa da aste honetan; horretarako, baina, Sanchezen inbestidura babestu zuten talde parlamentarioekin adostu nahi du.
Presidenteak Senatuan ziurtatu zuenez, PPren asmoak ikusita, Espainiako Diputatuen Kongresuak «argi eta ozen» hitz egingo du. Bide horretan, erantsi zuen Feijoo buru duen alderdiari «laguntzen» eta «zuzentzen» dioten botereak «gero eta ezkutuago» daudela, eta konstituzioak botere legegileari emandako eskumenak kentzea lortu dutela; hau da, proposamenak egiteko, eztabaidatzeko eta legeak egiteko eskuduntzak.
Sanchezen hitzaldiari erantzunez, gobernuak azken hilabeteotan egindako urratsak aurpegiratu zizkion Feijook, «alderdi independentistei obeditu» diela esanez. Izan ere, galdeketa bat egiteko datarik ba ote duen galdetu zion agintariari.
Xextrak xextra, Senatuan osoko bilkura dute gaur. Zigor Kodearen erreformaren barruan helegiterik jarri ez zaien neurriekin aurrera jarraitzea erabaki zuten: batetik, sedizio delitua ezabatzea, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko; bestetik, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea. Horiei buruz bozkatzekoak dira. Okerrik ezean, onartu egingo dituzte.
Helegitea, baztertua
Konstituzionalak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo, organo horretako eta CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko hautaketa eredua aldatzen zuten bi zuzenketen tramitea etetearen aurka Senatuak jarritako helegitea ebazteko. Atzera bota zuen, eta, hortaz, debekatu egin du gaurko saioan bozkatzea.
Sanchezek Feijoori aurpegiratu dio Espainiako Gorteak «isilaraztea»
PPk presidenteari eskatu dio Konstituzionala «deskalifikatzeari» uzteko. Senatua Zigor Kodearen erreformaren bi neurri bozkatzekoa da gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu