Europako Erkidego Politikoaren topaketa egiten ari dira gaur Granadan (Espainia), eta han dira Europako estatuetako buruak; tartean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren presidentegaia. Granadako Kongresu Jauregirantz zihoala, galdera bota dio kazetari batek: «Amnistiarik izango da edo ez?». Sanchezek ez du erantzun argirik eman: «negoziatzen» ari da talde parlamentarioekin. «Espainiako Gobernuak indultuak onartu zituenean, konfiantza nuen horrek lagunduko zuela Kataluniako politika egonkortu eta normalizatu zedin; orain, ziur naiz erabaki ona izan zela», gehitu du.
Asteartean, Felipe VI.ak gobernua osatzeko enkargua egin zion Sanchezi, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaiaren inbestidurak porrot egin eta gero. Sanchezen alde bozkatzeko, bi baldintza jarri dizkiote Kataluniako alderdi independentistek, ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak: prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea eta autodeterminazio eskubidea baliatzeko urratsak egitea. Sanchezek gaur egin dituen adierazpenen arabera, eztabaidatzen ari dira oraindik, eta alderdiaren jarrera «finkatuko» dute talde guztiekin elkartu ostean.
Fernando Grande-Marlaska apur bat zuzenagoa izan zen atzo, amnistiaren legeari buruz galdetu ziotenean. Haren arabera, «argi» geratu da inbestidurarako negoziatzen den guztia «aurrera egiteko» izango dela. Elkarrizketaren alde egin zuen jarduneko Barne ministroak, eta azpimarratu zuen «konstituzioaren markoaren pean» arituko direla.
Oraindik ez dute egunik zehaztu Sanchezen inbestidurarako —epemuga azaroaren 27a da—. Sanchezek premiazkoa dela esan du, «ja bost aste galdu direlako», Feijooren saioaren porrota tarteko. Gaur-gaurkoz, Sanchezek ez du behar besteko babesik berriro presidente izendatua izateko. Aitzitik, adierazi du gehiengo parlamentarioa osatzeko «topalekua» aurkitu behar dutela, betiere konstituzioa errespetatuz.
Azken asteetan egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta, PSOEk iradoki du amnistiaren legearen baldintza onartuko duela; autodeterminazioarena, aldiz, ez. Nolanahi ere, badira aldeak ERCren eta JxCren diskurtsoen artean; esaterako, Carles Puigdemont JxCren buruak ez zuen erreferenduma aipatu ere egin aurreko igandean, U-1eko galdeketaren seigarren urteurrenaren harira egindako agerraldi batean.