Espainiako hauteskundeak

Sanchezek eta Diazek Feijoo estutu dute, Voxen programa biluztuta

Sanchezen iritziz, PPko hautagaiak uko egin dio lauko eztabaidan parte hartzeari «lotsa ematen diolako Abascalen ondoan agertzeak». Diazek gordin egin dio aurre zenbait momentutan eskuin muturraren diskurtsoari.

Ezkerretik eskuinera, Santiago Abascal, Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez —Voxeko, Sumarreko eta PSOEko presidentegaiak hurrenez hurren—, atzo, hauteskunde eztabaidan. JANJO MARTIN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 20a
09:06
Entzun

Hiruk hitz egin dute, baina lau izan dira protagonista. Espainiako Gorteerako hauteskundeetan, kanpainako azken eztabaidarako gonbita egin zien RTVE Espainiako irrati-telebista publikoak PSOEko, PPko, Sumarreko eta Voxeko presidentegaiei, baina Alderdi Popularrak ez joatea erabaki zuen. Beraz, atzo gauean, Pedro Sanchez (PSOE), Yolanda Diaz (Sumar) eta Santiago Abascal (Vox) izan ziren hizlari bakarrak. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia eztabaidan ez egonagatik, sarritan aipatu zuten Sanchezek eta Diazek, nabarmentzeko Voxekin bat datorrela hainbat arlotan. Ahalegindu ziren irudikatzen alternatiba bakarra duela PSOEren eta Sumarren koalizio gobernuak: PPren eta Voxen arteko aliantza bat. Eskuinak irabaziz gero eskubideetan «atzerapausoak» izango direla ohartarazi zuten, eskuin muturraren programa aletuta. Abascalek, berriz, herritar xumeen aurka gobernatzea leporatu zien Sanchezi eta Diazi, eta ziurtatu zuen Vox dela PSOEren eta Sumarren politikei «aurre egiteko ausardia duen indar bakarra».

Feijoo eztabaidatik kanpo geldituta, ikusmin handia piztu zuen eztabaidak har zezakeen norabideak. Sanchezek tarte bat eskaini zion Feijooren falta azaltzeari. «Lotsa ematen dio Abascalen ondoan azaltzeak . Harekin egiten ditu itunak, harekin gobernatzen du, baina lotsa ematen dio harekin batera azaltzeak». Diazek sarritan aipatu zuen PPko burua Abascali mintzatzen zitzaionean. Voxeko hautagaia eztabaidan Feijooren «ordezkari» gisa ari zela errepikatu zuen behin eta berriz.

Ordu batzuk lehenago, PPko presidentegaiak La Sexta telebista kateari esan zion ez zuela parte hartuko, eztabaidan ez zirelako egongo «Sanchezen kideak». PSOEri egotzi zion EAJren, EH Bilduren eta Esquerra Republicanaren parte hartzeari «betoa jartzea».

Dena den, Sanchezek eta Diazek modua bilatu zuten Feijooren falta nabarmentzeko, diskurtsoak harengan zentratu gabe. PPko burua kritikatu zuten eskuin muturreko alderdiari zuzendutako erantzunekin; adibidez, feminismoa aldarrikatu zutenean. Abascalek genero indarkeriaren kontrako legea gaitzetsi zuen, eta Espainiako Gobernuari leporatu zion bortxatzaileak askatzea soilik baietz da baietz legearekin. «Hau da mingarriena, PP eta Vox gauza hauetan ados jarri izana», erantzun zuen Sanchezek.

Diazek irmoago hitz egin zuen eskuin muturraren aurka. «Utzi geure bizkar barre egiteari», esan zion Abascali, Voxek Valentzian dituen bi diputaturen argazki bat erakutsiz. Irudian, eskuin muturreko ordezkariak barrez ikusten ziren, «eraildako emakume baten omenez minutu bateko isilunea egiten ari zirela». Espainiako jarduneko presidenteordeak Voxeko hautagaiari eskatu zion aipa zezala neurri bakar bat bere proposamenen artean emakumeak indarkeria matxistatik babesteko, baina ez zuen erantzunik jaso. «Zure politika da emakumeoi eskubide gehiago aitortzen dizkiguten legeak indargabetzea», esan zion.

Abascal «genero ideologiaren» aurkako mezuekin tematu zen, baina Sanchez eta Diaz ez ziren Voxekoaren diskurtsoarekin katramilatu. Eztabaidaren gainontzeko ataletan bezala, denboraren zati handi bat bideratu zuten proposamenak egitera eta gobernuaren azken lau urteetako jarduna babestera. Elkarlanean aritu ziren gobernuaren defentsan, baina Sumarreko presidentegaiak PSOEtik aldendu zuen bere burua gai jakin batzuetan. Anbizio handiagoa eskatu zion hurrengo legealdirako, erreforma fiskal «justu» batean sakontzeko, etxebizitza politikak garatzeko edo osasun publikoa indartzeko. Diazek «marra gorri bat» ezarri zion Sanchezi: «Jubilatzeko adina ez da atzeratuko».

Abascalek gehien nabarmendu zuen mezuetako bat izan zen gobernuak herritarrak pobretu dituela; besteak beste, klima larrialdiaren kontrako politikekin, gehiegizko zergekin eta diru publikoaren «xahuketarekin». Azken puntu horri lotuta, Diazek gogorarazi zion Madrilgo Erkidegoko fundazio batean eman zituen urteak, diru publikoa kobratzen apenas jarduerarik gabe. «Honi buruz hitz egitea, zatozen chiringuito-tik etorrita, oso larria da».

Sanchezek eta Diazek ukatu egin zuten Voxek herritar xeheen interesak defendatzen dituela. Nabarmendu zuten ez dituela babestu gutxieneko soldataren igoera, ezta pandemia garaian enpleguari eusteko onartu ziren laguntzak edo inflazioari aurre egiteko hartutako neurriak ere. «PPk eta Voxek sistematikoki bozkatu dute pentsioak igotzearen aurka», adierazi zuen PSOEko hautagaiak. Sumarrekoak ohartarazi zuen Voxen programak «zerga jaitsiera orokor bat» jasotzen duela, «lan kontratu zaborretara itzuli» nahi duela, eta pentsioak pribatizatzea duela helburu, PPk bezala, Diazen esanetan.

Tentsio handiko uneetako bat eztabaidaren amaieran gertatu zen, Diazek Abascali galdetu zionean normala iruditzen ote zaion Feijoo Marcial Dorado narkotrafikatzailearekin elkartu izana barku batean. «Ez zaidana normala iruditzen da hemen ez dagoen pertsona bati horrela eraso egitea», erantzun zuen Abascalek, Feijooren eta Doradoren arteko harremanari buruz iritzirik eman gabe.

Kanpaina bihar amaituko denez, eztabaida azken aukeretako bat izan da botoa erabaki gabe duten herritarrak konbentzitzen saiatzeko. Abascalen iritziz, igandean «ez da nahikoa izango Sanchez kanporatzea: haren politika guztiak indargabetu behar dira, eta soilik Vox ausartuko da behar den aldaketa bultzatzen». Diazek botoa eskatu zuen «etorkizunari begiratzeko, beldurrik gabe maitatzeko, klima aldaketari aurre egiteko eta soldatak igotzeko». Sanchezen arabera, bi bideren artean erabaki beharko dute igandean boto emaileek. «Aukeratu beharko dugu Espainia astelehenean 2023an esnatuko den ala 1973an».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.