Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Eztabaida

Sanchezek eta Diazek Feijoo estutu dute, Voxen programa biluztuta

PSOEkoarentzat, PPkoak uko egin dio eztabaidan parte hartzeari «lotsa ematen diolako Abascalen ondoan agertzeak». Diazek gordin egin dio aurre zenbait unetan Abascali

Ezkerretik eskuinera, Santiago Abascal (Vox), Yolanda Diaz (Sumar) eta Pedro Sanchez (PSOE), herenegun gaueko eztabaidan. JANJO MARTIN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Hiruk hitz egin dute, baina lau izan dira protagonista. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, kanpainako azken eztabaidarako gonbita egin zien RTVE Espainiako irrati-telebista publikoak PSOEko, PPko, Sumarreko eta Voxeko presidentegaiei, baina Alderdi Popularrak ez joatea erabaki zuen. Beraz, herenegun gauean, Pedro Sanchez (PSOE), Yolanda Diaz (Sumar) eta Santiago Abascal (Vox) izan ziren hizlari bakarrak. Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaia, eztabaidan ez egonagatik, sarritan aipatu zuten Sanchezek eta Diazek, nabarmentzeko Voxekin bat datorrela hainbat arlotan. Ahalegindu ziren irudikatzen alternatiba bakarra duela PSOEren eta Sumarren koalizio gobernuak: PPren eta Voxen arteko aliantza bat. Eskuin muturraren programa aletuta, ohartarazi zuten eskuinak irabaziz gero «atzerapausoak» izango direla eskubideetan. Abascalek, berriz, herritar xumeen aurka gobernatzea leporatu zien Sanchezi eta Diazi, eta ziurtatu zuen Vox dela PSOEren eta Sumarren politikei «aurre egiteko ausardia duen indar bakarra».

Feijoo eztabaidatik kanpo geldituta, ikusmin handia piztu zuen eztabaidak har zezakeen norabideak. Sanchezek tarte bat eskaini zion Feijooren falta azaltzeari. «Lotsa ematen dio Abascalen ondoan azaltzeak. Harekin egiten ditu itunak, harekin gobernatzen du, baina lotsa ematen dio harekin batera azaltzeak». Diazek sarritan aipatu zuen PPko burua Abascali mintzatzen zitzaionean. Behin eta berriz errepikatu zuen Voxeko hautagaia Feijooren «ordezkari» gisa ari zela eztabaidan.

Ordu batzuk lehenago, PPko presidentegaiak La Sexta kateari esan zion ez zuela parte hartuko, eztabaidan ez zirelako egongo «Sanchezen kideak». PSOEri egotzi zion EAJren, EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren parte hartzeari «betoa jartzea».

Dena den, Sanchezek eta Diazek modua bilatu zuten Feijooren falta nabarmentzeko, diskurtsoak harengan zentratu gabe. PPko burua kritikatu zuten eskuin muturrekoari zuzendutako erantzunekin; adibidez, feminismoa aldarrikatu zutenean. Abascalek indarkeria matxistaren kontrako legea gaitzetsi zuen, eta gobernuari leporatu zion «bortxatzaileak askatzea» soilik baietz da baietz legearekin. «Hau da mingarriena: PP eta Vox gauza hauetan ados jarri izana», esan zuen Sanchezek.

Diazek irmoago hitz egin zuen eskuin muturraren aurka. «Utzi geure bizkar barre egiteari», esan zion Abascali, Valentzian dituen bi diputaturen argazki bat erakutsiz. Irudian, eskuin muturreko ordezkariak barrez ikusten ziren, «eraildako emakume baten omenez minutu bateko isilunea egiten ari zirela». Espainiako presidenteordeak Voxekoari eskatu zion aipa zezala bere proposamenen artetik neurri bakar bat emakumeak indarkeria matxistatik babesteko, baina ez zuen erantzunik jaso. «Zure politika da emakumeoi eskubide gehiago aitortzen dizkiguten legeak indargabetzea».

Abascal «genero ideologiaren» aurkako mezuekin tematu zen, baina Sanchez eta Diaz ez ziren Voxekoaren diskurtsoarekin katramilatu. Eztabaidaren gainontzeko ataletan bezala, denboraren parte handi bat erabili zuten proposamenak egiteko eta gobernuaren jarduna babesteko. Elkarlanean aritu ziren horren defentsan, baina Sumarrekoak PSOEtik aldendu zuen bere burua gai jakin batzuetan. Anbizio handiagoa eskatu zion hurrengo legealdirako, «erreforma fiskal justu batean» sakontzeko, etxebizitza politikak garatzeko eta osasun publikoa indartzeko. Diazek «marra gorri bat» ezarri zion: «Jubilatzeko adina ez da atzeratuko».

Abascalek gehien nabarmendu zuen mezuetako bat izan zen gobernuak herritarrak pobretu dituela; besteak beste, klima larrialdiaren aurkako politikekin, gehiegizko zergekin eta diru publikoaren «xahuketarekin». Azken puntu horri lotuta, Diazek gogora ekarri zion urteak eman zituela Madrilgo Erkidegoko fundazio batean, diru publikoa kobratzen apenas jarduerarik gabe. «Honi buruz hitz egitea, zatozen chiringuito-tik etorrita, oso larria da».

Voxen erabakiak

Sanchezek eta Diazek ukatu egin zuten Voxek herritar xeheen interesak defendatzen dituela. Nabarmendu zuten ez duela babestu gutxieneko soldataren igoera, ezta pandemia garaian enpleguari eusteko onartu ziren laguntzak eta inflazioari aurre egiteko hartutako neurriak ere. «PPk eta Voxek sistematikoki bozkatu dute pentsioak igotzearen aurka», adierazi zuen PSOEko hautagaiak. Sumarrekoak ohartarazi zuen Voxen programak «zerga jaitsiera orokor bat» jasotzen duela, «lan kontratu zaborretara itzuli» nahi duela, eta pentsioak pribatizatzea duela helburu, PPk bezala.

Tentsio handiko uneetako bat eztabaidaren amaieran izan zen, Diazek Abascali galdetu zionean normala iruditzen ote zaion Feijoo Marcial Dorado narkotrafikatzailearekin elkartu izana. «Normala iruditzen ez zaidana da horrela eraso egitea hemen ez dagoen pertsona bati», erantzun zuen Abascalek, aferaz iritzirik eman gabe.

Kanpaina gaur amaituko denez, eztabaida azken aukeretako bat izan da botoa erabaki gabe duten herritarrak konbentzitzen saiatzeko. Abascalen iritziz, etzi «ez da nahikoa izango Sanchez kanporatzea: haren politika guztiak indargabetu behar dira». Diazek botoa eskatu zuen «etorkizunari begiratzeko, beldurrik gabe maitatzeko, klima aldaketari aurre egiteko eta soldatak igotzeko». Sanchezen arabera, bi bideren artean erabaki beharko dute etzi boto emaileek. «Espainia astelehenean 2023an esnatuko den ala 1973an».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.