Sanchezek azaroaren 29ra aurreratu ditu Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du «gehiengo aurrerakoi askozaz ere zabalagoa» behar duela Diputatuen Kongresuan, gobernuak onartu nahi dituen neurriek aurrera egin dezaten.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Diputatuen Kongresuan, irailean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidentea Diputatuen Kongresuan, irailean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 5a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbatetan zuen esana agintaldia bukatuko zuela, baina bi etxebizitza dekreturen porrotaren ostean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean bertan Moncloan egin duen agerraldian iragarri du azaroaren 29ra aurreratuko dituela hauteskunde orokorrak. Ez du aipatu gobernuari azken kolpea eman dion dekretu parea, baina esan du onartzeko geratzen direla zenbait erreforma, eta horretarako «gehiengo aurrerakoi askozaz ere zabalagoa» behar duela Diputatuen Kongresuak. Asmo horrekin deitu du hauteskundeetara, baita «Espainia transformatzen jarraitzeko» ere. Ministroen Kontseilua 11:30ean bilduko da, hauteskundeetara deitzeko dekretua onartzeko.

«Eskerrak eman nahi dizkiet parlamentuko indar batzuei, eskuzabalak izan baitira. Eta eskerrak eman nahi dizkiot ahaleginak eta bi egin dituen gehiego sozialari ere. Badakit kongresuan gertatu denak sutu egin duela gehiengo hori», esan du Sanchezek. Gobernuak «akatsak» egin dituela aitortu, eta «herritarren babesa berritu eta zabaldu» nahi duela azpimarratu du, «injustizia sozial asko» geratzen baitira «konpontzeko», presidentearen ahotan, zerbitzu publikoei eta etxebizitzari dagokienez. Azaroaren 29ra begira, bi aukera jarri ditu: «ultraeskuinaren olatua hartzea, zeinak inboluzioa dakarren gobernatzen duen tokian», edo, bestela, «Espainia irekitasunaren eta justizia sozialaren gotorleku izaten jarraitzea», «munduarentzat bakearen, feminismoaren eta oparoaldiaren erreferentea izatea».

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen epeak

  • Urriaren 5a. Hauteskunde orokorrak aurreratuko dituela iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.
  • Urriaren 6a. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute hauteskundeetara deitzeko eta Gorteak desegiteko errege dekretua. Aldi berean, posta bidezko botoa eskatzeko epea hasiko da, baita koalizioak aurkeztekoa ere.
  • Urriaren 13a. Kanpaina ofiziala hasiko dute alderdiek, eta bi aste iraungo du.
  • Urriaren 16a. Koalizioak aurkezteko azken eguna.
  • Urriaren 21a. Espainiako Gobernuko presidentegaiak aurkezteko epea hasiko da, eta hilaren 26an amaituko da.
  • Urriaren 19a. Posta bidezko botoa eskatzeko epea amaituko da.
  • Urriaren 27a. Kanpaina ofiziala amaituko dute alderdiek.
  • Urriaren 28a. Hausnarketa eguna.
  • Urriaren 29a. Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak.

Sanchezek esan du legegintzaldi honetan «lakarra» izan dela kongresua, eta gaitzetsi oposizioa «historia demokratikoko txarrena» izan dela, zeinak «zalantzan» jarri izan duen hauteskunde sistemaren «zilegitasuna» bera ere; gisa berean, erantsi du oposizioko alderdiek nahastu egin dituztela «traizionatzea» eta «itunak egitea», baita «gailentzea» eta «blokeatzea» ere.

Ikusi beharko da etxebizitzaren auziak eta dekretuen porrotak azkenerako zer eragin izango duen hautesleengan, baina inkesta gehientsuenen arabera, PPk eta Voxek botoen erdiak lortuko lituzkete, eta, horiek horrela, aise eskuratuko lukete gehiengo osoa kongresuan.

Efe albiste agentziak aurrez kaleratu duenez, Sanchezek egoera politikoari erreparatu dio asteburuan, eta hainbat ministrorekin eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialistako buruzagirekin hitz egin du; agentziak aipatutako alderdiko iturrien arabera, gehienek hauteskundeak aurreratzearen alde egin dute.

Sumar, aurrerantzean Fronte Zabala

Sumarrek ohar bidez atzo jakinarazi zuenez, ezkerreko koalizioko bost ministrok eta zenbait buruzagik bilera bat egin zuten, ikusita etxebizitzari buruzko dekretuek porrot eginda bazitekeela hauteskundeak aurreratzea —azkenean hala izan da—. Horiek horrela, iragarri zuen datorren hauteskundeetara Fronte Zabala izenpean aurkeztuko dela, eta urriaren 17an aurkeztuko dituela bai presidentetzarako hautagaia eta bai koalizioaren bide orria, «ekitaldi handi batean». Ezkerreko alderdiei gonbit egin zien koaliziora batzeko, tartean Podemosi —Irene Monterok, Podemoseko bigarrenak, gaur iragarri du alderdiak primarioak egingo dituela datorren astean, urriaren 14an eta 15ean—. Gaur beste bilera bat egitekoa da, eta prentsaurreko bat emango du ordubatetan.

Koalizioak ohar bat kaleratu du Sanchezen iragarpenaren ondotik, eta esan du hauteskundeetara deitu izana «egokia bezain beharrezkoa» dela. Batik bat etxebizitzaren arazoa izan du hizpide: batetik, azken asteotan Espainiako agenda politikoa eta mediatikoa nabarmen zentratu baita 87 urteko Maricarmen Abascalen etxegabetzean eta horren harira antolatutako protestetan; eta, besteatik, etxebizitzari buruzko dekretuen porrotak eragin baitu presidentearen erabakia. «Etxebizitza ari da gure gizarteak hausten, eta bi herrialde eredu ezarri ditu. Espekulazioa edo eskubideak. Gure hiriak erosten dituen gutxiengoa edo bizilagunak beren auzoetan», idatzi du oharrean. Halaber, etxebizitza dekretuen kontra bozkatu zuten alderdi gehienen kontra egin du: «Eskuineko Voxek, PPk eta Juntsek parlamentua blokeatu dezakete, bai, baina ezin izango dute demokrazia blokeatu». UPNk ere kontra bozkatu zuen birritan.

Ostiralean, Espainiako Gobernuak bi dekreturekin erantzun bat eman nahi izan zion etxebizitza larrialdiari, baina Diputatuen Kongresuak atzera bota zituen bai bata eta bai bestea: JxC Juns Per Catalunyak nolako erabakia hartu, halako bidea egitekoa zen lehenbiziko dekretua, etxegabetzeei buruzkoa, eta azkenerako kontra bozkatu zuen alderdi independentistak; bestalde, jakina zen alokairu kontratuak automatikoki luzatzeari buruzko dekretuak ez zuela aurrera egingo, EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak aldez aurretik iragarri baitzuen bigarrengo bozketan ezezkoa emango zuela. 172 diputatuk bozkatu zuten lehenbiziko dekretuaren alde, eta 178k aurka; bigarrenaren alde, berriz, 166 diputatuk bozkatu zuten, eta 184k aurka.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA