Espainiako Gobernuak ezohiko ministro kontseilua egingo du bihar, eta tanta hotzak jotako eremuak normaltasunera itzultzeko hirurogei neurri onartuko dituzte. Hala iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Neurri horien zenbatekoa 2.274 milioi eurokoa izango dela zehaztu du. Gaur goizean Espainiako gorteetan egindako agerraldian aurreratu ditu datuak.
Xehetasunak biharko utzi ditu, baina aipatu du laguntza pakete horrek hiru adar edukiko dituela: ekoizpen sarea, ondasun higigarriak eta pertsonak. Besteak beste, iragarri du bizikideak ez diren pertsonek ere heriotzagatiko laguntzak jasotzeko eskubidea izango dutela eta hildakoen senideek posible izango dutela horien etxebizitzan izandako kalteengatiko laguntzak jasotzea. Horrez gain, 19 milioi euroko diru sail bat jarriko dute eskola materiala berritzeko, eta abenduaren 31ra arte luzatuko dute salbuespenezko egoera, lan istripuekin parekatzeko asmoz aldi baterako ezintasun pentsioa, ezintasun iraunkorrekoa, eta heriotzagatiko eta biziraupeneko pentsioak. Aldi berean, jarduera uzteagatiko laguntza handitu egingo diete autonomoei.
Ordea, neurriak berandu datozela salatu du oposizioak. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren arabera, «egoerari aurrea hartu ezinik» ibili da gobernua. «Larrialdi nazionala deklaratu behar zuten. Baina, kalkulu politikoak direla medio, ez zuten deklaratu. Horrelako tragedia bat gertatzean, lehendabizi jardun egin behar da, eta gero, eztabaidatu». Carlos Mazon alderdikidearen eta Valentziako Generalitateko presidentearen lana defendatu du Feijook.
Sanchezek, ordea, Mazon egin du errudun, zeharka bada ere. Esan du arduradun batzuek ez dutela «dagokien moduan» jokatu. «Uste dut pieza batzuek huts egin dutela, eta, batez ere, goi-goiko posizioetan dauden pertsona batzuek», esan du. «Orain berriro erratzen diren berberak dira, lokazten eta ardurei izkin egiten dabiltzanak», gaineratu du.
Alderdi abertzaleak, Valentziara begira
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak PPren eta Carlos Mazon buru duen Valentziako Generalitatearen aurka egin du. «Ezkutatzea, gezurra esatea eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea» erabaki dutela adierazi du. «Ezintasun politiko eta instituzionalak arriskuan jartzen du jendea. Akatsak gauza bat dira, eta arduragabekeriak beste bat», esan du Aizpuruak.
Aizpuruak gaineratu du gezurrek ultraeskuinari mesede egiten diotela, eta Valentziako egoera horren adibide dela. «Badakigu zein arriskutsua den hau guztia. PPk eta Voxek mugitzen dituzte sare horren hariak, eztabaida kontrolatzeko eta hautetsontzietan lortu ez zutena lortzeko», argudiatu du Bilduko diputatuak.
Aitor Estebanek, EAJren izenean, salatu du eztabaida politikoa «salaketa polarizatuetan» oinarritzen dela, kaleak erabat garbitu gabe daudenean. «Ikusten ari garenaren arabera, argi dago babes zibileko sistemaren diseinua txarra zela Valentziako Erkidegoan, eta arduradun politikoen kudeaketa oso eskasa izan dela», esan du.