Espainiak, Norvegiak eta Irlandako Errepublikak iragarritakoa bete, eta Palestinako Estatua ofizialki aitortu dute gaur. Urratsa «historikotzat» jo dute hiru herrialdeetako gobernuburuek, eta adierazi dute ez duela Ekialde Hurbilean bakea lortzea beste helbururik. Madrilek, Oslok eta Dublinek joan den astean iragarri zuten elkarrekin, modu koordinatuan, Palestina Estatu gisa errekonozituko zutela, iritzita «aukera bakarra» dela 70 urte baino gehiago luze den gatazka horri irtenbidea emateko. Erabakia politikoa da juridikoa baino gehiago, eta Palestina nazioarteko zuzenbideko subjektu gisa aitortzea dakar. Munduan jada 146 herrialde dira hori aitortzen diotenak.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Madrilen, Moncloa jauregian egin duen agerraldi batean eman du «erabaki historikoaren» berri. Adierazi du ez dela Israelen aurkakoa; «helburu bakarra» Ekialde Hurbilean bakea lortzea dela azpimarratu du: «Ez da justizia historikoaren kontua soilik; bakea lortzeko premia larria da». Espainiako Estatuak, zehazki, 1967an adostu zituzten mugak aitortu ditu, eta Sanchezek adierazi du ez duela onartuko moldaketarik bi aldeek adostutakoak ez badira. «Ez dagokigu guri beste herrialdeen mugak zehaztea, baina erabakia Nazio Batuen Erakundearen ebazpenetan dago oinarrituta, eta bat dator Europako Batasunak historikoki izan duen jarrerarekin».
Horiek horrela, Gaza eta Zisjordania «korridore batekin lotuta» dauzkan eta Jerusalem ekialdea hiriburu duen estatu «bideragarria» izan beharko luke Palestinak, Sanchezen hitzetan, eta Palestinako Aginte Nazionala arduratuko litzateke hura kudeatzeaz. Espainiako presidenteak nabarmendu du Palestinako Estatua aitortzeko erabakia ez dela inoren aurkakoa, eta «are gutxiago Israelen aurkakoa»: «Errespetatzen dugu, eta ahalik eta harreman onena izan nahi dugu harekin». Edonola ere, zehaztu du erabakiak Hamasen aurkako «arbuioa» islatzen duela, bi estaturen erabakiaren aurka dagoelako. Eta gogorarazi du, halaber, Espainiak urriaren 7ko erasoen aurkako gaitzespen irmoa adierazi zuela.
Sanchezek adierazi du Palestinako Estatuaren aitortza gauzatzeko lan egingo duela bihartik aurrera, eta hiru lehentasun izango dituela. Lehena Gazak bizi duen «inoiz ez bezalako krisiari» aurre egitea izango da, eta, ildo horretan, Espainiako presidenteak eskatu du erasoak eteteko eta laguntza humanitarioa sartzen uzteko. Hamasek gatibu dituen israeldarrak askatzea ere galdegin du Sanchezek.
Bigarrenik, esan du Palestinako Aginte Nazionala babestuko duela gobernu berriak hasitako erreforma prozesuan. «Bakerako bazkidea da, eta gure laguntza osoa beharko du». Eta, azkenik, adierazi du «eginahalak» egiten jarraituko duela nazioarteko bake konferentzia bat egiteko, «behin betiko bi estaturen konponbidea gauzatzeko».
«Mugarri bat»
Irlandako Errepublikak ere Palestinako Estatua aitortu du gaur. Gobernu bileraren aurretik, Simon Harris lehen ministroak adierazi du «erabaki historikoa» dela, eta beste herrialde batzuei ere urrats hori egiteko deia egin die. Harrisek iritzi dio Europak «askoz gehiago» egin dezakeela Gazan su etena lortzeko, eta uste du beste herrialdeek ere urratsa eginez gero Ekialde Hurbilean «bakerako eta indarkeria amaitzeko joera bat» sortzen lagunduko duela. Izan ere, Harrisek onartu du Dublinek ez duela Estatu Batuek duten gaitasun bera Israelengan eragiteko, baina Europako Batasunean «fronte komun bat» eratzea galdegin du, nazioartearen presioa handitzeko. Bada, Esloveniak iragarri du ostegunean egingo duela aitortza.
Gobernu bilera egiten ari ziren bitartean, Irlandako Errepublikako Parlamentuan Palestinako bandera zintzilikatu dute. Eta iragarri dute Palestinak Dublinen duen ordezkaritza diplomatikoa enbaxada bilakatuko dutela, eta gauza bera egingo dutela errepublikak Ramallahn (Zisjordania) duen bulegoarekin ere.
Norvegiak ere «mugarritzat» jo du erabakia. Espen Barth Eide Norvegiako Atzerri ministroak nabarmendu du Oslok 30 urte baino gehiago daramatzala Palestinako estatuaren alde lan egiten, eta, bide horretan, azpimarratu du gaurko eguna «gogoangarria» dela Norvegiaren eta Palestinaren arteko harremanei dagokienez. Eidek Israelen jarrera kritikatu du, eta esan du «tamalgarria» dela bakea lortzeko elkarlanerako zantzurik ez erakustea. Horren aurrean, nazioartearen inplikazio handiagoa eskatu du: «Nazioarteak laguntza ekonomiko eta politikoa eman behar dio Palestinari, eta konponbide baten alde lanean jarraitu behar du». Halaber, baikor agertu da Palestinako Aginte Nazionalak abiarazitako gobernu erreformarekin.
Israelen erantzuna
Palestinako Estatua onartzeko erabakiari berehala erantzun dio Israelek. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazpena irakurri eta minutu gutxira, esaterako, Israelgo Atzerri ministroak, Israel Katzek, mezu bat argitaratu du X sare sozialean erabakia kritikatzeko. Sanchezi egotzi dio «herri juduaren genozidioa eta gerra krimenak sustatzearen konplizea» izatea. Horrez gain, oposizioko eskuineko alderdien kritikak ere eragin ditu erabakiak, hala Espainian, nola Norvegian; iritzi diote ez dela garai egokia Palestinako Estatua onartzeko.