Sanchez eta Robles ere zelatatu egin dituztela esan du Madrilek

Espainiako Gobernuak salaketa jarri du Auzitegi Nazionalean; «gobernu kanpotik» zelatatu dituztela adierazi du

Isabel Rodriguez eta Felix Bolaños ministroak, atzo, Moncloan. SERGIO PEREZ / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Edurne Begiristain
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Margarita Robles Defentsa ministroa zelatatu dituztela jakinarazi zuen atzo gobernuak. Espainiako Gobernuko Presidentetza ministro Felix Bolañosek jakinarazi zuen, Moncloan, goizeko lehen orduan hedabideentzat premiaz egindako agerraldian. Azaldu zuenez, Pegasus programaren bidez egin zieten espioitza: 2021eko maiatzean espiatu zuten Sanchezen sakelakoa, eta 2021eko ekainean, Roblesena. Birritan zelatatu zuten Espainiako Gobernuko presidentea, eta behin Defentsa ministroa, eta gobernuak uste du data horretatik aitzina ez zituztela sakelako horiek berriro espiatu. Legez, Pegasus espioitza sistema estatuetako gobernuek soilik eskura dezakete, baina Bolañosek nabarmendu zuen Sanchezen eta Roblesen aurka eginiko zelatatzeak «gobernu kanpotik» eginak direla. «Guztiz legez kanpokoak dira», erantsi zuen.

Bi aste joan dira Pegasus programaren gaineko auziak eztanda egin zuenetik. The Citizen Lab ikerketa zentroak egin eta The New Yorker hedabideak argitaraturiko datuen arabera, 65 independentista espiatu dituzte zelatari digitalaren bitartez. Espioitza kasu horiek nabarmen harrotu ditu hautsak azken asteotan, eta ondorio politiko aski handiak ere eragin ditzake auziak. Espainiako Gobernuak atzo ustekabean egindako iragarpenak areago nahastuko ditu urak.

Bolañosek zehaztu zuen oraindik ez dakiela zelatatzeekin zer-nolako informazioa bildu zuten eta zertarako erabili zuten, baina badakitela telefono instituzionalakzelatatu zituztela, ez pribatuak. Jakinarazi zuenez, 2,6 gigabyteko datuak atera zituzten presidentearen telefonotik, eta bederatzi megakoak Defentsa ministroarengandik. Xehetasun gehiago eman gabe, argi utzi zuen ez direla usteak, «egiaztatutako esku hartzeak» baizik. «Gertaera egiaztatuak eta oso larriak dira, eta estatuko erakundeetatik kanpoko eta legetik kanpoko esparruetan esku hartzeak egon direla baieztatzen dute».

Gobernuak salaketa jarri zuen atzo bertan Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi txosten aurkeztu zituen espioitzak argitze aldera. Zelatatzeei buruzko datu zehatzak daude horietan bildurik; Espainiako Zentro Kriptologikoak onduak dira, ministroaren arabera. Hark azaldu zuen auzia sakontzen segituko dutela orain, argitzeko Espainiako Gobernuko beste kide batzuk ere zelatatuak izan ote diren. «Gobernua irmoa izanen da. Ez dugu onartzen pertsonen oinarrizko eskubideen inolako urraketarik. Behar adina prozedura abiatuko dugu horrelakorik gerta ez dadin».

Podemos, ardura eske

Espainiako Gobernuak egindako iragarpenaren ondotik, zelatatzeak argitzeko eskatu zuen Unidas Podemosek. Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak eta Ione Belarra Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak «erantzukizunak» argitzeko galdegin zuten. Diazek adierazi zuen «ezinbestekoa» dela espioitza kasuari buruzko ikerketa «azkeneraino» iristea eta «modu arin eta eraginkorrean erantzukizunak argitzea». Belarraren ustez, gertatutakoak «arrakala sakona» irekitzen du estatuaren segurtasunean. Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak, berriz, iritzi dio Sanchezen eta Roblesen zelatatzea «estatuaren segurtasunaren aurkako erasoa» dela.

Bestalde, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook ohartarazi zuen «segurtasun nazionala» kolokan dagoela, eta «akatsa» dela sekretu ofizialen batzordean EH Bildu eta ERC egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.