Pere Aragones Kataluniako Gobernuko jarduneko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea hartu du gaur eguerdian, Generalitateko jauregian. Gutxieneko diru sarreraren transferentzia sinatzeko elkartu dira, baina aipatzekoa da ERC Esquerra Republicanaren eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren arteko negoziazioaren azken txanpan iritsi dela bilera. Salvador Illa PSCren hautagaiak ERCren babesa behar du presidente izateko, eta, negoziazio hori bideratzeko, ERCk ezinbestekotzat jo du PSOErekin adostutako hitzarmenak betetzea lehenik. Sanchezek, beraz, bi aldeen arteko konfiantza sendotzeko baliatu du gaurkoa.
Eguerdian elkartu dira. Aragonesekin batera ziren Laura Vilagra Generalitateko presidenteordea eta Carles Campuzano Eskubide Sozialen kontseilaria, eta hirurek egin diete harrera Espainiako presidenteari; Felix Bolaños Espainiako Presidentetza, Justizia eta Gorteen Harremanetarako ministroari; Elma Saiz Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari; eta Carlos Prieto Espainiak Katalunian duen ordezkariari. Horren ondotik, aldibereko bilerak egin dituzte.
Bizitzeko gutxieneko diru sarreren transferentzia egitea aurretik adostua zegoen ERCrekin: Sanchez presidente egiteko akordioan bilduta zegoen. Are, PSOEk betetzeke zituen beste akordio batzuei heldu die azken asteotan: ostiralean Rodalies-en, hau da, Kataluniako aldirietako trenen eskualdatzea sinatu zuten, eta, astelehenean, Sanchezek konpromisoa hartu zuen eskualdatze hori hobetzeko 1.560 milioi euro ordaintzeko, baita ikerketan eta beketan inbertsioak egiteko ere.
Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak El Periódico-ri emandako elkarrizketan esan duenez, Sanchezek bururaino betetzen badu haiekin adostutakoa, ERC prest egonen da «beste konpromiso batzuk» hartzeko: «Betetzeko zeuden akordioak betetzen ari dira gaur, aurrez aurre bilduta. Ezin genuen gehiago fidatu: akordioak bete ezean, ezinezkoa zen beste akordiorik erdiestea, ez PSOErekin, ezta PSCrekin ere». Kataluniak beste finantzaketa sistema bat izateko negoziazioei dagokienez, «aurrera» egin dutela esan du Rovirak, baina sistema atzeraezina izatea galdegin du, modua izan dadin hari eusteko Espainian gobernua aldatuta ere. «Baliabideen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Hori oraindik ez dute ulertu».
Astelehenean, ERCk hordagoa bota zion PSCri, La Vanguardia egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan: «burujabetza fiskalerako akordioa» lortu edo hauteskundeak berriz egin. Alegia, Generalitateak Kataluniako zerga guziak bildu eta kudeatu ditzala nahi dute errepublikanoek, eta ez dute asmorik horri uko egiteko. Orain arte, PSC zerga partzuergo baten alde agertu da. Kataluniako Estatutuan jasota dago formula hori.
Atzerako kontaketa
PSCk 42 eserleku ditu, ERCk 20 eta Comuns Sumarrek, berriz, sei. Hiruren artean 68 eserleku dituzte, eta hain zuzen ere, hori da PSCk gobernua eskuratzeko behar duen boto kopurua. Illa presidente izendatzeko akordioa lortzeko epe muga paratu du ERCk: uztaila bukatu aurretik erdietsi beharko dute. Bestela, hauteskundeak berriz egin beharko dituzte Katalunian. Bi alderdien arteko akordioa lortuta ere, errepublikanoek militanteen onespena beharko lukete. Nació Digital agerkariak jakinarazi duenez, abuztuaren 1aren bueltan galdetu nahi diete militanteei.
Inbestidura saioa beranduenez abuztuaren 26an egin behar dute Kataluniako Parlamentuan. Egun hori pasatuta presidenterik ez badute izendatzen, Aragonesek hauteskundeetara deitu beharko du, urriaren 13rako.