Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundeari 2019ko abuztuan jarritako blokeoarengatik sei urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Italiako Fiskaltzak Matteo Salvini gobernuko presidenteordearentzat. Barne ministro izan zen garaian (2018-2019) hasi zuen Salvinik Mediterraneo itsasoan migranteak erreskatatzen aritzen diren GKEen aurkako gerra. Palermoko Auzitegi batek, ordea, ez du uste Salvinik egindako ekintzetan inolako lege hausterik egon zenik, eta, hortaz, absolbitu egin du. 2020ko otsailetik aurrera hasi ahal izan zuten haren aurkako prozesu judiziala, Italiako Senatuak orduan kendu baitzion immunitatea.
Barne ministro zenean, erreskate lanetan aritzen ziren GKEei debekatu egin zien papergabeak Italian porturatzea, eta, gainera, dekretu bat onartu zuen hori egiten zutenak zigortzeko. Open Arms GKEaren izen bereko ontziak 147 migratzaile erreskatatu zituen Mediterraneoko uretan 2019ko uztail amaieran, baina hogei egunez ezin izan zituen porturatu, Salviniren betoa zela eta. Fiskalek bi krimen egozten zizkioten: pertsonak bahitzea eta betebehar ofizialei uko egitea. Epaileen aburuz, ordea, leporatutako hori izan da frogatu, eta, beraz, atzera bota dute sei urteko kartzela eskakizuna.
2019ko abuztuaren 20an 83 etorkin lehorreratu ahal izan zituzten Lampedusa uhartean; gainontzekoak aurreko egunetan atera zituzten ontzitik, osasun arrazoiengatik. Sizilia uharteko Agrigento hiriko fiskalburu Luigi Patronaggiok egin zuen modua erreskatatuak lehorreratzeko. Open Arms ontzira joan, migratzaileak nola zeuden ikusi, eta ondoren eman zuen agindua. Nolanahi ere, Marzia Sabella fiskalak gaur esan du Open Arms ontziak erreskatatutako migranteek ez zutela Italian lur hartzeko eskubiderik gaixorik edo osasunez larri zeudelako, bazik eta «pertsona askeak» zirelako.
Absolbitu dutela jakin duenean pozez agertu da Salvini, eta, goizean egin dituen adierazpenetan legez, esan du «harro» dagoela garai hartan hartutako erabakiez. «Mugak eta aberria kontrabandistengandik eta GKEengandik defendatzea ez da delitua, eskubidea baizik», gaineratu du gobernuko presidenteordeak. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak «defentsa» horren ideia azpimarratu du Salvini zoriontzeko X sare sozialean argitaratu duen mezuan: «Jarrai dezagun elkarrekin, tinkotasunez eta erabakitasunez, legez kanpoko immigrazioaren eta pertsonen salerosketaren aurka borrokatzen».
Salviniren abokatu Giulia Bongiornok bezeroaren erabakiak justifikatu ditu, argudiatuta Open Arms-ek «bere kabuz» erabaki zuela erreskatatuak Italiako lurretara ez eramatea, eta bazituela beste aukera batzuk, hala nola Espainiara eramatea. Are gehiago, Salvini absolbitu dutela jakin eta minutu gutxira Bongiornok adierazpenak egin ditu. Abokatuaren hitzetan, gaur emandako epaia beste urrats bat da immigrazioa etekin ekonomikoak lortzeko erabiltzen duten pertsonen aurka egiteko: «Ez da migranteen aurka hartutako erabaki bat, baizik eta migranteak esplotatzen dituztenen aurkakoa». Bide beretik jo du Salvinik. Gobernuko presidenteordeak Open Arms GKEri egotzi dio immigranteekin «negozioa egitea», eta horiek «Espainiara esku hutsik itzuliko direla» ospatu du.
Open Armsek, berriz, X-n argitaratu duen mezuan jakinarazi duenez, epaileek hartutako erabakiaren argudioak jaso ostean erabakiko du helegitea aurkeztuko ote duen. Eta Italiako Fiskaltzari gauza bera egiteko eskatu dio. Tristura agertu du epaia dela eta, eta gaineratu du «askatasunik gabe utzi zituzten» immigranteengatik dela. GKEak esana zuen, dena dela, Salvini espetxeratzeak ez lukeela arazoa konponduko: «Epaia edozein dela ere, guretzat garaipen posible bakarra immigrazio legeak aldatzea da, 2019an gertatu zena inoiz errepikatuko ez dela bermatzeko»
Gaur ebatzi duten auzia, halere, ez da Salvinik migrazioaren kudeaketari lotuta izan duen bakarra, ezta absolbitu duten aurrenekoa ere. Open Arms-en auziagatik ez ezik, Gregoretti auziagatik egon da auzipetua Barne ministro ohia. 130 migratzaile inguru zeramatzan erreskate itsasontzi bat Italian porturatzea blokeatu zuen Salvinik. Gaur ebatzi duten auzian legez, 2020an hasi zen; Gregoretti auziak, ordea, bide laburragoa egin zuen. Izan ere, 2021eko maiatzean Sizilia uharteko Cataniako auzitegi batek atzera bota zuen fiskalen eskaera.
Krisi diplomatikoa
Gertatu zenak krisi diplomatiko bat piztu zuen Italiako eta Espainiako gobernuen artean, Salvinik adierazi baitzuen migratzaile horiek Espainian porturatu beharko lituzketela, Open Arms-ek Espainiako bandera baitzuen. Italiako Gobernuan ere piztu zen krisia. Orduko lehen ministro Giuseppe Contek Salviniri egotzi zion papergabeekin «obsesionatuta» egotea. Abuztuaren 9an, Salvinik hautsitzat jo zuen Legaren eta M5S 5 Izar Mugimenduaren arteko gobernu koalizioa. Aste batzuk geroago hautsi zen, azkenean.