Salvinik Italiako lehen ministro izan nahi du

Lega eskuin muturreko alderdiak Conte lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu du. Talde parlamentarioen ordezkariak astelehenean elkartzekoak dira, bilkuraren data erabakitzeko

Matteo Salvini Italiako lehen ministrordea jarraitzale batekin selfie bat ateratzen, Termolin, atzo. NICO LANESE / EFE.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Matteo Salvini Lega eskuin muturreko alderdiko buruak Giuseppe Conte lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuen atzo. Bestalde, nabarmendu zuen lehen ministro izateko prest dagoela, eta herriari zuzendu zitzaion: «Emaguzue herrialde honen arduradunak izateko boterea», eskatu zien Italiako Pescara hirian egin zuen mitinean zeuden herritarrei. Salviniren arabera, «onartezina izango litzateke bere nahien aurka egitea eta gobernuan egongo litzatekeen beste koalizio bat sortzea».

Koalizioan egon da iazko maiatzetik, M5S Bost Izar Mugimenduarekin, nahiz eta bi indarren arteko harremanak ez diren onak izan. Luigi Di Maio «kastaren kontrako» alderdiko buruak atzo eskatu zion Salviniri alde batera uzteko hauteskunde berriak deitzeko grina, eta azaldu zuen horretarako aurre egin beharko ziola Silvio Berlusconi Forza Italiako liderraren eta haren eskuin muturreko kideen presioari. «Joka ezazu ausardiaz, benetan aldatzeko kemena baduzu», ohartarazi zion bere gobernukideari.

Italian ezegonkortasuna da nagusi; berriz piztu da gobernu krisia. Demokrazia aldia hasi zenetik, orain dela zazpi hamarkadatik, 75 gobernu izan ditu herrialdeak. Hori dela eta, lehen ministrordeak, Barne ministroak, udako etena bertan behera uzteko eta lanera itzultzeko eskatu zien senatari eta diputatuei, Contek gobernuan izan duen porrota egiaztatu eta Sergio Mattarella presidenteak hauteskundeak dei ditzan. «Pasatzen den egun bakoitza galdutako egun bat gehiago da. Itzul diezaiegun hitza hautesleei», adierazi zuen Legaren buruak.

«Ezezko gehiegi jaso ditugu azkenaldian, eta kalte egiten diote Italiari. Herrialdeak hazi egin behar du. Hauteskundeak behar ditugu. Denbora galtzen dabilenak kalte egiten dio Italiari, eta haren aulkia mantentzea baino ez du nahi», azaldu zuen Salviniren alderdiak, zentsura mozioa aurkezteko prestatu zuen oharrean.

Conteren ustez, ordea, Salvini da Italiako Gobernuaren beherakadaren «arduradun nagusia». Lehen ministroak atzo ziurtatu zuen Parlamentura joango dela, horren babesa ote duen egiaztatzeko. «Ez dut onartuko gobernuak ezezko jarrera duela esatea», esan zuen Contek, Salvinikegin zituen adierazpenen harira. Izan ere, Legako buruak herenegun salatu zuen gobernuak ez zuela «ezer» egiten. Di Maiorenkontrako hitz gogorrak ahoratu zituen berriz ere: «Ipurdia altxa dezatela eta etor daitezela Parlamentura».

Koalizioa hautsita, bi aukera zituen lehen ministroak: lehenengoa, Mattarellari dimisioa aurkeztea, eta, bigarrena, Parlamentura jotzea, horren babesa ote duen egiaztatzeko. Bigarrenaren alde egin du Contek. Horregatik, talde parlamentarioen bozeramaileak hurrengo astelehenean elkartzekoak dira zentsura mozioaren data erabakitzeko. Italiako zenbait hedabideren arabera, abuztuaren 20an izango da bilkura, baina oraindik ez dute baieztatu.

Bilkura horretan bi aukera posible egongo dira: Contek Parlamentuaren babesa lortzea eta gehiengo berri bat osatzea, edo Parlamentuaren babes nahikoa ez lortzea eta dimisioa aurkeztu behar izatea. Posibleena bigarren aukera hori da.

Zenbait aukera

Contek dimisioa aurkeztu beharko balu, Mattarellak hiru aukera izango lituzke: lehenengoa, behin-behineko gobernu bat osatzea. Bigarrena, beste gobernu bat izendatzea Parlamentuan gehiengoa lortzeko formularen bat bilatuz, baina ia ezinezkoa izango litzateke, Lega eta M5S aukera horren kontra agertu baitira. Hirugarrena eta litekeena, hauteskundeak deitzea izango litzateke.

Salviniri hauteskundeak lehenbailehen deitzea interesatzen zaio. Izan ere, azken inkestek diotenez, Legak botoen %36 lortuko lituzke, eta italiarren %17k egingo lukete M5Sren alde. Salviniren alderdia Italiako Anaiak (%7,5) eta Forza Italia (%7,1) alderdi kontserbadoreekin elkartuko balitz, botoen %50,6 lortuko lituzke; hau da, gehiengo absolutua. Parlamentua deseginda, hauteskundeak 45 eta 70 eguneko epean egingo lirateke, urri erdialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.