Eskuin muturreko Lega alderdiko buru eta Italiako Barne ministro izandako Matteo Salvinik ohikoa duen moduan erantzun zien atzo kazetarien galderei: «Ez naiz damutzen egindakoaz; nire seme-alaben eta italiarren denbora alferrik galtzen ari garelako bakarrik damutzen naiz». Adierazpenok bere aurkako epaiketa hasi zen egunean egin zituen eskuineko buruzagiak. 2019an Open Arms erreskate ontzia hiru astez portu seguru baten zain eduki izanaz eta bitarte horretan 147 migratzaile bahituta edukitzeaz akusatu dute Barne ministro izandakoa.
Siziliako hiriburuan egingo dute epaiketa, Palermon. Lehen saioan lekukoak zehaztu dituzte bi aldeek, eta horietako bi izango dira Giuseppe Conte lehen ministro izandakoa eta Richard Gere AEBetako aktorea eta giza eskubideen aldeko ekintzailea —ontzian izan zen Gere 2019ko abuztuaren 9an, han zeudenei janaria ematen eta elkartasuna helarazten—. Salvinik ez zuen aukera galdu epaiketa zirku ikuskizun batekin alderatzeko: «Pentsa ezazue zer-nolako prozesua izango den hau Richard Gerek etorri behar badu zein gaiztoa naizen esatera». Hamabost urteko kartzela zigorra jaso lezake Salvinik errudun jotzen badute.
Hiru asteko infernua
Duela bi urteko abuztuan lehertu zen krisia. Proactiva elkartearen Open Arms ontziak porturatzeko baimena eskatu zion Italiari. Itsasoan erreskatatutako 147 migratzaile zeramatzan. 19 egunez egon zen porturatzeko baimenaren zain. Bitarte horretan, lehen eskaria egin eta bi astera, Espainiak portu bat eskaini zion, baina ontziko arduradunek ukatu egin zuten, bidaia luzeegia izango zela argudiatuta. Migratzaileen ia erdiak taldeka porturatuz joan ziren, egoera fisiko larrian zeudelako. Abuztuaren 20an bukatu zen gatazka, fiskaltzak portura joateko baimena eman zienean.
Salvinik eutsi egin zion ordu hartan hartutako erabakiari, esanez itsasontziak izan zuela aukerarik beste portu batera joateko, eta argudiatuz ontziak Espainiako bandera bazeraman hari zegokiola migratzaileak jasotzea. Eskuin muturreko buruzagiak ezkerrari egotzi dio epaiketa bultzatu izana epaitegitik bertatik zabaldutako mezu batean: «Hau da Palermoko espetxeko auzitegia. Hasi da ezkerrak eta legez kanpoko migrazioaren aldekoek nahi zuten auzia: zenbat kostako zaie Italiako herritarrei?».
Luze joko duen epaiketa honetako lehen auzi saioan, akusazioak baimena eskatu du Barne ministro ohia galdekatzeko, eta Conte lehen ministro ohiaren lekukotza ere eskatu dute. Hain zuzen ere, Salviniren argudioetako bat da Open Arms ontzia ez porturatzeko erabakia ez zela soilik berea izan, eta horretan gobernuaren babesa izan zuela, baita garai hartan exekutiboko buru zen Conterena ere.
Proactiva elkartearen sortzaile Oscar Campsek berak ere lekuko gisa deklaratuko du abenduaren 17an jarraituko duen epaiketan. Campsek ukatu egin zuen atzo Salviniren aurkako auzi politikoa dela: «Jendea erreskatatzea derrigorrezko eginkizun bat da, baina ez soilik ontziko kapitainarena, estatu osoarena baizik».
Abuztuaren 1ean eskatu zuen Open Arms-ek portu seguru batean porturatzeko baimena; ordurako hiru erreskate eginak zituen, eta Lampedusa uhartetik gertu zegoen, baina migratzaileak porturatzeko baimena ukatu zioten. Abuztu erdirako egoera horren zen kritikoa, itsasontzian zeuden hainbat migratzailek itsasora jauzi egitea erabaki baitzuten, gero igerian lurrera heltzeko asmoz. Azkenean, fiskaltzak bere gain hartu zuen auzia, eta, itsasontzia gainbegiratu ostean, porturatzeko baimena eman zion. Salvinik hasieratik defendatu zuen erabakia «Italia babesteko eta gobernuaren interesak bermatzeko» hartu zuela.
Open Arms ontziarena ez da Barne ministro ohiaren aurka zabaldutako auzi bakarra. Duela bi urteko udan, Italiako kostazainen Gregoretti ontziari ere porturatzeko baimena ukatu zion eskuin muturreko buruzagiak. Aldi hartan, ontziak 116 migratzaile zeramatzan, eta bost egun egin behar izan zituen itsas zabalean zain. Kasuaz arduratzen den fiskaltzak Salvini ez epaitzearen alde egin zuen joan den apirilean, argudiatuta hura gobernuaren politikei jarraitzen ari zela erabakia hartu zuenean.
Salvini, akusatuen aulkian
2019an 'Open Arms' erreskate ontzia blokeatu eta 147 migratzaile bahitzeagatik epaitzen hasi dira Italiako Barne ministro izandakoa. Lekukoen artean izango da Giuseppe Conte lehen ministro ohia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu