Salvador Illaren inbestidura ostegunean egiteko eskatu du Kataluniako Parlamentuko presidenteak

Carles Puigdemontek esana du inbestiduran agertuko dela, eta Juntsek eskatu du saioa bertan behera uzteko atxilotzen badute.

Salvador Illa PSCko presidentegaia eta Josep Rull Kataluniako Parlamentuko lehendakaria, gaur goizean egin duten bileran. QUIQUE GARCIA / EFE
Salvador Illa PSCko presidentegaia eta Josep Rull Kataluniako Parlamentuko lehendakaria, gaur goizean egin duten bileran. QUIQUE GARCIA / EFE
Iker Tubia.
2024ko abuztuaren 6a
17:56
Entzun

Salvador Illa PSC Kataluniako alderdi sozialistako presidentegaia inbestidurarako hautagai izendatu du Josep Rull Kataluniako Parlamentuko lehendakariak gaur arratsaldean, eta inbestidura saioa etzi egiteko eskatu du, 10:00etan. Bihar goizean bilduko da diputazio iraunkorra, abuztuko lehenbiziko hamabostaldian parlamentua zuzentzeko ardura duen atala, eta litekeena da Rullen eskaria aintzat hartzea, PSC, ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta Comuns Sumarrek gehiengoa baitute han. Hiru alderdi horiek Illaren aldeko botoa emanen dutela iragarri dute.

Lehenbiziko bilera sortan, ekainaren 18an eta 19an, ez zen hautagairik aurkeztu inbestidurarako, baina Juntsek eta PSCk gehiengo bat adosteko denbora gehiago eskatu zioten parlamentuko presidenteari. Denbora tarte horretan PSCk akordioa erdietsi zuen ERC eta Comuns Sumar alderdiekin, eta Illak atzo ziurtatu zuen presidente izendatzeko gehiengoa, ERCko gazteek erabaki baitzuten baiezko «kritikoa» emanen diotela.

Kataluniako Gobernua osatzeko, 68 parlamentariren babesa behar du Illak, eta, hain zuzen, parlamentari kopuru hori dute PSC, ERC eta Comuns Sumar alderdiek. Beraz, etzi inbestidura saioa normaltasunez eginen balitz, pentsatzekoa da Illa presidente izendatuko dutela hiru alderdi horien babesari esker.

Nolanahi ere, ziurgabetasuna handia da Katalunian, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta parlamentariak esana baitu inbestidura saiorako itzuliko dela. Erbestean dago 2017ko urriaz geroztik, eta, Katalunian sartzen bada, atxilotzeko arriskua handia da. Juntsek gaur eskatuko du inbestidura saioa bertan behera uzteko Puigdemont atxilotuko balute. «Atxilotzen badute eta ezin badu osoko bilkuran parte hartu, bertan behera uzteko eskatuko dugu, saioa ezin baita normaltasunez egin diputatu bat gutxiagorekin», esan du Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak gaur TV3 Kataluniako telebista publikoan egindako elkarrizketan.

Ikusteko dago zein izanen den ERCren erantzuna Puigdemont atxilotuko balute. Marta Vilalta alderdiko bozeramaileak TV3 kateari emandako elkarrizketan esan du pentsatu beharko dutela zer egin halakorik gertatuz gero. «Indarra hartzen ari den aukera bat da osoko bilkura bertan behera uztea edo atzeratzea, eta saioarekin ahalik eta azkarren jarraitzeko deialdia egitea, ezin baikara Auzitegi Gorenak esaten duenaren esperoan gelditu». Izan ere, inbestidura saioa abuztuaren 26a baino lehen egin behar da; bestela, hauteskundeak errepikatu beharko dituzte. Vilaltak argitu duenez, bada aldatuko ez den afera bat: Puigdemont atxilotzen badute ere, errepublikanoek Illaren inbestidura babestuko dute.

Independentisten arteko ika-mika

Ez da berria ERC eta Junts alderdien arteko giro txarra, baina ika-mika larritu egin da azken egunotan. ERCren militantziak Illaren inbestiduraren alde egin ondotik, erabaki horren kontra agertu zen Puigdemont X sare sozialean zabaldutako eskutitz batean. «ERCren militantziaren erabakiak bide ematen du ni atxilotzeko aukera benetakoa izateko hemendik egun gutxira», esan zuen.

Hitz horiei erantzun die Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak La Vanguardia egunkarian gaur argitaratu den elkarrizketa batean: «Iraingarria da. Gure akordioek ez dute ekarriko Puigdemont atxilotzea. Euren erabakien eta ekintzen ardura euren gain hartu behar dute». Elkarrizketan esan du gehiengo independentista bat nahiko lukeela, baina ez dela hori egoera. «Juntsek proposatu ziguna entzun genuen berriro: gobernu independentista bat, PSCren abstentzioak ahalbidetuta. Esan genien hori ez zela sinesgarria». Hori dela eta, Juntsi hitz horiek zuzentzeko eta barkamena eskatzeko eskatu diote errepublikanoek.

Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteak ere hitz egin du Puigdemonten balizko atxiloketari buruz. Gaur prentsaren aurrean esan duenez, «beti» defendatu dute erbesteratu guziek Kataluniara «ziurtasun osoz» itzultzeko aukera izan behar dutela. «Badakigu Gorenaren jarrera zein den, eta espero dut amnistia betetzea, baina ardura guzia Gorenarena da», esan du.

Aragonesen agurra

Seguruenik gaurkoa izan da Aragonesek Kataluniako Generalitateko presidente gisa egin duen azkenengo prentsaurrekoa, eta bere agintaldiari buruzko balantzea egiteko aprobetxatu du. Haren aburuz, urte hauetan «inoiz baino gehiago» sakondu dute gatazka politikoari heltzeko «negoziazioan» eta «elkarrizketan». Bide horretan, hiru neurri goraipatu ditu: indultuak, sedizio delitua bertan behera uztea eta Amnistiaren Legea. «Independentzia tresna kutxa baten moduan ikusi dut beti, zeinak jendearen bizitza hobetzeko balio duen. Generalitateko presidentetza bukatuko dut kutxan tresna gehiago utzita, nahiz eta ez ditugun independentziarako tresna guziak».

Horretaz gainera, Espainiako Gobernuarekin izan duen hartu-emana goraipatu du. Aragonesen arabera, horri esker aurrerapauso «ukigarriak» eta «zehatzak» lortu dira katalan hizkuntzaren alorrean, Rodalies Kataluniako aldirietako tren zerbitzuaren eta bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzian, eta ikerketa zientifikoa bultzatzeko inbertsioetan. Gainera, Kataluniaren finantzaketari buruz PSCrekin egin duten ituna goraipatu du: «Kataluniaren subiranotasunean eman den saltorik handiena izanen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.