Salmondek Eskoziako Alderdi Nazionala utzi du

45 urte zeramatzan alderdian, horietatik hogei alderdiaren buru eta Eskoziako lehen ministroa izan zen 2007tik 2014ra. 78.000 euro lortu ditu sexu erasoen gaineko defentsa finantzatzeko.

Alex Salmond Euskal Herrira egindako bisitan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2018ko abuztuaren 30a
07:50
Entzun

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak atzo gauean utzi zion SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko militante izateari, dimisioa aurkeztu ostean. Alderdiak salaketa jarri zion abuztuaren 24an, duela bost urte, oraindik lehen ministro zela, haren etxeko bi langileri sexu erasoak egitea egotzita. Salmondek behin eta berriz ukatu du erasoak egin izana, eta kereila jarri du Eskoziako Gobernuaren aurka. "Alderdian zatiketak" ekiditeko hartu du erabakia.

Lehen ministro ohiak uste du independentziaren kanpainan jarri behar duela arreta alderdiak, eta gaineratu du dimititu ezean, "oposizioak Parlamentuan alderdiari eraso egiteko aitzakia merketzat" erabiliko duela auzia.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak jarri zuen salaketa, alderdiak "barne ikerketa zorrotz bat" egin ostean. Urtarrilean hasi zuen barne ikerketa alderdiak, sexu eraso salaketak aztertzeko, eta martxoan eman zioten ikerketaren berri lehen ministro ohiari.

Bi pertsonek eman zioten sexu abusuen berri alderdiari iragan urtarrilean, eta ordutik frogak biltzen aritu dira. Alderdiko kide batzuek Salmond defendatu dute azken egunetan, baina beste batzuek epaiaren zain geratzea erabaki dute. Azkenean, atzo gauean agurtu zuen alderdia Salmondek, eta orain defentsan jarri du arreta. Mikrofinantzabide kanpaina martxan jarri zuen dimisioaren berri eman eta berehala, eta hamar orduan 78.000 euro (70.000 libra) lortu ditu —55.808 libra eskatu zituen—. Defentsa ordaintzeko erabiliko du dirua, eta soberan duena "Eskoziaren ongizatea bermatzeko ekimenei" emango die.

Lehen ministro ohiak jakinarazi du auzia amaitzean berriz ere alderdian militatzeko baimena eskatuko duela.

45 urte SNPn

Eskoziako erreferendumaren biharamunean utzi zuen lehen ministro kargua politikari independentistak, herriaren gehiengoak independentziari ezezkoa eman ostean. Sturgeonek ordezkatu zuen nola gobernuan hala Eskoziako Alderdi Nazionalistaren buruzagitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.