Salmondek bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi dio SNPri

Eskoziako Parlamentuak argitara atera du lehen ministro ohiak emandako alegatu sorta

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, iragan martxoan, Auzitegi Nagusiak absolbitu ostean. ROBERT PERRY / EFE.
ander perez zala
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat aste iraun duen borroka judizialaren ostean, Eskoziako Parlamentuak argitara atera du Alex Salmond lehen ministro ohiak ikerketa batzordeari aurkeztu dizkion alegatuen dokumentu sorta, Nicola Sturgeon egungo kargudunak sexu jazarpenen ikerketan ustez esandako gezurren auzian. Orain arte bezala, Salmond horietan ere gogor mintzatu da Sturgeonen eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren aurka, bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi baitie; batez ere Sturgeonen gertukoei, «asmo txarrez eta era koordinatuan» aritu direlakoan.

Dokumentu sorta argitara ematea zen Eskoziako lehen ministro ohiaren baldintza bihar parlamentuaren ikerketa batzordean deklaratzeko, eta atzoko eguerdi aldera bideak egina zirudien, fiskaltza agertu zen arte. Dokumentuetako batean, Salmondek dio Sturgeonek gezurra esan ziola batzordeari, eta, hortaz, Ministroen Kodea hautsi zuela; fiskaltzak uste du epaitegien agindu bat urratu dutela testu hori argitaratuta, eta parlamentuari bere webgunetik kentzeko eskatu zion, horren harira. Gerora berriz jarri zuten, baina moldatuta; horren ondorioz, zalantza sortu zuen Salmondek gaur agerraldia egingo ote zuen, eta azkenean ezezkoa eman du.

Gobernuburu izandakoaren iritziz, dokumentu sorta hori argitara ateratzea da gertaturikoaren bere bertsioa herritarrei helarazteko modua; berez, ikerketa batzordeko diputatuek agiriak argitara ematearen aurka bozkatu zuten bitan, baina parlamentuko administrazioaz arduratzen den taldeak adierazi zuen hori egin zitekeela, eta, borroka judizial baten ostean, hala gertatu da.

Ikerketa batzordearen lana da ebaztea nola kudeatu zituen gobernuak lehen ministro ohiaren aurkako sexu-jazarpen salaketak. Iragan urtearen hasieran, Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Salmond errugabea zela, eta, bien bitartean, hark auzitara eraman zuen gobernua, kudeaketa hori legez kanpokoa izan zela iritzita. Epaileak arrazoia eman zion, Edinburgo hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—.

Ebazpen horrek eragin du ekaitz politikoa: parlamentuak barne ikerketaren lana ikertzeko batzorde bat eratu zuen, eta hor deklaratu zuen Sturgeonek, erantzunak idatziz bidalita. Bada, gobernuburu ohiaren iritziz, egungo kargudunak «hainbatetan engainatu» zituen batzordea osatzen duten diputatuak, informazio faltsua emanez.

Hala, lehen ministroak esandakoetan eta ez esandakoetan dago jarria arreta; Ministroen Kodearen arabera, gezurra esatea kodea ez errespetatzea da, eta, hortaz, Sturgeonek dimisioa eman beharko luke hori egin duela frogatuko balute. Haren senar eta SNPko zuzendaritzako kide Peter Murrel ere ikerketapean dago, besteak beste, Salmonden aurkako karguak aurkeztu zituztenean mezu hau bidali zuelako: «[Salmondek] Borrokatzeko zenbat eta fronte gehiago izan, orduan eta hobe».

Hain justu, gobernuburu ohiak Murreli eta Sturgeonen taldeko beste hiru gertukori egotzi die haren aurka aritzea, eta hura «kartzelatzeko konspirazio baten parte» izatea: «Badira gehiago, baina, arrazoi juridikoengatik, ezin ditut izendatu», dio ikerketa batzordeari emandako dokumentu sortan.

Horretan ere berretsi du bere abokatuek hilabeteotan esandakoa: gobernuak eta fiskaltzak ez dizkiotela eman batzordeari bere barne ikerketari buruzko dokumentu guztiak.

Aliantza baten haustura

Garai batean, SNPko buruzagi eta buruzagiorde gisara, bi protagonistak mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo bati eta gertuko harreman bati esker. Horren harira hartu zuten Sturgeon Salmonden ordezko naturaltzat, eta hala eskuratu zuen hark independentismoaren gidaritza. Urte horietan sortutakoa, ordea, erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako salaketek sortu duten egoeraren ondorioz.

Lehen ministro izandakoaren bertsioa plazaratu ostean, Sturgeonek BBCri adierazi zion dena gezurra dela, eta akusazioak frogarik gabekoak direla: «Iradokitzen ari da bere kontrako kanpaina koordinatu bat dagoela, baina horren ebidentziarik gabe. Orain aukera du hilabeteotan entzun duguna frogekin ordezkatzeko». Salmondek gaur deklaratzen badu, lehen ministroaren txanda izango da datorren astean.

Inkesten arabera, gobernua eta SNP aspaldidaniko egoerarik hoberenean daude, inoizko onenean ez esatearren, nahiz eta pandemia betean gobernatzen ari diren; are, alderdiak maiatzeko bozetan gehiengo osoa eskuratuko luke.

Gobernuburuaren sendotasuna, ordea, dirudien baino ahulagoa da, alderdiko sektore bat zalantzan jartzen ari baita independentziarako haren estrategia. Baina, oraingoz, arriskua ez dator hortik, sexu erasoengatiko salaketen harira hasitako gatazkatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.