Gaurko bigarren eztabaidan lau puntu nagusi argitu beharko dituzte Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak eta Alistair Darling Better Together plataformako buruak: Eskoziak independentzia lortu ostean erabiliko lukeen txanponari buruzko zalantzak; Ipar Itsasoan dagoen petrolio eta gas putzuak nork kudeatuko dituen; mugen kontrolari eta immigrazioari buruzko zalantzak; eta Europako Batasunean estatu independente batek izango lukeen etorkizuna.
Txanponari dagokionez, Erresuma Batuko kontserbadore eta liberalak bat datoz esatean Eskozia independente batek aurrerantzean ezingo lukeela libera erabili. Ordea, Salmondek dio hitz egin beharreko gaia dela, baina Londresek ezezkoari eutsiko balio Eskoziak uko egingo liokeela Erresuma Batuaren zorra ordaintzen laguntzeari.
Ipar Itsasoko gas eta petrolio putzuen kudeaketa eta handik ateratako irabaziak dira tirabira eragiten duten beste puntua. Salmonden arabera, Eskoziak independentzia lortuz gero, handik lortutako irabazien hamarrenak bereganatu beharko lituzke —baiezkoaren aldeko kanpaina zuzentzen dutenek urtean 1.000 milioi libera inguru kalkulatzen dituzte—. David Cameron lehen ministro britainiarrak, ordea, kudeaketak Londresen esku jarraitzea nahi du.
Europan bezala, Eskozian ere mugen gaineko kontrola garrantzitsu bilakatu da urte hauetan. Salmonden asmoa litzateke Erresuma Batuko beste herrialdeekin batera "mugitzeko eremu bateratu bat" osatzea, non ez legokeen kontrol posturik. Londres, baina, ez dator bat.
Europako Batasunean izango lukeen tokiaz ere ez datoz bat bi aldeak. Darlingek dio Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela Eskozia independentzia aldarrikatzearekin batera. Salmonden arabera, ordea, Bruselarekiko baldintzak negoziatuko lituzke, baina estatu kide gisa.
Horiek hala, BBC kateak zuzenean emango du eztabaida, 19:00etan hasita —21:00etan, Euskal Herrian—. Abuztuaren hasieran egin zuten lehen aurrez aurrekoa, eta ekonomia gaiak izan ziren orduan nagusi.