Salmond epaitzen hasi dira, hamalau sexu erasoren akusazioagatik

Eskoziako lehen ministro ohiak errugabea dela adierazi du orain arte. Epaileak «inpartziala» izateko beharraz ohartarazi dio epaimahaiari

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, Eskoziako Auzitegi Gorenera iristen, gaur, Edinburgon.. ROBERT PERRY / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Eskoziako Auzitegi Gorenak Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiaren kontrako epaiketa hasi zuen atzo. Hamar emakumeren kontrako hamalau sexu eraso egitea egozten diote. Auziak ikusmin mediatiko handia piztu du. Horren erakusle Salmond goizean auzitegira iritsi zenerako atarian zain zeuden kazetari, argazkilari eta kamera andana. Lehen ministro ohiak akusazio guztiak ukatu ditu, errugabea dela ziurtatu du aldiro eta bere burua «amaierara arte» defendatuko duela adierazi izan du.

Leporatzen zaizkion erasoak 2008ko ekain eta 2014ko azaro artean gertatu ziren, Salmond Eskoziako lehen ministro zen garaian. Besteak beste, emakume bat bortxatzen ahalegintzea leporatu dio akusazioak. Haren arabera, Salmond 2014ko ekainean saiatu zen emakume bat sexu harremanak izatera behartzen, Bute House Eskoziako lehen ministroaren egoitza ofizialean. Akusazioaren idatziak jasotzen du Salmondek bidea itxi ziola emakumeari, paretaren kontra geldiarazi zuela, biluzi egin zuela eta hura ohe batean bortxatzen saiatu zela.

2013ko abenduan, Bute House egoitzan bertan, beste emakume bat bortxatzeko ahalegina egitea egotzi diote. Akusazioaren arabera, emakumea ohean etzatera behartu eta soinekoa altxatu zion.

Horrez gain, hainbat emakumeri ukituak egiteagatik ere epaituko dute. Zenbait kasutan, emakume berari hainbat egunez jazartzea leporatu dio akusazioak.

Gobernuaren ikerketa

Salmond 2019ko urtarrilean auzipetu zuten. Poliziak atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuen orduan. Urtebete lehenago, bi pertsonak Eskoziako Gobernuari adierazi zioten Salmondek bi emakumeri jazarri zizkiola Bute Housen. Gobernuak martxoan jakinarazi zion lehen ministro ohiari kasua ikertzen ari zirela, eta auzia 2018ko abenduan atera zen argitara, Eskoziako Gobernuak Salmonden kontra salaketa jarri ostean. Nicola Sturgeon egungo lehen ministroa arduratu zen horretaz, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko beste politikari batekin batera. Salmond ere alderdi berekoa zen, eta salaketak zatiketa eragin zuen Eskoziako alderdi independentistan.

Ahozko epaiketaren lehen saioa izan zuen atzo Salmondek, Edinburgon. Prozesuak lau aste inguru irautea espero da. Leeona Dorrian magistratuak gidatuko du epaiketa, eta hamabost kidek osatutako epaimahai batek ebatziko du Salmond errudun ala errugabe den.

Dorrian epaimahaia osatuko duten bederatzi emakumeei eta sei gizonei mintzatu zitzaien atzo. Nabarmendu zien «inpartzialak» izateko betebeharra dutela. Epaileak esan zuen auzipetua «oso ezaguna» den herritar bat dela, eta soilik epaiketan azaleratuko diren ebidentzien arabera ebatzi behar dutela leporatzen zaizkion delituen erantzule den ala ez. «Ez duzue onartu behar sinpatiak edo aurreiritziek zuen usteari eragitea».

Salmondek 65 urte ditu, eta bi aldiz hautatu zuten Eskoziako lehen ministro. 2007ko maiatzetik 2014ko azarora. Haren agintepean egin zuen Eskoziak 2014ko independentzia erreferenduma. Independentismoak erreferenduma galdu eta bi hilabetera, kargua utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.