Salbuespenak salbuespen, normal irten dira Europako hegaldi guztiak

Finlandian, Suedian eta Norvegian hainbat hegaldi bertan behera utzi dituzte Islandiako sumendiaren eraginez

2010eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Astebeteko kaosak sortutako etsipen giroa itxaropen zantzu bilakatu zen atzo Europako aireportuetan. Kasu hutsal batzuk salbu, Europako hegaldi guztiak irten ziren, Eurocontrol hegaldien segurtasunaz arduratzen den agentziaren arabera. Salbuespenak, hain zuzen, Islandiako Eyjafjalla sumendiak eragindako errauts lainoak kalte gehien sortu duen herrialdeetan izan ziren, Europako iparraldean; eguneko lehen orduetan murrizketak izan ziren Finlandia, Suedia eta Norvegiako aireportuetan. Suedian, esaterako, zortzi aireportu itxita eduki zituzten, eta Norvegian, beste sei. Finlandian, berriz, hegoaldeko aireportuek ezin izan zuten hegazkinik aireratu, nahiz eta orduek aurrera egin ahala murrizketak eteten joan ziren. Bilboko Loiu aireportuan ere hiru hegaldi geratu ziren bertan behera; haatik, atzo hartu zuen bere bidea Getxotik (Bizkaia) Southamptongo portura (Erresuma Batua) Celebryti eclipse gurtzeruak, 2.000 bidaiari britainiar ontziratuta zeramatzala.

Europako aireportuetan egoera hobetu izana erabat loturik dago sumendiaren bilakaerarekin; Islandiako Herritarren Babeserako Agentziaren arabera, Eyjafjalla fase berri batean sartu da, eta ez du dagoeneko joan den astean bezain besteko errautsik jaurtitzen atmosferara. Erupzioaren indarra %20ra jaitsi dela jakinarazi dute zabaldu duten azken txostenean, baita botatzen dituen hausterreak inguruko eskualdeetan gelditzen direla ere. Dena den, ezin liteke esan bere jarduera erabat eten duenik, erupzioak eragiten dituen dardarizoak duela astebete baino indartsuagoak direla ohartarazi baitute sumendietan adituek.

Kalte-ordainen eske

Normaltasun izpiak ikusten hasi diren arren, anabasa zantzuak ez dira egun edo aste batzuen burura arte desagertuko. Izan ere, hegaldiak ateratzen hasi baldin badira ere, aire konpainien bulegoetan dago orain nahasterik handiena; bidaiariak hegaldietan berriz ere kokatzen, alegia. Aireportuetan ilara luzeak desagertzen doazelarik ere, milaka dira oraindik helmugara iritsi ezinik dabiltzan bidaiariak. Izan ere, hegaldiak bertan behera geratu diren kasuetan, eguneko txartela dutenek dute lehentasuna; hala, hiru aukera dituzte bidaiatu gabe geratu diren bidaiariek: itxarote zerrendan sartu beste hegaldi bat noiz irtengo zain, dirua itzultzea exijitu edo helmugara iristeko beste garraiobide bat galdegin.Edozein aukera baliatzen dutela ere, tarte horretan duten gastuez -mantenua eta ostatu ematea- aire konpainia arduratu behar dela dio EB Europako Batasunako legediak. Bada, airelineak hasi dira dagoeneko kexu. Hegaldiak atzeratu izanaren galera ekonomikoei, milioi askoko kostua gaineratu behar dietela nabarmendu dute. Kostu baxuko Ryanair aire konpainiako Michael O'Learyk, adibidez, «zentzugabetzat» jo du bidaiarien gastuetan dirutza gastatzea, «haiek soilik euro gutxi batzuk gastatu dituztelako». Easyjetekere legea aldatzeko exijituko duela jakinarazi du.

Kudeaketa txarraren akusazioei eusteko, zehazki, EBko Atzerri ministroek datorren astelehenean biltzeko asmoa dutela jakinarazi dute, «hartutako erabakien egokitasuna neurtu ahal izateko». Bertan, herenegun Helen Kearns Garraio ordezkariak Europako aire batasunaren alde egindako proposamenaz arituko dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.