Txile ia osoari eragin dio itzalaldiak. Atzo han 15:15ak zirela joan zen argindarra, herrialde ia osoan. Anabasa sortu zen; errepide eta aire bidezko trafikoan ilarak eta atzerapenak, zerbitzu publikoak ematen jarraitzeko arazoak, dendak, enpresak eta etxeak ohiko jarduera egin ezinik —zortzi milioi etxetan izan du eragina—.
Horren ondorioz, Amerikako hegoaldeko herrialde horretako agintariek salbuespen egoera ezarri zuten iluntzean, baita etxeratzeko agindua ere. 22:00etatik 06:00ak arte iraungo du. Euskal Herriaren eta Txileren artean lau orduren aldea dagoenez, hemengo 10:00ak arte indarrean egongo da. 3.000 militarrek kaleak hartu zituzten, «segurtasuna eta ordena bermatzeko», agintarien esanetan. Bestelako kalteak ere ekarri ditu itzalaldiak. Santiago hiriburuko metro zerbitzua bertan behera gelditu zen, eta eskolak ere itxi dituzte egun batez. Ospitaleetan oinarrizko zerbitzuei eutsi diete, bateria sistemari esker.
Hoy ha sido un día complejo para millones de compatriotas, ya que debido a una falla eléctrica de la empresa ISA InterChile, se provocó un corte de energía masivo a lo largo del país.
— Gabriel Boric Font (@GabrielBoric) February 26, 2025
La reposición se ha ido dando parcialmente, sin embargo, esto no lo vamos a dejar pasar y vamos… pic.twitter.com/ofZ6r27d8p
Hango goizaldearekin batera hasi da argindarra eskualde batzuetara itzultzen, eta, horrekin batera, Gabriel Boric Txileko presidentearen adierazpen instituzionala etorri da. Onartezina iritzi dio herrialde osoan anabasa sortzeari enpresa batzuen arduragabekeriarengatik. Herrialde osoa argindarrez hornitzen duenenpresa egin du gobernuak akatsaren erantzule: ISA Interchile. «Suminduta gaude. Ez da onargarria enpresa baten akats batek milioika biztanleren bizimoduan eragina izatea». Arduradunek erakundeen aurrean kontu eman beharko dutela ohartarazi du Boricek.
Ez da txiletarrak argindarrik gabe geratzen diren lehenengo aldia. Oraingoa udan jazo da, baina duela sei bat hilabete, negu betean, euri eta haizete denboraldi baten ondorioz, milioika biztanle gelditu ziren elektrizitaterik gabe Santiagon bertan. Batzuk hilabete egon ziren zerbitzurik gabe.