Nicolas Garcia. Ipar Kataluniako Elna herriko alkatea

«Salaketa eskizofrenikoa da»

Ipar Kataluniako udalbatzetan katalana erabiltzearen aurkako epaiaren harira, «borrokan» segituko duela adierazi du Elnako alkateak. «Eztabaida ireki dugu, eta honek jarraituko du».

VILAWEB.
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Frantziako justiziak katalanaren aurka egindako epaiak borrokan jarraitzeko indarra eman dio Nicolas Garcia (Perpinya, Herrialde Katalanak, 1960) Elnako alkateari. Ipar Katalunian katalanaren erabileraren defendatzaile sutsua da Garcia, eta «eskubide urraketa bat» dela dio.

Epaiketan, epaileak eta prefetaren ordezkariak eskatu zuten baliogabetzeko udalbatzetan katalana erabiltzeko modua eman duten artikuluak. Zer argudio erabili zuten horretarako?

Frantziako Konstituzioarekin bat ez datorrela esan zuten. Dokumentuaren bigarren artikuluaren arabera, frantsesa baizik ez da Frantziako Errepublikaren hizkuntza. Argudio hori erabili zuten. Badirudi Ipar Kataluniako 10.000 biztanleko herri bateko udalbatzan katalanez hitz egitea arriskutsua dela errepublikarentzat.

Espero zenuten Frantziako Gobernuak emaniko erantzuna? Zerk harritu zaituzte gehien?

Gehien harritu gaituena zera da: salaketa eskizofrenikoa dela. Frantziako administrazioak katalana gehiago erabiltzeko helburua duen Katalan Hizkuntzaren Bulego Publikoa bultzatzen du, eta akordio bat sinatu berri du hemendik hamar urtera bitartean katalana ikasi nahi duen ikasle orori hizkuntza ikasteko aukera emateko. Baina, aldi berean, Elnako Udala salatu du, zeinak udalbatzan, hau da, toki publiko batean, katalana erabili eta ondoren guztia frantsesera itzultzeko hautua egin duen. Hedatu daitekeen egoera eskizofreniko bat da hau.

Deskribatuko zenuke nola dagoen katalana Ipar Katalunian?

Ezkortasunean murgilduko banintz, esango nuke katalanaren erabilera txikia dela Katalunia Iparraldean. Baina, egia esan, arrazoi asko ditugu baikorrak izateko. Hiztunak ez dira ari gutxitzen, justu kontrakoa: 2017tik aurrera, kopurua handitzen ari da. Kontzientzia indartuz doa eta, esan bezala, aurrerapenak egiten ari gara. Katalana irakatsi eta ikasteko eskaria areagotu da gaur egun. Lehen baino askoz ere elebidun gehiago dago orain, adibidez.

Ikerketa soziolinguistikoa egin berri dugu Perpinyako Unibertsitatearen eta Hego Kataluniako Generalitatearen laguntzarekin. Emaitzen arabera, Ekialdeko Pirinioetan %80k diote beraiek edo beraien seme-alabek katalanez hitz egitea nahiko luketela. Gainerako %20ak dio hizkuntza ulertzen duela edo gutxi gorabehera mintzatzen dela.

Datu horiek oso garrantzitsuak dira. Kontuan izan behar dugu Ipar Kataluniako biztanleriaren %80 ez dela katalana, eta eskualde honetan bizi direnen %50 ez direla bertan jaioak. Esan bezala, geroz eta erabilera handiagoa du katalanak; gero eta jende gehiagok ikasi nahi du hizkuntza.

Elna izan zen epaitutako bost udalerrietatik udalbatzetan katalana erabiltzen hasi zen lehena. Bada aurrez beste kasurik? Zerk bultzatu zintuzten erabaki hori hartzera?

Ez, ez dago beste kasurik. Esan beharra daukat sentitzen dudala beste lau udalek bakarrik jarraitu izana gure ereduari. Elnan, honela hasi zen prozesua: lankide batek, Pere Manzanares alkateordeak, deliberazio bat aurkeztu behar zuen. Esan zidan: «Katalanez aurkeztuko dut, eta gero frantsesera itzuliko dut». Eta nik erantzun nion: «Bueno, ados, zergatik ez». Hitz egin zuen, eta eskuineko oposizioa, irainak jaurtiz, udaleko aretotik irten zen. Ondoren, Perek eta biok hitz egin genuen eta konturatu ginen bost zinegotzi ginela deliberazio bat katalanez irakurtzeko gai ginenak. Orduan esan genuen: «Hau aldatu behar da».

Erregelamendua aldatzeko erabakia hartu genuen jarraian. Prozedura hau zehaztu genuen: katalanez mintzatu nahi duten hautetsiek hala egin dezaketela, betiere esandakoa gero frantsesera itzultzen bada. Hilabete geroago, osoko bilkuran bozkatu genuen, eta arautegia aldatu genuen. Hasieran, prefetak ez zuen inongo adierazpenik egin. Denbora gutxiren ostean, ordea, eskuineko oposizioak salatu egin gintuen. Akusazioa zela eta, prefetak adiskidetsuki esan zigun aldaketak ezeztatzeko. Guk uko egin genion, eta prefetaren salaketa jaso genuen ondoren.

Epaia aurkakoa izan da. Zer ibilbide hartuko duzue hemendik aurrera?

Borrokan jarraituko dugu. Zenbait aukera ditugu mahai gainean. Adibidez, hasteko, epailearen erabakia ez betetzeak izan ditzakeen ondorioak zein diren aztertu behar dugu lehenik eta behin. Arrisku balorazioa egin behar dugu. Aurkako epaia jasoz gero apelazio errekurtsoa jartzea pentsatua genuen, eta ondoren aurrera jarraitzea. Oraingoz ez dugu inongo arrazoirik topatu erabaki hori aldatzeko. Bitartean zer egingo dugun zehazteke dago oraindik.

Alderdi politikoen eta gizarte eragileen babesa jasotzen ari zarete prozesuan zehar?

Alderdi politiko eta elkarte katalanisten babesa, bai, jaso dugu. Hego Katalunian solidaritate handia dago. Hedabide guztiek, edo ia guztiek, aipatu dute gure kasua; jendeak babesa adierazi digu, eta, are gehiago, diruz laguntzeko proposamenak ere jaso ditugu. Frantziako alderdi politiko tradizionalek, ordea, ez digute inongo elkartasunik azaldu. Era berean, oraingoz behintzat, Euskal Herriko, Bretainiako eta Alsaziako Udaletatik ez digute erantzunik eman. Gune horietatik babes mezurik ez jasotzea izan da mingarriena guretzat. Eztabaida ireki dugu, eta honek jarraituko du. Segurtasun osoz esan dezaket hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.