DiEM 25 egitasmoa. Raul Zelik. Idazlea

«Saioetan ez dut alderdikeriarik sumatu, ezusteko pozgarria izan da»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Berlin
2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
DiEM 25 manifestua sinatzen lehenetakoa izan da Raul Zelik (Munich, Alemania, 1968); atzoko eguna debateetan murgilduta eman zuen. Joseba Sarrionandia alemanera itzuli zuen Petra Elserrekin, eta euskal gatazkaz lan ugari argitaratu ditu. 2012az geroztik Die Linke alderdian dabil.

Zergatik sinatu duzu manifestua?

Bizi garen abagunean, benetako demokrazia, errefuxiatuekin elkartasuna eta justizia soziala sustatuko duten mugimendu transnazionalak sortzeko edozein aukera baliatu beharra dago.

DiEM 25 alderdi politiko bat dela esatea zuzena al da?

Nik uste dut ezetz. Gaurko saioetan oso ezusteko pozgarria izan da hizlari gehienak aktibista digitalak, artistak, intelektualak edo herrietan lanean ari diren militanteak izan direla. Ez dut inolako alderdikeriarik sumatu, eta horrekiko interesik ere ez. Asko hitz egin da, adibidez, oso interesgarriak zaizkidan Espainiako udalekotze-prozesu berriek egin ditzaketen ekarpenei buruz, demokrazia eta parte hartze aberats hori mugimendu europar batean nola txerta daitezkeen ikusteko.

Alderdi nazional klasikoek ba al dute tokia egitasmoan?

Ni bateko militantea naiz, baina ezetz da nire susmoa. Ez dut alderdien aurka hitz egin nahi, baina mugimendu honek egin dezakeen ekarpen interesgarriena da herritarrak bihurtzea benetako agente, alderdiak baino.

B Plana deiturikoarekin zein lotura du DiEM 25ek?

Nik B Plan delakoari hartu diodan traza da ezkerraren subiranotasun nazionala berreskuratzeko saio bat dela. DiEM 25ek herritarrek biltzar konstituziogile transnazional bat eratu dezaten bilatzen du. Dinamikak oso ezberdinak iruditzen zaizkit, eta askoz ere interesgarriagoa da bigarrena. Ideia anarkistagoa da, konfederazio bat eraikitzea. Hori nik neuk entzundakotik atera dudan ondorioa da, baina DiEM 25 saiakera erakundeetatik kanpo arituko den ezker eraginkor baten ideiak jasotzea da. Erakundeetan eragitea baztertu gabe, noski.

DiEM 25 indartuko balitz, herrien autodeterminazio eskubidearentzat onuragarria izango litzatekeela uste al duzu?

Elkartasunaren alde eta estatuen indarraren aurka ideiak zabaltzea da asmoa, multzo ezberdinek mugen gainetik elkarrekin lan egin behar dutelako mezua. Herrietako dinamikak Europatik izugarri urrun daude egun. Zubi horiek eraiki behar dira. Biltzar konstituziogile kolektibo horretan estatuen egitekoa zalantzan jartzea da garrantzitsuena, eta ezberriak nola sortu aztertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.