Sahelen 40 milioi haur daude egoera larrian ur faltagatik

Unicefek ohartarazi du «hondamendia» gertatuko dela laguntzarik eman ezean

Haur bat ura biltzen Burkina Fasoko herri batean. FRANK DEJONGH / UNICEF.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Burkina Fason, Txaden, Malin, Nigerren eta Nigerian, hau da, Sahel eskualdean arazoak dituzte edateko ura eskuratzeko. Han 40 milioi haur zaurgarritasun egoera larrian daude ur faltagatik, lehorteen, gatazken eta segurtasunik ezaren ondorioz. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak atzo egin zuen ohartarazpena: Afrikako Adarrean eta Sahel eskualdean milioika haur hiltzeko arriskuan daude, berehala laguntzarik eman ezean. Uraren Nazioarteko Astea den honetan, janari faltak eta uraren bitartez eratorritako gaixotasunek «hondamendia» eragin dezaketela adierazi du Unicefek.

Otsailean, Etiopian, Somalian (Afrikako Adarra) eta Kenyan, 9,5 milioi pertsonak ez zuten aukerarik ur edangarria modu seguruan lortzeko; uztailean, 16,2 milioira igo da kopurua. Seguruak ez diren bideetara jotzeak kolera eta beherakoa eragin ditzake, besteak beste.

Somalian, lehorteak pairatu dituzten ia inguru guztietan, beherako akutuaren agerraldiak izan dituzte. Urtarriletik ekainera bitartean, 8.200 kasu atzeman zituzten, iaz epe berean izandakoak halako bi.

Eskualde horretan, halaber, inon baino haur gehiago hiltzen dira ura eta higienea eskuratzeko bide seguruak ez izateagatik, OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera. Afrikako Adarrean, bestalde, biztanle gehienek kamioietatik edota asto gurdietatik datorren ura edaten dute.

Catherine Russell Unicefeko buruak atzo azaldu zuenez, uretik eratorritako gaixotasunak larriagotu egin ohi dira janari urritasunagatik. Bi eskualdeetan, orotara, 2,8 milioi haurrek sufritzen dute desnutrizio akutu larria. Gaixotasunak direla medio, haur horiek ondo elikatutakoek baino 11 aldiz arrisku handiagoa dute hiltzeko. «Afrikako Adarrean eta Sahel eskualdean, milioika haurrek hiltzeko arriskua dute berriz gaixotuz gero», gehitu zuen Russellek.

Gainera, uraren prezioa izugarri igo da Kenyan, Etiopian eta Somalian. Kenyako Mandera eta Garissa eskualdeetan garestitu da gehien: %400 eta %260, hurrenez hurren, iazko urtarrilarekin alderatuz gero. Somaliako Hego Musugen, %85 igo da.

Unicefek dei egin zien gobernuei, diru emaileei eta nazioarteari Afrikako eskualde horietara bideratutako diru laguntzak handitzeko eta epe luzerako babesa emateko, krisi ziklikoa amaitu dadin.

Gaur-gaurkoz, Nazio Batuen Funtsak Afrikako Adarrean lehorteei aurre egiteko eta hondamendia eragozteko eskatu zuen finantzaketaren %3 soilik bildu du, eta, Sahel eskualderako, %22.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.