Aminatu Haidar. Giza eskubideen ekintzaile sahararra

«Sahararrok isiltasunaren harresia hausten ari gara, jazarpena latza bada ere»

Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik 40 urte betetzear diren honetan, erresistentziaren ikur bilakatu den ekintzaileak dio irmoa dela herriaren borroka, eta erresistentzia baketsua izango dela autodeterminazioa lortzeko gakoetako bat.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Hitzematen dizut sekula ez diodala saharar herriaren askatasuna aldarrikatzeari utziko. Lortuko dugu. Inshallah». Koaderno soil batean idatzi ditu hitz horiek Aminatu Haidarrek (Akka Centre, Maroko, 1966). Fatimetu Bachir autografo bat eskatzera gerturatu zaio. Donostiako Miramar jauregian hiru egunez egin diren nazioarteko topaketetan, asko eta asko izan dira berarekin argazki bat ateratzea eskatu diotenak. Erresistentziaren eta borrokaren ikur da Haidar. Eta haren ahotsa irmo entzun da oraingoan ere. «Marokok gizateriaren kontrako krimenak egin ditu, eta egiten ditu zibil sahararrekin, eta ez da justizia egingo gatazka honen behin betiko konponbidea gauzatu arte, independentzia lortu arte».

Giza eskubideak eta justizia trantsizionala Mendebaldeko Saharan izenburupean nazioarteko ehun bat lagun elkartu dira Donostian. EHUko udako ikastaroen barruan egin dira jardunaldiak. Hegoa Institutuak eta Aranzadi elkarteak antolatuta.

Giza eskubideak eta justizia trantsizionala landu dituzue topaketa hauetan nazioarteko hainbat adituren eskutik. Egia, erreparazioa eta justizia egiteko abiapuntua izan da justizia trantsizionala hainbat herrialdetan. Mendebaldeko Sahararako baliagarria al da formula hau?

Mendebaldeko Sahararen kasuan, ezin gara justizia trantsizionalaz mintzatu. Beste herrialdeetan oso tresna eraginkorra izan da demokrazia lortu artean, baina barne gatazken barruan aplikatu da. Mendebaldeko Sahararena ez da barne gatazka. Okupazio batez ari gara, beraz, hitz hori ez da egokia, nahiz eta kontzeptu horren atzean dauden hainbat neurri balia daitezkeen giza eskubideen defentsan aurrera egiteko eta estrategia bat garatzeko; baina, berriro diot, autodeterminaziorik gabe, ez dago justiziarik. Iraganeko eta egungo urraketa guztiak zuzenean lotuta daude gatazkaren izaera politikoarekin. Independentzia aldarrikatzeagatik gara giza eskubideen urraketen biktima.

Egia bilatzeari eta memoria historikoa lantzeari ekin diozuela argi dago behintzat.

Giza eskubideen urraketen dokumentazio lan handia egin da azken urteotan. Marokok berak ere ekimen bat jarri zuen abian urraketa horiek ikertzeko. Geroraikusi da makillajea baino ez zela. Egiaren eta Justiziaren Foro Marokoarra sortu zuen. Eta ondoren, 2003an, Ekitate eta Adiskidetzearen Instantzia. 2010ean desagerrarazitako sahararren zerrenda bat argitaratu zuen, baina gerora egiaztatu da lan hori ez zela independentea. Irregulartasunak etengabeak izan dira. Egiaren batzorde batek bete beharko lituzkeen nazioarteko parametroak ere ez ditu betetzen. Azken batean, badakigu nork sustatu duen.

Hala ere, kolaboratu duzue?

Bai. Gauza baterako balio izan du. Lehen aldiz, urraketak egin izana onartu du txosten horren bidezMarokok. Osatu gabe bazegoen ere, gabezia ugarirekin, egindako krimenen aitorpen bat izan da, eta hori bada zerbait. Gobernuz kanpoko erakundeok, txostenhorrek dituen gabeziak salatu, eta osaketa lana egin dugu. Marokoren gezurrak agerian jarri ditugu,berriro ere. Haren kontraesanak. Marokok egindako lana ez da independentea, inondik inora; hala baieztatu dute Carlos Beristainek eta Paco Etxeberriak ere.

Marokok giza eskubide guztiak sistematikoki urratzen dituela esan duzu. Lekukotasunak jasotzea inportantea da, ezta?

Hala da. Eta Euskal Herriko hainbat eragilek egindako lana goraipatzekoa da, alde horretatik. Memoriaren Oasia liburua ikerketa lan bikaina izan da, gatazka eta sufrimendua ikusarazteko. Carlos Beristainen eta Paco Etxeberriaren lanari esker, lehen aldiz hobi komunak aurkitu dira Mendebaldeko Saharan. Guztira, 261 sahararren lekukotasunak jaso dituzte, eta zortzi lagunen gorpuak aurkitu. Marokok argitaratutako txostenean hobi komun horietan aurkitutako lau lagunen izenak aipatzen dira, baina atxilotze gune batean hil zirela zehazten da, Smaran. Eta begira non zeuden; Meherisen, harresitik gertu dagoen eremu batean, basamortuaren erdian. Ikerketa honek, beraz, agerian utzi du txosten hori gezur hutsa dela, eta ezinbestekoa izan da egia azaleratzeko eta memoria kolektiboa babesteko. Maisulana da. Lan itzela.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 11 goi kargudun eta militar marokoar prozesatu ditu genozidioagatik lan hori abiapuntu hartuta. Zer ekarri du horrek?

Garaipen bat izan da. Oraindik bide asko dago egiteko, baina kereila onartu izana garaipen bat da. Badago zer leporatu, ordea. Ez dugu ulertzen nola ez dituzten denak kriminaltzat jo; esaterako Housni Benslimane eta Amini. Bi jeneral horiek krimen ankerrak egin dituzte, eta ez daude prozesatuen artean.

Auzitegi Nazionalean lekuko gisa deklaratu zuten hemeretzi lagunetako bat zara...

Ni desagerrarazteko agindua eta torturatzeko agindua eman zuten jeneralak daude tartean: Brahim Ben Sami, Hariz El Arbi, Abdelhafid Ben Hachem eta Bel Laarabi. Goizaldeko hiruretan etorri ziren etxera eta bahitu egin ninduten. 20 urte baino ez nituen, eta hiru urtez eta zazpi hilabetez egon nintzen desagertuta. Horregatik nago kereila jarri duen taldean.

BERRIAri emandako elkarrizketa batean, desagerrarazita egon zinen ia lau urte horien kontakizuna egin zenuen.

2005ean, zazpi hilabetez egon nintzen Aaiungo Kartzela Beltzean. Eta, aurretik, hiru urte eta zazpi hilabetez desagertua [1987-1991]. Gogoratzeak ere min ematen dit. Imajinatu ezin daitekeen gauza da. Kartzela sekretu batean, ziega batean, erabat bakartuta, begiak itxita, tortura forma guztiak pairatzen, lurrean botata, janaririk gabe, inongo eskubiderik gabe... Gure senideek ez zekiten ezer, ez non ginen, ezta bizirik edo hilik ote ginen ere. Zauri hori ezin da itxi. Ezin da ahaztu. Eta ezin da barkatu. Eta okerrena da gaur egun oraindik ere ez dakigula non dauden gure begien aurrean torturatu zituzten lagunak. Mohamed Jalil Ayah gaztea bere amaren aurrean torturatu zuten, eta amak oraindik ez daki semea non dagoen. Seme bakarra.

Justizia egingo den itxaropenik, bai?

Bederen, egia jakitea espero dugu. Hori da inportanteena. Eta desagertuak non dauden argitzea. Marokok dauka galdera horren erantzuna. Non daude 542 desagertu sahararrak? Familia sahararrek bizi duten drama bat da.

Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuela 40 urte beteko dira aurten. Nazioarteak ez du deus egiten, eta agenda politikoan ahaztuta dago auzia.

Saharar herriaren determinazioa da gakoa. Eta determinazio hori irmoa da berrogei urte hauetako sufrimendua ikaragarria izan arren. Ez dugu ahaztu behar zatituta bizi den herria dela gurea, munduko harresi luzeenaz zatituta, napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatutako herria dela gurea, etengabeko errepresioa bizi duena, giza eskubide guztiak ukatuak dituena... Baina horrek guztiak ez du lortu herri sahararraren ahotsa isilaraztea, eta belaunaldi berriek ere konpromiso irmoa dute borrokarekin, okupazioa ez beste ezer ezagutu ez duten arren. Ez dute beldurrik. Zazpi eta zortzi urteko haurrek ere uko egiten diote eskoletan ereserki marokoarra kantatzeari.

Hamar urte bete berri dira Intifada piztu zenetik. Zerbaitetan aldatu al da egoera?

Jazarpena eta blokeoa latzak badira ere, sahararrok isiltasunaren harresia hausten ari gara, beldur hori gainditzen ari gara. Marokorentzat marra gorria zeharkatzea bada ere, gure bandera zabaltzen dugu kalean. Eta, orain, inoiz baino ikusgarriagoa da gure egoera. Agdaim Iziken sendotu egin zen Intifadan abiatu zen kemena. Mugarri bat izan zen.

Agdaim Iziketik haima, sahararren identitate ikur nagusia, debekatuta dago, ezta?

Hala da. Haima sakratua da, sahararrontzat. Eta basamortuan bizi diren nomadek ere ezin dute haima zutitu. Gameluak ere hiltzen dituzte, bizimodu nomadaren oinarria. Maroko okupaziotik saiatu da identitate sahararra desagerrarazten, baina ez du lortu.

Zein da egoera lurralde okupatuetan?

Eskubideen urraketa etengabea da alor guztietan; maila politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean. Gure baliabide naturalak arpilatzen dituzte, fosfatoa, harea eta arrantza... Seme-alabei ezin zaie izen sahararrik jarri, edo ekintzaile sahararren izenik, esaterako, Aminatu. Eskoletan ere handia da bazterketa. Umeak ezin dira hassaniaz mintzatu, eta eskola batzuk tankez inguratuta daude. Unibertsitaterik ere ez dago. Kolonoak lehenesten dituzte alor guztietan, eta sahararrak baztertu. Okupazioaren hasieratik indarrean egon den estrategia izan da hori. Lehen, sahararrak desagerrarazten zituen, eta, orain, atxiloketa arbitrarioak egiten ditu Marokok. Akusazio faltsuak asmatzen ditu. Tortura sistematikoa da. Haurrak eta emakumeak bortxatzen dituzte. Salbuespen egoera batean bizi gara. Izugarria da. Egun, 70 preso politiko daude, tartean giza eskubideen hogei ekintzaile, eta, horien artean, bizi guztiko kartzela zigorrera kondenatu dituzte bederatzi. Horien artean dago Hassanna Aalia.

Espainiak asilo politikoa ukatu zion. Zer iritzi diozu horri?

Ez nau ezustean harrapatu, ni ere politika horren biktima izan bainintzen. Espainiako eta Marokoko gobernuen arteko konplizitatea agerian geratu da berriro ere. Espainiak saharar herriari egin dion hamaikagarren traizioa izan da, eta badirudi presioari esker atzera egingo duela.

Eta uste al duzu 40 urtean eman ez duen beste erantzun bat eman dezakeela nazioarteak etorkizunean?

Nazioartearen konplizitatea eta erantzukizuna erabatekoa da, baina ezin du ez ikusiarena egin, besteak beste, muturreko islamismoa zabaltzen ari delako, eta horrek ondorio are latzagoak ekar ditzakeelako, baldin eta auzi sahararrari ez bazaio irtenbide bat ematen. Ban Ki-moonek berak ere horretaz ohartarazi du azken txostenean, eta auzi sahararrari irtenbide azkar bat emateko deia egin du. Nazio Batuen Erakundearen sinesgarritasuna auzitan dago aspalditik. Saharrarek jada ez dute konfiantzarik erakunde horretan. Minurso misioko autoak lurralde okupatuetan ikusten hasi zirenean, sahararrek poza agertzen zuten, baina, egun, polizia marokoarra ikusiko balute bezala erantzuten dute. UN siglak United Nation gisa irakurri beharrean, United Nothing gisa irakurtzen dituzte. Maroko potentzia okupatzaile bat dela ikusarazten dutelako; horregatik soilik da positiboa bertan egotea, izan ere, giza eskubideak ikuskatzen ez dituen munduko misio bakarra da.

Zu ikur bilakatu zara nazioartean. Marokok zurekiko jarrera aldatzea eragin al du horrek?

Sartu eta ateratzeko ez didate arazorik jartzen, baina etengabe zelatatzen naute, gau eta egun. Nire etxea poliziaz inguratuta dago. Maatala auzoan bizi naiz, sahararrok gehiengo garen auzoan, Intifaden abiapuntu izan dena, bai 2005eko Intifadarena, eta bai espainiarrak hemen zeudenean piztu zenarena.

Bestelako arazorik ba al duzu?

Nire kontrako difamazioa sustatzen dute, sare sozialetan eta komunikabideetan, eta marokoarrei dei egiten diete nire kontra egiteko. Semea ere etengabe mehatxatzen eta baztertzen dute. Eta elkartea nazioartean aitortuta badago ere, ez daukagu modu askean lan egiteko baldintzarik, ez daukagu bitartekorik, ez daukagu egoitzarik, eta elkartzeko eskubidea ere ukatuta daukagu. Klandestinitatean egin behar dugu lan, eta gure lana ezinbestekoa da. Gure helburu nagusia, dokumentazioa jaso eta memoria historikoa lantzetik harago, erresistentzia baketsuan sinesten duen gizarte zibil bat eraikitzea da. Belaunaldi berriak indarkeriarik gabeko erresistentzia baketsuaren printzipioetan hezi nahi ditugu. Mahatma Gandhi eta Nelson Mandela pazifismoaren lider garaikideen bidea jarrai dezaten.

Nazioarteko ordezkaritzak joatea ere eskatzen duzue...

Bai. Marokok nazioarteko 70 ordezkaritzari ukatu die sarrera azken urteotan; uda honetan, euskal brigadistei. Argi dago ez duela lekukorik nahi, ez duela munduak gertatzen ari dena ikusterik nahi, baina guretzat inportantea da. Adorea ematen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.