Mohamed Limam. Polisarioko EAEko ordezkaria

«Saharar herria prest dago bere aberriaren alde sakrifikatzeko»

«Aski da» esan du Limamek. Maroko zapaltzailea eta autoritarioa dela salatu du, eta Minurso misioan ez duela sinesten azaldu. «Saharar herriari ezin zaio ezer gehiago eskatu».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun

Mendebaldeko Saharan tentsio militarrak gora egin zuen joan den ostiralean, Maroko herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueraten sartu zenean. Eskualdea desmilitarizatua da, baina Marokok armada hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko. Dozenaka manifestari ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen. Salatu dute Marokoren kontrolpeko igarobide hori nazioarteko legediaren kontrakoa dela, eta Mendebaldeko Sahararako autodeterminazio erreferendum bat exijitu dute. Egoera horretan, Fronte Polisarioak urratutzat jo zuen 1991n sinatutako su-etena, eta gerra egoera ezarri.

Ikusi gehiago: Sindikatuek salatu dute Marokok gerra inposatu diola Saharako herriari

Egoeraren inguruan hausnartzen aritu da Mohamed Limam Fronte Polisarioko EAEko ordezkaria. Beltza ikusten zuen iragana, eta halaxe ikusten du etorkizuna ere: «Ez dugu ezer galtzeko».

Nola dago egoera Mendebaldeko Saharan?

Egungo egoera Maroko Guergueraten sartu zenean lehertu zen, eskualde desmilitarizatuan, manifestari sahararrek ezarri zuten blokeoa hausteko, eta, horrela, igarobide ilegala ireki. Horrek su-etena haizatu zuen. Ostiralaz geroztik itzuli egin dira borrokak, Marokoren erruz. Baita urte hauetan guztietan NBE Nazio Batuen Erakundeak izan duen geldotasunagatik ere.

Mantendu den su-etena saharar herriaren pazientzia dela-eta lortu da; herri baketsu honen pazientziagatik. Beti aritu gara defentsa legitimoan. Ez dugu diskurtso gerrazalerik. Horren erakusle da orain arte egin duguna: itxaron eta irtenbide justu, iraunkor eta baketsu baten alde apustu egin 29 urtean. Eta hori, basamortuko lekurik babesgabeenetako batean. Gure anaiek errepresio handia jasaten dute. Uste dut hori jazoera ukaezina dela. Marokok ez ditu hitzarmenak errespetatu, eta egiten ari dena legez kanpokoa da, onartezina.

NBEren arabera, Mendebaldeko Sahara lurralde ez-autonomoa da, ilegalki okupatua, eta Maroko konprometitu egin da autodeterminazio erreferendum bat egitera. Saharar herria 1991tik ari da hori itxaroten.

Maroko izaera zapaltzailea ari da erabiltzen, beraz?

Bai, zalantzarik gabe. Erasoaldi hau hasi zenetik, Maroko dakien bezala ari da erreprimitzen lurralde okupatuetako gure ekintzaileak. Amnesty International eta beste erakunde batzuen txostenak hor daude. Askotan, erakunde horiek, elkartasun mugimenduarekin batera, Polisarioarekin batera, aktiboki eta pasiboki eskatu dute Minursoren eskumenak zabaltzeko, giza eskubideen ikuskapena ere barnean har dezan. Eta ez bakarrik Marokok okupatuak dituen lurretan, baita lurralde liberatuetan eta saharar errefuxiatuen kanpalekuetan ere. Frantziako eta Espainiako estatuen gisako Marokoren babesleei esker, saiakera horrek ez du aurrera egin.

Bestalde, orain dela urte batzuk Marokok Afrikako Batasuna bota zuen Minursotik. Eta ez dago soldadu espainol bakar bat ere bakea mantentzeko indar horretan, Maroko horren kontra agertu zelako. Nahiz eta NBEk dioen Espainia dela lurraldearen potentzia administratzailea. Marokoren kasuan, ez dago estatu edo erakunderik Sahararen subiranotasuna aitortzen dionik. Maroko potentzia okupatzailea da.

Minurso autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko helburuarekin eratu zen duela 29 urte, baina ez du promesa bete. NBEren geldotasuna salatzen duzue.

Bai. Minurso eginkizun argi batekin hedatu zen Mendebaldeko Saharan: saharar herriarentzat autodeterminazio erreferendum bat egitea, bere izenak dioen bezala. Horrek, ezinbestean, gatazkako bi aldeen arteko su-eten bat eskatzen zuen. Misio horretatik ez da ezer egin. Minurso subjektu partzial bat bihurtu da, Marokoko okupazioa errazten duena, eta interesatuago dago statu quo-aren normalizazioan, bete behar duen funtzioan baino.

Nazioarteko komunitatea, isilik geratuta, egoeraren konplize dela ere badiozue.

Bai. Eta, zoritxarrez, irtenbide baketsu baten aldeko apustua egiten denean, nazioarteko legezkotasunaren aldekoa, ahultasun seinale gisa interpretatzen da. Hori kaltegarria da.

Uste dut 29 urte nahikoa baino gehiago dela autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko. 29 urte daramagu itxaroten. Asko da. Gainera, zer merkantzia pasatzen dira igarobide horretatik? Igarobide hori ilegala da hainbat arrazoirengatik: ez dago jasota hori arautzen duen 1. Akordio Militarrean; idazkari nagusiaren 2001eko apirileko eta ekaineko txostenetan ageri da ilegala dela: Marokori eskatu zion ixteko, eta horretarako konpromisoa hartu zuen Rabatek, baina ez zuen hitza bete. Orduan, ez da bidezkoa, hemeretzi urte geroago, egungo idazkari nagusiak justifikaezina dena justifikatzea. Igarobide hori mugako pasabidea dela. Hori ez da egia. Ilegala da.

Espainiak ere rol garrantzitsua du.

Bai. Madrilgo Akordioaren bidez saharar herria saldu zien Marokori eta Mauritaniari. NBEren arabera, Espainiak da oraindik ere lurraldearen potentzia administratzailea. Eta ez dago Espainiako Atzerri Ministerioaren azken komunikatua ikusi besterik: izan daitekeen epelena da. Ezinbesteko erantzukizuna du: juridikoa, historikoa eta etikoa.

Espainia saharar herriari gertatu zaion guztiaren erantzulea da bizilagunei saldu zien momentutik. Pasatu den guztian erantzukizuna du.

Marokok nazioarteko zuzenbidea urratzeak ezegonkortasuna eragin du eskualdean?

Bai. Badakigu gerrak nola hasten diren, baina ez nola amaitzen diren. Zerbait baldin badakigu, hori da ostiraletik aurrera dena aldatuko dela. Gauzak ez dira lehen bezalakoak izango. Eta hori, Europarentzako eskualde estrategiko batean. Marokoren erabaki arduragabe horrek Afrika iparraldea bolborategi bilakatuko du. Ezin zaio ezer gehiago eskatu saharar herriari.

Mendebaldeko Saharak «nahikoa da» esan du.

Bai. Guergueraten pasatu dena eta egunotako jazoerak betekadaren seinale dira. Ezin da ezer gehiago espero. Ez Minursotik, ez NBEren partetik, ezta ahalegin bat egin beharko luketen potentzietatik ere. Irtenbide iraunkor eta behin betikoa nahi da deskolonizazio gatazka sinple baterako. Ez da besterik eskatzen.

Zer pauso eman beharko lirateke irtenbide bat lortzeko?

NBEk erreferenduma berehala antolatzeko gai izan beharko luke; bitartean, Minursoren eskumenak zabaldu beharko lirateke giza eskubideak gainbegiratzeko; amaiera eman baliabide naturalen ustiapenari; Marokoko kartzeletan dauden saharar ekintzaileak askatu; Afrikako Batasuna itzuli, eta beste. Hots, bi aldeen arteko konfiantza sendotzen duten neurriak behar dira.

Hori, baina, liskarrek jarraitzen duten bitartean egin behar da. Konfiantza dagoeneko hautsita dago. Ez dugu gerra geldituko promesa batengatik: gehiegi geratu dira bete gabe. Egiazko gertakariak nahi ditugu. Ziurtasunak. Exekuzio mekanismoak.

Baikor zaude?

Ez, arrazoi sinple bat dela eta: ez dut uste 29 urtean lortu ez dena pare bat egunean gauzatuko denik. Bake akordioak sinatu genituenetik, murrizketa bat bestearen atzetik irentsi behar izan dugu. Mila promesa egin dira, gero bete ez direnak. Minursok ikusten du nola giza eskubideak urratzen diren. Nola Marokok indarkeria erabiltzen duen kalean modu baketsuan manifestatzen ari direnen kontra. Hori txostenetan ageri da, hor daude bideoak ere. Minursok ez du ezer egiten. Orduan, zertan ari gara? Zeren zain egon behar dugu? Saharar herriari ezin zaio gehiago eskatu; nahikoa da.

Kezkatuta zaude egoerarekin, ezta?

Bai, oso. Marokok eta haren babesleek uste zuten bake akordioaren aldeko sahararren apustu hori jende inozentearena zela. Gerra ezin zela itzuli, eta beste. Saharar herria, bere osoan —emakumeak, adinekoak, gazteak…—, prest dago bere aberriaren alde sakrifikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.