MENDEBALDEKO SAHARA

Saharan, konponbide politiko baten beharra

Mendebaldeko Sahararen gatazkaz aritu dira Martin Ugalde foroan. Hizlariek nabarmendu dute lurralde horrek egia haren alde duela, eta nazioarteko ebazpenak bete ditzatela eskatu dute.

MENDEBALDEKO SAHARA. MARTIN UGALDE FOROA.
Izagirre, Irizar, Berasain, Zenan eta Arruabarrena, foroan. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
asier gonzalez de san pedro
2023ko abenduaren 2a
05:05
Entzun

Mendebaldeko Saharan erreferendum bat egitearen alde hamaika ebazpen onartu ditu NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak. Ebazpen horiek bete egin behar direla uste du Siffa elkarteko eta Saharar Gaztedi Aktibokokide Fatimetu Zenan sahararrak, ez baita nahikoa «limosna» ematea, eta Mendebaldeko Saharak «soluzio politiko bat» behar dela pentsatzen du. Zenanekin bat egiten du Donostiako Udaleko EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek: «Eskatzen dena da ebazpen guztiak betetzea, eta erreferendum bat egitea, eta independentzia nahi badute hori izango da irtenbidea». Gainera, saharrek egia haien alde dutela gehitu du. Gerra eta exodoaren lekuko izan zen Gurutze Irizar ekintzailea —Fatimetu izenez ezaguna da Mendebaldeko Saharan—, eta iruditzen zaio Maroko eta Israel direla NBEren ebazpenak hausten dituzten bakarrak baina ez zaiela «ezer» gertatzen. Euskadi-Sahara kultur bilakaerarako erakundeko kide Juan Mari Arruabarrenak, berriz, «indar hori» ez galtzeko eta «aurrera» egiteko eskatu dio Zenani.

Mendebaldeko Sahara, 50 urteko borroka mahainguruan hartu zuten parte horiek, pasa den azaroaren 28an, Martin Ugalde foroan. Kristina Berasain Tristan BERRIAko kazetaria izan zen mahainguruaren gidari, haren Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren harira antolatu baitzuten mahaingurua.

Irizarrek gerrak eta exodoak izan zituen ondorioez hitz egin zuen, eta nola izan ziren gerraren lehen egun haiek. «Maroko goitik eta Mauritania behetik» zetorrela gogorazi zuen, eta kanapalekuetan gertatutako napal eta fosforo zuriko bonbardaketak: «Begiek eta sudurrak erre puntua dute; tragatzeko mina eta, aldi berean, logurea bezalako sentsazio arraro dituzu». Bonbardaketen ostean zaku batekin pertsonen zatiak jaso zituela gaineratu zuen. «Basakeria eta genozidioa izan ziren».

«Lurralde okupatuetako sahararrak oso-oso egoera larrian daude eta benetan laguntza behar dute». JUAN CARLOS IZAGIRREEH Bilduko kidea

Izagirrek, aldiz, Donostiako alkate zenean (2011-2015) lurralde okupatuetako bidaian bizitakoaz hitz egin zuen. Ez zuten espero lurralde okupatuetara sartzen utziko zietenik ere, «boikot informatiboa» zegoelako, eta oso jende gutxi sartzen zelako. Bertako hainbat ekintzailerekin bilerak egin zituen, eta sahararrek sufritzen duten egoera salatu zuen. Umeak eskoletan azkenak izaten direla eta batzuetan tokirik ez dutela izaten gogorazi zuen; ez dituztela artatzen osasun arazoak dituztenean; eta «errepresio latza» jasaten dutela, gainera. «Lurralde okupatuetako sahararrak oso-oso egoera larrian daude, eta benetan laguntza behar dute», ohartarazi zuen Donostiako alkate oihak.

«Begiek eta sudurrak erre puntua zuten, tragatzeko mina nuen eta, aldi berean, logura bezalako sentsazioa arraroa nuen». GURUTZE IRIZAREkintzailea

Zenanek, berriz, nabarmendu zuen lurralde okupatuetako sahararrek torturak jasaten dituztela, eta «sistematikoki» erreprimitzen dituztela. Emakumeek ere jasaten dituzte torturak, eta gehitu zuen ez duela ulertzen nola egiten dioten aurre horri eta nola jarraitzen duten borrokan. Sultana Khaya ekintzailearen adibidea jarri zuen Zenanek. Khaya bere amaren aurrean bortxatu eta torturatu zuten, eta, hurrengo egunean, etxeko teilatura igo zen, Mendebaldeko Saharako bandera astintzera. Zenanek erreferentetzat ditu Khaya bezalako emakumeak, eta «harro» sentitzen da horrelako erreferenteak edukitzeaz. Saharar emakumeak gatazkaren «funtsezko zutabe» direla gehitu zuen, emakumeek irakasten baitiete umeei. «Oxala haiek daukaten indar, kemen eta itxaropen hori nik edukiko banu».

«Oxala, haiek [saharar emakumeek] daukaten indar, kemen eta itxaropen hori nik edukiko banu».

 FATIMETU ZENANSahararra eta ekintzailea

Arruabarrenak sahararrek haien historiaz duten jakinduria goraipatu zuen, eta haien ondare arkeologikoa arriskuan dagoela ohartarazi zuen. 1.000 azternategiko eta 6.000 megalitoko ondarea dute sahararrek. Haren esanetan, hori ezagutarazteko inbentarioa egin zuen Euskadi-Sahara Kultur Bilakaerako Erakundeak, babesteko helburuarekin; baina ez zuten lortu: «Unescori atea jo genion, dena hitz ederrak izan ziren, baina azkenean dena hitz ederretan geratu zen». Bestalde, Zenanen gisako saharar gazteek duten «borrokatzeko grinaz» poztu zen, «zahar batzuk» borrokatzeko gogorik gabe sumatu izan dituelako.

«Unescori atea jo genion, dena hitz ederrak izan ziren, baina azkenean dena hitz ederretan geratu zen». JUAN MARI ARRUABARRENAEuskadi-Sahara erakundeko kidea

Zenanek ez dio bukaerarik ikusten gatazkari; 50 urtez iraun du. Euskal Herrian jaioa da bera, eta ez du «bere herrialdea» ezagutzen. Eta gatazkak horrela jarraitzen badu ez duela «sekula» ezagutuko adierazi zuen, gaur egun Mendebaldeko Sahara egoera «kezkagarri eta penagarrian» ikusten duelako: «Bizi ez da aditza, biziraun da». Hitzaldira joan zirenei zuzenean galdetu zien: «Zenbat itxoin behar du herri batek berea den leku horretara bueltatzeko?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.