Kizza Besigye hirutan atxilotu dute astebetean, atzo azkeneko aldiz. Egiptoko eta Tunisiako altxamenduetan inspiratutako protestetara deitu zuen Ugandan. Yoweri Museveniri iragan otsaileko hauteskundeetan iruzurra egin izana leporatzen dio Besigye oposizioko buruak. Besigyerendeiak, ordea, ez zuen arrakastarako biderik aurkitu. Mende laurden boterean daramatzan presidenteak, oso era sinplean deskribatu zuen manifestazio ahalegin ororen kontra nola jokatuko zuen: «Hemen ez da Egipton bezalako iraultzarik izango. Saiatzen dena giltzapetu egingo dugu, eta hori izango da istorioaren amaiera». Horixe izan da, orain arte behintzat, han eta hemen izan diren protesten atarramendua.
Afrikako iparraldean izan diren matxinadek lilura eragin dute Saharaz hegoaldeko hainbat herrialdetan, batez ere urte luzez agintean diren erregimen autokratikoak dituztenetan. Eden Yohannes Etiopiako analista politikoaren arabera, «altxamenduek batzuetan beldurra sortu dute, odola ikusi delako, borrokak ikusi direlako, baina aldi berean itxaropena ere ekarri dute, aldaketarako itxaropena, bizimodu hobea ekarriko dutelakoan».
Boterean daudenei, aldiz, urduritasuna ekarri omen die. Yohannesek dioenez, «herritarren ongizatearen gainetik, euren segurtasuna eta egonkortasuna nahi dutenak kezkatuta daude».
Swazilandiako kasua izan daiteke bat. Mswati III.a errege absolutista boterean dago azken mende laurdenean. Herritarrak, ordea, gero eta pobreago bizi dira —%70 bizi dira pobre —. Bizimodua, berriz, garestitzen ari da eta hiesak munduko tasa altuenetakoa du —helduen artean %25ekoa—. Ingurumari horretan, heldu den astean protestak hasi zituzten berez debekatuta dauden oposizioko alderdi, sindikatu eta ikasle taldeek. Martxoaren 18an egin zituzten lehenengo protestak Poliziak indarrez geratu zituen.
Zimbabwen jazorikoa ere zaku berean sar liteke. Egipton eta Tunisian izaniko protesten bideoa ikusten ari zirela, 45 ekintzaile atxilotu zituen Poliziak martxoaren hasieran. Baldintzapean aske geratu badira ere, auzipetuta daude «traizioagatik» eta «zilegi den gobernua boteretik kentzeko ahaleginagatik». Robert Mugabek 30 urte daramatza herrialdeko presidentzian.
Arrazoi ugari
«Boterean betikotutako buruzagi asko urduri eta zain daude», dio Khaled Qasaymek, Hegoafrikako Unibertsitateko irakasleak. «Badakite euren txanda iristen ari dela, eta herritarrek gogor eskatuko duela aldaketa».
Afrika iparraldeko herritarrak kalera irtetera bultzatu zituzten arrazoietako asko hegoaldeko herrialdeetan ere badaude. Eden Yohannes analistaren arabera, «denetan dauden faktoreak dira urte luzeetako errepresioa, langabezia eta alde ekonomiko ikaragarriak goikoen eta behekoen artean».
Iparraldekoak protestara bultzatu dituzten arrazoi horiek hegoalderagoko herrialdeetan okerragoak direla uste du, bestalde, William Gumedek, Londresko Unibertsitateko Afrikar Ikasgaietako irakasleak. Pambazuka News agerkarian atera berri duen artikuluan dio kontinenteko herrialde gehienetara oraindik ez direla iritsi finantza krisi globalaren ondorioak, baina heltzear daudela. «Herrialde hauetako askok Mendebaldearen laguntza behar dute bizitzeko, eta emariak gutxitu egingo dira. Gobernuz kanpoko erakunde askoren aurrekontuak ere nabarmen jaitsiko dira». Herritar askorengan horrek ondorio larriak izango dituela uste du Gumedek. «Zukututako klase ertaina, aspalditik sufritzen ari den langile klase pobrea eta langabezian edo lan prekarioarekin dagoen gazteria, erraz leher daitekeen koktela da».
Antolatu ezinda
Orain arte egin diren protesta ahaleginak ez dira, ordea, zertu. Batzuetan segurtasun indarrek gogor egin dutelako manifestarien kontra, eta beste batzuetan daukaten indarrarekin ez direlako seguru sentitzen.
Ekuatore Ginean, esaterako, Union Popular oposizioko alderdiak protestara deitu zuen orain bi aste hiri nagusietan. Teodoro Obiangen gobernuaren presioen ondorioz, ordea, deia bertan behera utzi zuten —Obiangek 32 urte daramatza agintean—.
Masak antolatzea ez da erraza, eta hegoaldean iparraldean hedatuago dagoen tresna falta zaie: Internet. Yohannesen iritziz, sare sozialek lan garrantzitsua egin dute gazteen artean mezuak zabaltzeko: «Baina ez dut uste hau gainerako herrialdeetara aplika daitekeenik; oso afrikar gutxik dute Interneterako sarrera: Facebook, Twitter eta holakoak zer diren ere ez dakite».
Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren estatistikek erakusten dute aldea. Tunisian, esaterako, herritarren %27k erabiltzen dute Internet, eta Egipton, berriz, %16.
Saharatik gero eta hegoalderago, erabiltzaile portzentajeak behera egiten du. Ekuatore Ginean herritarren %1,8k dute eskura Internet, Swazilandian %7k, Zimbabwen %11k eta Etiopian %0,4k.
William Gumederen arabera, sakelako telefonoen erabilera ere kontuan hartu beharrekoa da. Internet iristen ez den toki askotan sakelakoen erabilera dago hedatuta. «Iraultza ez da ziurrenik Internet bidez etorriko, baizik eta sakelako telefonoen bidez».
Errepresio bortitzaren beldur
Egipto eta Tunisiako erreboltek denbora gutxian eman zuten emaitza, baina beste amaiera batzuk ere izan daitezkeela erakutsi du Libiak. Khaled Qasaymeren arabera «Egiptoko eredua, galera gutxirekin aurrera ateratako erreboltarena, hautsi egin da Libian. Mertzenarioak baliatzeko joera sortu da, bere herritarrei min egiteko batere erreparorik ez duena. Eredu hori erabiltzeko gai ikusten ditut Zimbabwen, Swazilandian eta Angolan».
Nazioarteko agerkari batzuek esan dute Etiopia izan daitekeela hegoaldean matxinada izan dezakeen lehen herrialdea. Meles Zenawi lehen ministroak 20 urte daramatza boterean, aginte zorrotza aplikatuz. Maiatzaren 20rako hasi dira nazio osoko protestak antolatzen, baina oihartzun gutxi lortu dute orain arte. Gobernuak, gainera, oposizioko 250 kide atxilotu berri ditu, protestak prestatzen ari zirelakoan.
Mehari abokatu gazteari irriak ihes egiten diomatxinada izango den galdetzean. «2005eko eskarmentuaren ondoren, jendea itzalita dago hemen», dio. Urte hartan bozak egin ziren, eta emaitzak jakinarazi zituztenean, oposizioak deituta milaka lagun irten ziren kalera protesta egitera. Zenawiren Poliziak errukirik gabe erantzun zien; 89 hildako izan ziren eta ehunka atxilotu. Mehari bera izan zen horietako bat. «Jaso genuen tratuak gizatiarretik ez zuen ezer. Lehoiak eta hienak dauden toki batera eraman zituzten atxilotu asko. Ihes eginez gero, bazekiten zer zegoen».
Afrika. Protesten eragina hegoaldean
Saharako haizearen zain
Saharaz hegoaldeko herrialdeetan ere izan dira kontinentearen iparraldean bezalako erreboltak hasteko ahaleginak. Orain arte, ordea, arrakastarik ez dute lortu. Herrialde arabiarretan jendea kalera bultzatu duten bizi-baldintzak eta ustelkeria egon badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu