Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren urriko sententziak nazioarteko zuzenbidea aintzat hartu besterik ez du egin, hala ziurtatu du Mohamed Salem Uld Salekek: «Garai hauetan, hori garaipen bat da. Sententzia historikoa da, justiziaren garaipena, baina berriro diot: nazioarteko zuzenbidea berretsi baino ez du egiten». Salem Atzerri ministro izan zen duela bi urtera arte, eta gaur egun zuzendaritza nazionalean dago. Mohamed Sidatik hartu zuen haren lekukoa.
IRAKURRI GEHIAGO
Salem eta Sidati, guardia zaharreko bi ordezkariak, ministerio berean elkartu dira. Rabaten (Maroko) ikasi zuten, batak zientzia politikoak eta besteak ekonomikoak, eta ordutik milaka borrokatan aritu dira. Mustafa Saied el-Ualiren lagun minak ziren; heroi nazionala bilakatu zen mito harekin batera jarri zuten askapen mugimendu nazionalaren lehen hazia. «El-Uali bakarra zen, aparta. Guztira zazpi ginen unibertsitate hartan».
Gatazka erabat trabatuta dago, eta urriaren 4ko sententziak eragin juridikoa eta politikoa izango du, haien ustez: «Estrategia aztertzen ari gara. Lan talde bat eratu dugu bide orria aztertzeko». Salemek dio «burdina sutan» dutela, baina ez du zehaztu nahi kalte ordainak eskatuko ote dituzten. Haren hitzetan, sententziak hiru marra gorri zehaztu ditu: «Maroko eta Mendebaldeko Sahara loturarik ez duten bi herrialde direla; akordioak autodeterminazio eskubidea urratzen duela, eta, azkenik, sahararren oniritzia behar dela, eta ordezkari legitimoa zein den zehaztu».
'Realpolitik'
Fronte Polisarioak bete-betean asmatu du baliabide naturalen espoliazioa salatzeko estrategia judiziala abiatuta. Europako Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza eta nekazaritza akordioen aurkako helegitea jarri zuen, eta, haiek baliogabetuta, amaitu da hamabi urteko katramila judiziala. Hurrengo urratsa erabakigarria izango da. Ordezkari sahararrek badakite realpolitik deitzen den hori epai judizialen eta nazioarteko ebazpenen gainetik dagoela. Salemek nabarmendu du erabakia «behin betikoa» dela, eta beste xehetasun bati ere erreparatu dio: «Europako auzitegia estatu kideen gainetik dago, eta barne zuzenbideak baditu mekanismoak epaiak ezarrarazteko. Hori da alde handiena nazioarteko zuzenbidearekin konparatuta».
Epaiak bide bat ireki du, eta ez du zalantzarako tarterik uzten, baina ez da erraza izango askatzea mende erdi korapilatuta daraman mataza. Marokok statu quo-ari eusteko ahalegin guztiak egingo ditu, eta argudiatu du sententziak «ageriko akats juridikoak eta interpretazio susmagarriak» dituela.
Sidatirentzat, hori ez da ezustekoa izan, eta azken urteetan hainbat herrialdek egindako jarrera aldaketa ere ez. «Frantzia izan da azkena. Maroko haren kolonia izan zen, eta okupazioaren alde egin du beti». Marokoren autonomia plana babestu izanaz ari da. Ameriketako Estatu Batuak eta Espainia izan ziren nazioarteko zuzenbidetik at dagoen plan hori babestu zuten lehenak.
«Ageri-agerian geratu dira. Publikoki adierazi dute lehen ezkutuan zuten jarrera, eta hori gure erresistentziaren garaipena da». Salemen irudikoz, gatazkaren sorreratik izan dira aliatuak hiru herrialdeak, eta oraingo jarrera aldaketen arrazoiak ere zehaztu ditu: «Donald Trumpen suhiak enpresak ditu Marokon. Emmanuel Macronen emazteak ere interes pertsonalak ditu han; Rothschild familiaren gertukoa da. Pedro Sanchezen jarrera aldaketan, berriz, ezkutuko zeozer dago...».
Misturaren hitzak
Staffan de Mistura NBEren Sahararako ordezkariari ongietorria egin zioten areto berean ari dira hizketan agintariak. Enegarrenez azaldu zioten autodeterminazio erreferenduma dela irtenbide bakarra, baina nazioarteko ordezkarien hitzek kezka sortu dute. Iturri batzuen arabera, kanpalekuetara egindako bidaiaren bueltan lurraldea bitan zatitzea proposatu zuten. NBEk gezurtatu egin du hori. Hala ere, ordezkariak autonomia planaren inguruko argibideak eskatu dizkio Rabati. «Hilik jaio da proposamen hori. Ez dauka etorkizunik. Burkina Fasoko ordezkari baten proposamena balitz... baina nazioarteko ordezkari batek hori esatea oso larria da».
NBE eta mundua bera erreformatzeko garaia dela diote, irribarretsu, Salemek eta Sidatik: «Mundu zaharra ez da erabat hil, eta berria jaiotzear dago». BRICS taldean daukate jarrita begirada; Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikan, alegia. Sahararren elezahar batekin esan dute agur: «Itxaroten dakienari itzala iritsiko zaio».