Palestina

Saeb Erekat PAEeko idazkari nagusia hil da, koronabirusak jota

Israel eta Palestinaren arteko azken hamarkadetako bake elkarrizketetan negoziazio taldeko buru izan zen. Urriaren 8an, koronabirusa zuela jakinarazi zuen. 65 urterekin hil da.

Saeb Erekat Palestina Askazeko Erakundeko idazkari nagusi hilberria, artxiboko irudi batean. RAED QUTENA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 10a
10:52
Entzun

Jerusalemgo Hadassah Ein Karem ospitalean zendu da PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusia. Larri ospitaleratu zuten, urriaren 18an. Lehenagotik ere arazoak izan zituen arnas aparatuarekin, eta birika bat transplantatu zioten 2017an, AEBetan.

Erekat Palestinaren nazioarteko bozeramaile izan da azken hiru hamarkadetan, eta PAEko indar nagusia den Al-Fatah mugimenduko kide zen. Palestinako negoziazio taldeko kide izan zen 1991an, Israelekin Madrilen izandako bake elkarrizketetan. Bi urte beranduago, Osloko elkarrizketetan parte hartu zuen. Yasser Arafatek gidatu zuen taldea orduan. Palestinaren negoziazio taldeko buru izendatu zuten 1995ean, eta hainbat bake elkarrizketetan parte hartu zuen ordutik.

Mahmud Abbas Palestinako presidenteak PAEko idazkari nagusi izendatu zuen 2015ean, Yasir Abed Rabboren ordez. Abbasen eta Arafaten aholkulari ere izan zen.

Palestinak eta Israelek beren estatu propioa izatea defendatu zuen Ekialde Hurbilean bakea lotzeko irtenbide gisa, eta gogor kritikatu zuen bide hori zailtzen duten kokagune israeldarren hedatzea. Joan den martxoan, BERRIAri eman zion elkarrizketan adierazi zuen AEBetako Gobernuak Ekialde Hurbilerako aurkeztu zuen planak Israelen «kolonizazioa eta krimenak» zuritu nahi zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.