HERBEHEREETAKO HAUTESKUNDEAK

Rutte, laugarren agintaldiari ekiteko moduan

VVD eskuineko alderdi liberalak irabazi ditu hauteskundeak. Koalizioa osatu beharko du gobernatzeko, eta D66 liberala eta kristaudemokratak dira horretarako hautagai nagusiak

Mark Rutte, atzo. BART MAAT / EFE
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 18a
13:22
Entzun

«Beste hamar urterako energia daukat», adierazi zuen, atzo gauean, Mark Ruttek. Eta herritarrek, hain zuzen, azken 11 urteotan Herbehereetako lehen ministro izandakoarengan konfiantza dutela erakutsi zuten atzo, parlamenturako hauteskundeetan. Botoen %90 pasa kontatuta, Rutteren VVD Askatasunaren eta Demokraziaren Herri Alderdiak irabazi ditu, jokoan zeuden 150 eserlekuetatik 35 lortuta —inkestek, oro har, 40 ematen zizkioten—. Eskuineko liberalek badituzte pozik egoteko motiboak, duela lau urteko bozetan baino bi jarleku gehiago izango baitituzte ordezkarien ganberan. Nolanahi ere, koalizio gobernu bat osatzeko bazkideak bilatu beharko ditu Ruttek, eta azadu du D66 liberalekin eta CDA kristaudemokratekin hitz egin nahi duela aukera horri buruz. Laugarren agintaldiari ekiteko moduan da.

Gehien bozkatu dituzten alderdietan bigarrena D66 izan da. Emaitzen berri izan zuenean, mahai baten gainera igo zen Sigrid Kaag hautagaia, pozarren. «Zeinen gau zoragarria», idatzi zuen Twitterren. 24 eserleku lortu ditu, aurreko bozetan baino bost gehiago. CDA demokristauek apur bat behera egin dute: hamabost parlamentari izango ditu, azken legegintzaldian baino lau gutxiago. Nolanahi ere, gobernuan jarraitzeko moduan da. VVDk, D66k eta CDAk 74 eserleku lortu dituzte guztira; hau da, ganberan gehiengoa edukitzeko baino bat gutxiago. Beraz, beste alderdi baten babesa beharko lukete eroso gobernatu ahal izateko.

Azkeneko gobernua, 2017 eta aurten artean agindu duena, hiru indar horiek eta Batasun Kristaua alderdiak osatu zuten. Oraingoan ere bost eserleku lortu ditu; beraz, berriro koalizioko laugarren indarra izateko moduan da. Aintzat hartu behar da gobernu horrek dimisioa eman zuela joan den urtarril erdialdean, seme-alabengatik jasotzen diren diru laguntzetan egindako iruzurrarengatik.

Wildersek, behera

Gert Wildersen Askatasunaren Alderdia izan zen gehien bozkatutako alderdietan bigarrena 2017an, baina oraingoan behera egin du immigrazioaren kontrako alderdi islamofoboak: 20 eserleku lortu zituen orain dela lau urte, eta 17 oraingoan. «Gehiago espero nituen», aitortu zuen Wildersek, eta agindu zuen oposizio sendoa egingo duela. Horren harira, emaitzek erakusten dute, Kaagen arabera, herbeheretarrak ez direla «estremistak, moderatuak baizik». LIberala izan da, hain justu, kanpainako debateetan Wildersen mezuari sutsuenen erantzun dion hautagaia.

COVID-19ak eragindako izurriak guztiz baldintzatu ditu bai kanpaina, bai hauteskundeak, baina parte hartzea, %82koa, azken 30 urteotako handiena izan da, aurreko marka, 2017koa, gaindituz.

Azken asteak mugituak izan dira Herbehereetan, gobernuak ezarritako etxeratze agindua dela eta —21:00etatik 04:30etara—; besteak beste, kalean istiluak izan baitira Poliziaren eta herritarren artean. Nolanahi ere, hauteskundeen alderdi irabazleak, hamarkada bat pasa gobernuan daramanak, aurrekoetan baino emaitza hobeak lortu ditu. «Badakit gauza asko gaizki joan direla azken urteotan. Ahalik eta azkarren hasi behar dugu lanean», esan zuen, atzo, Ruttek. Koalizio gobernu bat osatzea du lehen helburu.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.