Kataluniako alderdi subiranistek milioi bat boto inguru galdu dituzte azken hamarkadan, eta gehiengoa ere galdu berri dute Kataluniako Parlamentuan. Halere, hurrengo legegintzaldian ere gehiengoa edukiko dute hango Mahaian. Juntsek, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek akordio bat egin dute, eta Juntseko Josep Rull aukeratu dute ganberako presidente. Independentistentzat garrantzitsua da Mahaiaren kontrolari eustea, taldeko organo horrek erabakitzen baitu, besteak beste, zeri buruz eztabaidatzen den; hau da, agenda ezartzen du. PSCko hiru kide, Juntseko bi eta ERCko beste bi izango dira Mahaian.
Nolanahi ere, PPk eta Voxek iragarri dute helegitea jarriko dutela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, gaurko osoko bilkuran erabakitakoa bertan behera uzteko. Izan ere, boto telematikoaren kontra PSCk iaz jarritako babes helegite bati erantzunez, Konstituzionalak betoa ezarri die Juntsen bi diputatu erbesteratuei: debekatu egin die Carles Puigdemonti eta Lluis Puigi. Botoa delegatzea eta telematikoki bozkatzea. Konstituzionalak joan den astean kaleratutako sententziaren arabera, badira salbuespenak, ez da beharrezkoa beti aurrez aurre bozkatzea, baina bi parlamentari horiek ez daude salbuetsita, «beren borondatez erabaki baitute Espainiako zigor jurisdikzioaren ekinbideari ihes egitea».
Baina Adin Mahaiak hala erabakita, Puigdemontek eta Puigek botoa delegatu ahal izan dute. Organo horri dagokio parlamentua osatzeko saioa zuzentzea presidentea aukeratuta ez dagoenean, eta hiru kide ditu: parlamentari zaharrena du presidente, eta bi gazteenak idazkari. Kasu honetan, Agustin Colominas (Junts), Mar Besses (ERC Esquerra Republicana) eta Julia Calvet (Vox) izan dira, hurrenez hurren, eta, ganberaren arautegiaren 95. artikuluari helduz, erabaki dute botoa delegatzeko aukera ematea erbesteratuei, nahiz eta Voxekoa kontra egon. Desobedientzia egotz diezaiekete.
Bigarren bozketan aukeratu dute Rull. Aurrenekoan, ERC, CUP eta Aliantza Katalana ez beste alderdi guztiek beren presidentegaia aurkeztu dute, baina inor ez da gai izan gehiengoa osoa, hau da, 68 boto lortzeko. Bigarrengoan nahikoa zen gehiengo soilarekin. Lehen bozketan zuri bozkatu dute ERCk eta CUPek; bigarrenean, ordea, ERCko 20 diputatuek eta CUPeko laurek bat egin dute Juntsen 35ekin, eta, orduan, 59 bildu ditu Rullek. PSCko Silvia Panequek 42 lortu ditu, bere alderdiarenak, PPk, Voxek eta Comuns Sumarrek zuri bozkatu baitute — Aliantza Katalanaren botoak baliogabeak izan dira—.
Convergenciako historiko bat
Kontuan hartuta ganberako alderdi unionistak ahalegindu direla azken urteetan katalanaren estatusari eta, besteak beste, lurralde auziari buruzko eztabaidak eragozten, eta, horretarako, Espainiako epaileak lagun izan dituztela batzuetan, ganberako presidentetza eta Mahaiaren osaketa zehazteko orduan agenda subiranistari bide ematea lehenetsi dute Juntsek, ERCk eta CUPek, ikuspegi desberdinak izan arren agenda horretako auziei heltzeko orduan. «Errepresioaren kontrako Mahaia» deitu diote hiru indarrek. Comuns Sumarrekoak ere horretan parte hartzera deitu ditu CUPek azken egunetan, baina zuri bozkatzea erabaki dute. Bide batez: familia independentisten artean adostasuna lortzeko modua ematen duen figura bat da Rull.
MAHAIA
Behin parlamentua osatuta, hamar lanegun edukiko dituzte inbestidurarako presidentegai bat proposatzeko eta saioa egiteko; epe hori hilaren 25ean bukatuko da. Tarte horretan, talde parlamentarioetako ordezkariekin bilduko da ganberako presidentea, jakin ahal izateko nork edukiko lukeen babes gehien. Ondoren, izen bat plazaratuko du. Presidentetza Juntsen esku egonda, litekeena da Puigdemont proposatzea, nahiz eta amnistia legea oraindik ez den indarrean sartu eta erbestean jarraitzen duen. Testua aste honetan da BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratua izatekoa, eta epaileek bi hilabete edukiko dituzte aplikatzeko.
Ikusi gehiago
Mahairako itun bat lortu izanak ez du esan nahi ERCk eta CUPek Puigdemonten inbestidura babestuko dutenik, inondik ere. Oso zail izango du datozen hamabost egunetan Kataluniara itzultzea, amnistia onartuta ere Tsunamiaren auzia oztopo izan daiteke-eta horretarako. Hori bai, lehen inbestidura saioa egiten duten egunean inor izendatzeko gai ez badira, atzerako kontaketa hasiko dute, eta bi hilabete edukiko dituzte Generalitateko presidentea aukeratzeko; lortzen ez badute, bozetara deituko dute berriro.
Rullek 55 urte ditu, eta Convergenciaren historikoetako bat da. Generalitateko Lurralde Antolaketako kontseilaria zen Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua ezarri eta Kataluniako autogobernua baliogabetu zuenean, 2017ko urrian. Beste buruzagi independentista batzuekin batera, behin-behinean kartzelatu zuten 2018ko martxoan, eta 2019ko urrian hamar urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak, sedizio delitua egotzita. Moncloak buruzagi horientzako indultuak onartu zituen, eta 2021eko ekainean atera zen kartzelatik. Kataluniako Parlamenturako azken hauteskunde kanpainako debateetan, Juntsen ordezkaria izan zen, Puigdemont presidentegaiak, erbestean egonik, ez zuelako horietan parte hartu.