Rishi Sunaken agintaldiaren norabidea finkatuko duen bozketa sorta da. Asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeari buruzko lege proiektuak agerian utzi du, berriz ere, Erresuma Batuko politika zenbateraino den hauskorra, eta, batez ere, Alderdi Kontserbadorearen barne dinamikek zer-nolako eragina duten herrialdeko politikan. Krisi bilkurak, matxinada ohartarazpenak, konfiantza mozioko mehatxuak, denetik gertatu da migrazio plan horren inguruan, eta Sunakek, gaur bertan, premiazko gosari batera deitu ditu alderdikide diputatuak, arratsaldean Komunen Ganberan egin duten bozketa ez galtzeko. Azkenean, toryen matxinada atzeratzea lortu du Erresuma Batuko lehen ministroak: bigarren irakurketan, 313 ordezkarik bozkatu dute alde, eta 269k kontra.
Kontserbadoreetako inork ez du testuaren kontra bozkatu, baina muturrekoenek ohartarazi dute hirugarren irakurketan hori egin dezaketela, lege proiektuak ez baditu haiek defendatzen dituzten zuzenketak jasotzen. Datorren asteetan eta urtarrilean gertatuko da hori: zuzenketak aurkezteko aukera izango dute ordezkari politikoek, batzordean eta Lorden Ganberan; horren ondoren itzuliko da Komunen Ganberara, behin betiko bozketarako, hirugarren irakurketan. Tory horiek gaur bidali dute kezkarako lehen seinalea, horietako batzuk abstenitu egin baitira Komunen Ganberako bigarren irakuketako bozketan, Sunaki ohartarazita aukera bat eman diotela, eta hori baliatu behar duela.
Muturreko diputatu horiek defendatzen dute lege proiektua ez dela nahikoa, eta harago joan behar duela; besteak beste, migratzaileek aukera izango luketelako helegiteak aurkezteko, asilo eskariei ezezkoa emango baliete. Sunakek horrekin izango du arazoa, tory muturrekoenen zuzenketak jasoko balitu moderatuek kontra bozkatuko luketelako behin betiko bozketan. Etorkizun lausoa du, hortaz, Ruandara deportatzeko lege proiektuak.
Iazko apirilean adostu zuten akordioa Ruandako presidente Paul Kagamek eta Erresuma Batuko orduko lehen ministro Boris Johnsonek (2019-2022), eta akordioak helburutzat du Mantxako kanala gurutzatzen duten asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten Erresuma Batuan eskatu beharrean. Azken herrialde horretako Auzitegi Gorenak duela hilabete inguru ebatzi zuenez, ordea, plan hori legez kanpokoa da, migratzaileen segurtasuna ez litzatekeelako bermatua egongo. Sunakek, ordea, bere egin du itun hori, eta, are, erronka bota die epaileei; aurrera egitea erabaki, eta, duela astebete, beste akordio bat egin zuen Ruandarekin.
Londresen arabera, itun eguneratuak bermatu egiten du Afrikako herrialde horretarako bidaliko lituzketen migratzaileen segurtasuna, ez lituzketelako bidaliko beren bizitza edota askatasuna arriskuan jarriko luketen estatuetara. Horrekin batera, bi aldeek adostu zuten kontrolerako batzorde independentearen funtzioak indartzea, eta horrek ahalbidetuko luke, betiere Erresuma Batuko Gobernuak argudiatu duenez, deportaziorako eta asilo eskarien tramitaziorako finkaturiko baldintzak errespetatzea.
Aurten, Erresuma Batuan, 29.000 asilo eskari jaso dituzte, iaz baino heren bat gutxiago.
Erresuma Batuko Parlamentuko ibilbide osoa eginez gero, legeak berekin ekarriko luke nazioarteko zenbait hitzarmen urratzea, baita herrialdeko batzuk ere, tartean, Giza Eskubideen Legea. Sunakek esana du ez duela onartuko «atzerriko auzitegi batek [Ruandarako] hegaldiak blokeatzea»; Giza Eskubideen Europako Auzitegiari egin zion erreferentzia adierazpen horrekin, lehen hegaldia blokeatu baitzuen, iazko ekainean —gerora ez da hegazkin bakar bat ere aireratu—.
Datuei erreparatuz gero, aurten 20.000 lagunek igaro dute Mantxako kanala, baina ez du datu horrek eragiten Londresen kezkarik handiena: iaz 745.000 etorkin iritsi ziren Erresuma Batura, inoiz baino gehiago, eta aurten, denera, 670.000 izatea espero dute urtea amaitzerako; asilo eskatzaileak 29.000 izan dira aurten, iaz baino heren bat gutxiago —gobernuak baieztatu du horietako bat hil dela Bibby Stockholm ontzian—. Baina, horretaz harago, arazoak bestelakoak dira, kritikoen eta gobernuz kanpoko erakundeen arabera; besteak beste, asilo eskarien tramitazioa geroz eta luzeagoa dela, eta, oro har, migrazioaren aferari aurre egiteko gaitasunik eza erabatekoa dela.
Edonola ere, gobernuak ez du arreta hor jarria. Ruandarako deportazio plana indarrean sartuz gero, James Cleverly Erresuma Batuko Barne ministroak uste du urtero 300.000 lagun gutxiago iritsiko direla herrialdera; hori da lehentasuna.
Mugen kontrola
Brexit-aren aldekoen promesetako bat izan zen Erresuma Batuak bere mugen «kontrola berreskuratuko» lukeela, baina herrialdea 2020ko otsailean Europako Batasunetik atera zenetik agintarietako inork ez du lortu hori bermatzea; ez Johnsonek, ez Liz Trussek —iazko irailetik urrira izan zen lehen ministro karguan—, ezta Sunakek ere. Eta Alderdi Kontserbadorean geroz eta gehiago dira afera horretaz kritikak helarazten ari direnak, batez ere hilabeteotan.
Kexa horien guztien erakusle izan zen Robert Jenricken dimisioa, joan den astera arte Immigrazio Estatu ministro zenarena, zeinak uste duen lege proiektua moldatu beharra dagoela. Harekin batera presio egiten aritu da, gainera, Suella Braverman Barne ministro kargugabetua, Sunak hainbatetan kritikatuta; zeharka bada ere, Bravermanek agerian utzi du Erresuma Batuko lehen ministro kargua nahi duela, eta Ruandarako deportazio plana baliatu nahi du hori lortzeko.
Alderdi Laboristak kontra bozkatu du gaur, eta espero da azken bozketetan ere hori egitea. Horretan, nahikoa litzateke 29 diputatu toryk gauza bera egitea egitea edo 57 abstenitzea —kontserbadoreek gehiengo osoa dute Komunen Ganberan— Sunakek bere ibilbide politikoko porrotik garrantzitsuena izateko.