Azkenean, ez da matxinadarik izan Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorean, eta urrats bat atzera egin dute papergabeak Ruandara deportatzeko plana are gogorragoa izatea nahi zuten alderdikide askok. Duela hilabete pasa berritutako lege hori bozkatu zuten atzo gauean Komunen Ganberan, eta 320 toryk alde bozkatu zuten, eta oposizio guztiak, 276 diputatuk, kontra; horien artean, kontserbadore bakanen batzuk.
Rishi Sunak lehen ministroaren agintaldiko erronka handienetako bat izan da deportazio legearena, eta ahaleginak eta bi egin ditu alderdi barruko borrokek baliogabetu ez zezaten. Horren froga atzo azken orduan atzera bota zutela testuko puntuetako bat, 39. artikulua. Haren arabera, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak asilo eskatzaile baten kanporatzeari buruzko aurkako iritzia agertuz gero, funtzionarioek geldiarazi egin behar zuten prozedura. Aurrerantzean, ordea, Erresuma Batuko Gobernuak izango du azken hitza. Toryek oraindik ez dute zehaztu noiz jarriko duten abian deportazio plana; hori bai, «ahalik eta lasterrena» izatea nahi du Sunakek, egitasmoa onartu ondoren egindako agerraldian esan duenez.
Aintzat hartu behar da Boris Johnson Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterra zenak (2019-2022) egin zuela akordioa Paul Kagame Ruandako presidentearekin, 2022ko apirilean. Itunak jasotzen zuen Mantxako kanala gurutzatzen duten eta Erresuma Batura iristen diren asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten. Londresek segituan jarri nahi zuen martxan plana, eta papergabeak Afrika erdialdeko herrialde hartara deportatzeko lehen hegazkina urte hartako ekainean zen abiatzekoa, baina Estrasburgoko auzitegiak esku hartu zuen, eta hegazkina, azkenean, ez zen aireratu. Iazko azaroan, gainera, Erresuma Batuko Gorenak legez kanpokotzat jo zuen papergabeak Ruandara deportatzea, eta nabarmendu herrialde hori ez dela segurua asilo eskatzaileentzat. Ruandak plazaratu izan du, halere, ez dagoela ados Gorenak ebatzitakoarekin.
Ikusi gehiago
Iazko abenduaren erdian Komunen Ganberan egin zuten bigarren bozketan, abstenitu egin ziren diputatu tory muturrekoenak, eta inork ez zuen testuaren aurka bozkatu. Baina iragarri zuten ez zutela baztertzen hirugarrenean aurka egitea. Atzo ez zen halakorik gertatu, ordea. Alderdiko iturri batek The Guardian egunkariari azaldu zionez, legearen aurka bozkatzea Sunaken dimisioa behartzea litzateke, eta ez da euren asmoa «gobernua desegitea».
Suella Braverman Barne ministro kargugabetua izan da legearen aurka gogorren hitz egin dutenetako bat, Robert Jenricken Immigrazio Estatu ministro ohiarekin batera. Bravermanek atzo nabarmendu zuen britainiarrak «aspertuta» daudela migratzaileen txalupak «geldiarazteko ezintasunaz», eta ohartarazi atzokoa zela «gauzak zuzen egiteko azken aukera». Sunakek gezurtatu egin zuen, baina, eta zehaztu «heren bat» gutxiago izan zirela iaz itsasoz Erresuma Batura heltzen ahalegindu ziren migratzaileak: «20.000 pertsona deportatu genituen jaioterrira, %70 handitu legez kanpoko migratzaileen aurkako sarekadak, ehunka lagun atxilotu, eta milaka kontu korronte itxi genituen».
Sunakek esandakoa indartu nahi izan zuen Downing Streeteko 10. zenbakiko bozeramaile batek, eta BBC telebista kateari adierazi zion, atzo, onartutakoa dela «legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko Komunen Ganberan inoiz aurkeztu den legedirik zorrotzena. Argi uzten du hona legez kanpo etortzen bazara ezingo zarela geratu».
Brexit-aren aldekoen promesetako bat izan zen Erresuma Batuak bere mugen «kontrola berreskuratuko» zuela, baina, herrialdea 2020ko otsailean Europako Batasunetik atera zenetik, agintarietako inork ez du lortu hori bermatzea; ez Johnsonek, ez Liz Trussek —2022ko irailetik urrira izan zen lehen ministro—, ezta Sunakek ere. Eta Alderdi Kontserbadorean geroz eta gehiago dira afera hori kritikatzen ari direnak, batez azken ere hilabeteotan.
Komunen Ganberan onartua izan den arren, Sunakek baditu, oraindik, auzi hori dela-eta kezkatuta egoteko motiboak. Toryen artean oraindik bera baino eskuinerago daudenek jakinarazi diote Lorden Ganberako tramitazioan trabak jarriko dizkiotela, eta testuari zuzenketak egiteko asmoa dutela. Kontserbadoreek, gainera, ez dute gehiengorik ganbera horretan.
Ruanda, dirua itzultzeko prest
Eta atzo legeaz eztabaidatzen ari ziren bitartean, BBCk Kagama presidentea elkarrizketatu zuen, eta hark jakinarazi zuen azkenean papergaberik bidaltzen ez badute —zeren Londresek ez du bermerik hori hala izango dela ziurtatzeko— Ruandak itzuli ahalko lukeela akordioarengatik orain arte jasotako dirua. Bost urterako da ituna, eta, jakinarazi dutenez, momentuz 240 milioi libera esterlina eman dizkiote jada Ruandari (280 milioi euro inguru), eta aurreikusita dago beste 50 ematea (58 milioi euro).