Erresuma Batuko Gobernuak asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko duen plana «legez kanpokoa» dela ebatzi du gaur Londresko Apelazio Auzitegiak. Haren ustez, herrialdeko asilo sistema aldatu egin beharko litzateke, Boris Johnson lehen ministro ohiak (2019-2022) onartutako baina giza eskubideen aldeko erakundeek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak zalantzan jarritako ekinbide hori aurrera eramateko. Auzitegi Nagusiak babestu egin zuen sistema hori abenduan, Afrika ekialdeko estatua «garabidean den herrialde segurutzat» har zitekeela argudiatuta, baina, ekintzaileek eta asilo eskatzaileek epaiaren aurka errekurtso bat aurkeztu ostean, Apelazio Auzitegiak atzera bota du Auzitegi Nagusiaren erabakia.
Hiru epaile nagusiek gehiengoz ebatzi dute Ruanda ezin dela «segurutzat» hartu, herrialdeko asilo sistemak dituen «hutsuneen» ondorioz. Hori dela eta, epaileek «arrazoi sendoak» dituzte Ruandara bidalitako iheslariak haien jaioterrira itzultzeko «benetako arriskua» dagoela uste izateko. Hori bai, auzitegiak ebatzi duenez, «akats» horiek zuzendu arte, asilo eskatzaileen kanporatzea legez kontrakoa izango da.
Edonola ere, auzitegiaren kanpoan zeuden dozenaka herritarrek ospatu egin dute epaia. Freedom from Torture erakundeak, biktimei babesa ematen dienak eta gaiari buruzko kanpaina egiten duenak, adierazpen hau egin du: «Pozarren gaude epaiak herrialde honetako jende solidarioak bazekiena baieztatu duelako. Erresuma Batuko Gobernuak Ruandarekin duen akordioa, erabat immorala izateaz gain, herrialde honetako legeen aurka doa».
Rishi Sunak Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterra Ruandara deportatzeko planaren alde azaldu da behin baino gehiagotan, Mantxako kanaleko bidegurutzeak galarazteko. Gobernuak 2022ko apirilean iragarri zuen akordioa Ruandarekin, eta lehen hegaldia ekainean bertan abiatzekoa zen, baina azken orduan bertan behera utzi duten, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren esku hartzearen ondoren. Orduan, barne prozesu judizial arantzatsu bat abiatu zen, eta lekualdatze horien aldagaiak aztertu dituzte, baita migratzaile kaltetuen babesgabetasun egoeragatik ere.
Sunakek migrazioaren kopuruak murrizteko konpromisoa hartu du, Frantziatik Erresuma Batuko hegoaldera iristen diren «itsasontziak geldiarazteko» asmoz. Halaber, aldaketak iragarri ditu kanporatzeak arintzeko eta ferryak hedatzeko, Mantxako kanala zeharkatzen dutenak aldi baterako hartzeko.
Kanala gurutzatzeko saiakeran, hain zuzen, berrehun pertsona baino gehiago hil dira 2014az geroztik, OIM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera. Urtea hasi zenetik bi lagun hil direla zenbatu du OIMk.