Ruandako eta Kongoko presidenteak su etena adostearen alde agertu dira

Afrika ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeetako buruzagi militarrek bost eguneko epea dute Kongoko Errepublika Demokratikorako su etenaren baldintzak eztabaidatzeko.

EAC eta SADC osatzen duten herrialdeetako agintariak, gaur, Tanzaniako hiriburuan. ANTHONY SIAME / EFE
EAC eta SADC osatzen duten herrialdeetako agintariak, gaur, Tanzaniako hiriburuan. ANTHONY SIAME / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 8a
18:46
Entzun

Iragan astean hartu zuen M23 Martxoak 23 mugimenduak Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko Goma hiria. Gatazkaren areagotzeak Ruandaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko liskarra eragin du. Izan ere, Kongoko Errepublika Demokratikoaren arabera, M23ko kide batzuk Ruandako soldaduak dira —Ruandak beti ukatu du bere parte hartzea—. Gaur elkartu dira bi herrialdeetako presidenteak EAC Ekialdeko Afrikako Erkidegoak eta SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Komunitateak elkarrekin antolatutako bilera batean, eta su etenaren beharra aldarrikatu dute.

Ruandako presidente Paul Kagame eta Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekedi biltzeko hamaika saiakera egin dituzte eskualdeko agintariek azken asteetan; eta, gaur lortu dute biak ados jartzea gatazka etetearen garrantziaren inguruan. Borrokak areagotu zirenetik, Kenyako presidente William Ruto izan da bake elkarrizketak egitearen alde agertu den buruzagietako bat, eta gaurkoan gidaritza hartu du. «Horrelako egoera konplexu batean, ezin dugu pentsatu tiroak eta bonbak jaurtiz konponbidea aurkitu dezakegunik», esan du Rutok bilera hasi aurretik egin duen agerraldian.

Tanzaniako hiriburuan elkartu dira herrialdeetako buruzagiak, eta, menia beharrezkoa dela aldarrikatzeaz gain, hura ezartze aldera lanean jarri dituzte beren armadak. Bilera amaitzean ohar baten bidez jakinarazi dutenez, bileran parte hartu duten agintariek bost eguneko epea eman diete beren buruzagi militarrei Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta M23aren arteko su eten baten baldintzak eztabaidatzeko. «Berehalako eta baldintzarik gabeko su eten bat aurrera eramateko orientazio teknikoa eskainiko dute herrialdeetako buruzagi militarrek», iragarri dute oharrean.

Kagame Tanzanian dagoen arren, Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea ez da bertaratu; bideokonferentzia bidez aritu da bileran. Dirudienez, ez da egongo biak bakarrik elkartzeko aukerarik, beste behin. Izan ere, gatazka areagotu zenetik ez dira elkartu.

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadaren eta matxinoen arteko borrokak areagotu dira azken egunetan, eta matxinoek Goma hartu eta aurreneko astean 900 hildako eta 2.800 zauritu inguru eragin zituzten. Eta, matxinoek su etena aldarrikatu bazuten ere, ez dirudi bi aldeen arteko gatazka eten denik. AFP Agence France-Presse albiste agentziaren arabera, matxinoek Iparraldeko Kivu probintzia kontrolpean izateaz gain —Goma da eskualdeko hiriburua—, Hegoaldeko Kivura gerturatzen ari dira: probintzia horretako hiriburu Bakuvutik 60 kilometrora ari dira borrokan.

NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arabera, Ruandako soldaduak borroka horietan parte hartzen ari dira. Are gehiago, NBEren datuen arabera, Ruandako 4.000 soldadu M23ko kideak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.