Ruandak erran du su etena beharrezkoa dela Kongoko Errepublika Demokratikoan

M23 gerrillari «laguntza» eman izana egotzi diote AEBek Ruandari. Afrikako Batasunak ohartarazi du gatazkaren eragileek «ondorioak» nozituko dituztela.

Kongoko Errepublika Demokratikoko Kinshasa hiriburuko herritarrak, protestan. CHRIS MILOSI / EFE
Kongoko Errepublika Demokratikoko Kinshasa hiriburuko herritarrak, protestan. CHRIS MILOSI / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 29a
15:11
Entzun

Paul Kagame Ruandako presidenteak gaur goizaldean erran du Kongoko Errepublika Demokratikoan su etena bermatzea beharrezkoa dela. Marco Rubio AEB Ameriketako Estatu Batuetako idazkariarekin telefonoz aritu ondotik eman ditu Kagamek adierazpenak. Astelehenean hartu zuen M23 Martxoak 23 Mugimenduko gerrillak Kongoko Errepublika Demokratiko ekialdeko Goma hiria, eta ordutik milaka lagunek Ruanda mugakidera ihes egin dute. 

Gaur, ia hiri osoa hartu dute matxinoek; hainbat gune estrategiko kontrolatu dituzte, horien artean, aireportua, portua eta Goma mendia. Kongoko Armada matxinoei kontra egiten saiatu bada ere, soldaduek eta haien milizia aliatuek Goma hiritik alde egin behar izan dute gaur; ondoko Nyiragongo lurraldean errefuxiatu dira. 

Rubiok, Ruandako presidentearekin solastatu ondotik, nabarmendu du AEBak «hagitz kezkatuta» daudela Kongoko Errepublika Demokratikoko erasoekin, eta, gaineratu du Ruandak berak «babestu» egiten dituela M23ko gerrillariak —tutsiak dira nagusiki—. AEBak ez dira, ordea, Ruandari matxinoei «laguntzea» leporatzen dioten bakarrak; izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Kongoko Gobernuak ere hala egotzi diote sarritan. Ruandak, baina, ukatu egin ditu akusazioak. 

Larrialdiko goi bilera

Horrez gain, bertze gerrilla bat ere erasoak egiten ari da Kongo ipar-ekialdean: ADF Indar Demokratiko Aliatuak milizia. Oraindik ez dago hildakoen eta zaurituen datu zehatzik, baina, NBEko erakunde humanitarioetako bozeramaileek eta Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak jakinarazi dutenez, leku jendetsuetan artilleria astuna erabiltzen ari dira, eta horrek zauritu anitz eragin ditu. Atzo hamazazpi lagun hil zituzten, eta laurehun zauritu. 

Ruandari gatazkan esku hartzea leporatzen dioten modu berean, M23k eta Ruandak Kongoko armadari egotzi diote FDLR Ruandaren Askapenerako Indar Demokratikoarekin elkarlanean aritzea. FDLR gerrilla hutuek osatzen dute.

William Ruto Kenyako presidenteak astelehenean erran zuen Ruandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko buruzagiek «larrialdiko goi bilera bat» eginen zutela. Kongoko Presidentetzako komunikazio bulegoak, baina, gaur jakinarazi du Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea ez dela Afrika Ekialdeko Erkidegoaren (EAC) goi bilerara joanen. Presidentearen bozeramaile Tina Salamak argudiatu du «agenda arrazoiak» direla-eta hartu duela erabakia. 

Afrikako Batasunaren Gai Politiko, Bake eta Segurtasun batzordeak M23k Goman egindako erasoak gaitzetsi ditu, eta eskatu du «erabat errespetatu» dezatela herrialdearen subiranotasuna, batasuna eta lurralde osotasuna. Atzo arratsaldean egin zuten batzordeko kideek bilera, eta adierazi zuten «kezkatuta» zeudela matxinoen «ofentsibengatik». Gatazka horren eragileek «ondorioak» nozituko dituzte, eta okupatutako herrietatik «berehala» alde egiteko exijitu diete. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.