Hiru aldagaik ahalbidetu dute Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusia Kataluniara itzultzea, Suitzan, erbestean, sei urte pasa igaro ondoren. Batetik, Espainiako Kongresuak 2022ko abenduan sedizio delitua indargabetzea; hau da, hori Zigor Kodetik kentzea. Bestetik, Kongresuak berak aurtengo maiatz amaieran amnistia legea onartzea. Eta, azkenik, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak Tsunami auzia artxibatzea, asteon.
U-1eko auzian ikerketapean zegoen 2018 hasieran. Urte hartako otsailaren 19an, Pablo Llarena Goreneko instrukzioko epailearen aurrean deklaratu zuen. 2017ko urriaren 1ean erreferenduma egin zutenean, Rovirak ez zuen kargurik Generalitatean, baina parlamentaria zen Kataluniako Parlamentuan —2011tik da alderdiaren idazkari nagusia—, eta galdeketa hauspotzea leporatu zion Llarenak. Aske geratu zen, 60.000 euroko bermea ordainduta. Oriol Junqueras ERCko presidentek jada hilabete batzuk zeramatzan preso. Martxoaren 23rako ere deklaratzera deituta zegoen ERCko idazkari nagusia. Ez zen Madrilera joan, ordea: Suitzara erbesteratu zen, Genevara. Egun hartan, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa buruzagi subiranistak behin-behinean kartzelatu zituen Llarenak, matxinada delitua egiteagatik auzipetuta. Bide batez, Rovira estraditatzeko eskatu zion Suitzari.
Suitzak beti egin izan dio uko eskaera horri. Han egon da Rovira, ez da herrialde hartatik atera —ez zen, Carles Puigdemont gero izan zen moduan, foruduna—, eta handik kasu egin zion buruzagi subiranisten kontrako epaiketari. 2019ko urrian, epaia ematean, matxinada baztertu eta sedizioa egotzi zien Gorenak zortzi buruzagi subiranistari. Rovira matxinadagatik zegoen jazarria, baina praktikan sedizioa zen mehatxua epaiketa posible batean. Ia bi urte geroago, 2021eko ekainean, Espainiako Gobernuak indultua eman zien espetxeratuta zeuden buruzagi independentistei. Baina zigortua ez zegoenez, Rovirak ezin izan zuen neurri hori baliatu.
2.303Rovirak erbestean egin dituen egunak. Marta Rovira 2018ko martxoaren 23an erbesteratu zen, eta ordutik sei urte pasa egin ditu Suitzan; hau da, 2.303 egun.
Kataluniako gatazka auzitegietatik atera eta politikaren eremura eramateko hurrengo saioa, berriz, Zigor Kodea erreformatzea izan zen, modu horretan sedizioa indargabetzeko eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzeko. PSOEk eta ERCk negoziatu zuten, eta Kongresuak onartu zuen 2022ko abenduan, aldeko 184 botorekin —gehiengo osoa lortzeko 176 behar dira—. Aintzat hartu behar da ERCk eta PSOEk azken urteetan izan dituzten (eta dauzkaten) elkarrizketetako mintzakide nagusietako bat izan dela Rovira, erbestean egonagatik.
Behin sedizioa indargabetuta, soilik desobedientzia delituagatik zegoen jazarria, eta horrek esan nahi zuen itzulita ere ez zutela espetxeratuko. Baina orduan, 2023 hasieran, Rovirak azpimarratu zuen ez zuela nahikoa berme atxilotua izateko arriskurik gabe bueltatzeko. Manuel Garcia Castellon, Auzitegi Nazionaleko epailea, 2019ko urritik ari zen ikertzen buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren epaiaren ondoren 2019ko urriaren 14an Bartzelonako Prat aireportuan egindako protesta ekintzak, Tsunami Demokratikoak deitutakoak.
Forma akats bategatik
Eta hilabete batzuk geroago, iazko azaroan, noiz eta ERC, Junts eta PSOE Pedro Sanchez Espainiako presidentearen inbestidura negoziatzen ari zirenean, Garcia Castellonek Rovira eta Puigdemont, besteak beste, «terrorismoa» egotzita inputatu zituen, Tsunami Demokratikoaren ekintzen lidertzat joz. Horrek ekar zezakeen, hortaz, itzuliz gero atxilotze agindu bat aktibatzea edo behin-behineko kartzelatze bat eragitea.
Suitzan jarraitu zuen Rovirak, eta, duela hilabete eta erdi, maiatz amaieran, amnistia legea onartu zuen Kongresuak. Bi aste geroago sartu zen indarrean, Rovirari egotzitako desobedientzia ere estaliz. Tsunami auzia-k, baina, bere horretan jarraitzen zuen. Harik eta aste honen hasieran artxibatu duten arte, forma akats bategatik. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko epaile batek deliberatu zuen astelehenean, ikerketapean zegoen pertsona baten helegiteari erantzunez, indargabetu egin behar zirela Garcia Castellonek 2021eko uztailaren 29az geroztik egindako diligentziak, zeren, 2021eko uztailaren 29an amaitzekoa zen instrukzioa, eta egun bat geroago luzatu zuen, epez kanpo. Horiek horrela, atxilotua izateko arriskurik gabe itzuli ahal izan da Rovira.