ERC Esquerra Republicanak ohartarazpen bat egin dio PSCri: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ez baldin bada gai Kataluniaren finantzaketa eredu propioaren auzian urratsak egiteko, nekez babestuko dute Salvador Illa PSCren hautagaia Generalitateko presidente izateko. Hori nabarmendu du gaur Marta Rovira idazkari nagusiak errepublikanoen Kontseilu Nazionalean. Eta Illak adierazi du, geroxeago, Espainiako Gobernuak Kataluniaren finantzaketa hobetzen lagunduko duela, eta «Kataluniaren berezitasunari» erantzungo diola.
Bi alderdietako ordezkariak asteartean bilduko dira Illaren inbestiduraz hitz egiteko. Juntsekin ere batzartzekoak dira ERCkoak. Rovirak proposamenak egiteko eskatu die bai PSCri, bai Carles Puigdemont buru duen alderdiari. «Inork ez du planteamendu bakar bat ere egin». Josep Rull (Junts) Kataluniako Parlamentuko presidente aukeratu berria datorren astean batzartuko da ganberan ordezkaritza lortu duten alderdietako kideekin, jakiteko inbestidura saio batean nork eduki dezakeen babes gehien. Ondoren, izen bat plazaratuko du. Saio hori hilaren 25erako egin behar dute, beranduenez.
Roviraren hitzetan, ERCk eska dezakeen «gutxienekoa» da finantzaketa eredu propio bat edukitzea. «Baliabiderik ez baldin badago, murrizketak egongo dira». Alderdiaren lehentasun nagusia da, erreferendum adostuaren aurretik, eta idazkari nagusiak hori bera berretsi du gaur. Illak keinu bat egin dio gaur, Baix Llobregat eskualdeko PSCren batzarrean egindako agerraldian, eta bere egin du ERCren argudioetako bat: «Ez da posible ekarpen handienetan Katalunia hirugarrena izatea, baina, baliabideak jasotzeko orduan, hamalaugarrena izatea. Ez da pribilegio bar, justizia kontu bat baizik».
Espainiako Gobernuak joan den ostegunean iragarri zuen Kataluniako finantzaketa eredu propioaren auzian aurrerapausoak emateko prest dagoela. Maria Jesus Montero Espainiako lehen presidenteordeak eta Ogasun ministroak RNE irrati katean egin zioten elkarrizketa batean esan zuen Kataluniaren «beharrei» erantzungo dietela, baina, betiere, Espainiako erkidegoen finantzaketa ereduan egin asmo duten «erreforma global baten barruan».
ERCk, ordea, ez du formula hori nahi: Katalunian ordaintzen diren zerga guztiak Generalitateak biltzea nahi du. Rovirak argi utzi du. «Erregimen bateratutik kanpo geratu nahi dugu; aldebiko harreman bat eduki nahi dugu estatuarekin. Hori behar du herrialdeak». EAEren kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroaren hitzarmenaren pareko akordio bat nahi du. Aintzat hartu behar da finantzaketa eredua negoziatzea jasota dagoela ERCk eta PSOEk joan den azaroan egindako akordioan Sanchez Espainiako presidente izendatzeko. Juntsek ere finantzaketa eredua propioaren aldeko kanpaina egin zuen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan. PSCk, aldiz, Kataluniarako zerga partzuergo bat proposatu zuen.
«Erregimen bateratutik kanpo geratu nahi dugu; aldebiko harreman bat eduki nahi dugu estatuarekin».
MARTA ROVIRA ERCren idazkari nagusia
Finean, 2012an Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalaren antzeko planteamendu bat egin dute orain bi alderdi subiranista hegemonikoek. Itun hari CiUk, ERCk eta ICVk eman zioten babesa; baita PSCk ere, partzialki. Generalitateko orduko presidente Artur Mas planteamendu harekin joan den Moncloara, baina Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua zenak ez zuen bide horretan urrats bat bera ere egin nahi izan. Kataluniak finantzaketa eredu propio bat edukitzearen kontra daude PPk gobernatzen dituen erkidegoak, eta aurreratu dute, jada, beren esku dagoena egingo dutela hori eragozteko.
Illa, hirukoa lehenetsiz
Eta ERC limurtzeko orduan, Illak azpimarratu du ez dutela ezkerreko hirukoak markatutakoa ez den beste biderik ibiltzeko asmorik gobernua osatzerakoan. Comuns Sumarrek ere asmo hori agertu du joan den maiatzaren 12an egindako bozen biharamunetik, eta, Jessica Albiach liderrak gaur alderdiaren Kontseilu Nazionalean esan duenez, hori da «aukera bakarra». Generalitateko presidentea izendatzeko, lehen bozketan 68 boto behar dira; hain zuzen, kopuru hori batzen dute hiru alderdiek: 42 PSCk, 20 ERCk, eta sei Comuns Sumarrek.
Horiek horrela, erabaki bat hartu beharra dauka ERCk: Illa presidente egin edo ez —azken hitza militanteek edukiko dute, dena den—. ERCk, PSCk eta Comunsek elkarrekin gobernatzen dute, besteak beste, Bartzelonako Diputazioan. Gainera, ERCren Bartzelonako Udaleko taldea prest dago han Jaume Collboni (PSC) alkatearekin gobernatzeko, militantziaren azken hitzaren zain. Bi zirkunstantzia horiei gehitu Kataluniako Parlamentuko aurreko legegintzaldian bi alderdiek hainbatetan elkar hartu zutela, eta Madrilen ERC dela PSOEren makulu nagusietako bat. Rovirak Ser irrati katean atzo nabarmendu zuenez, baina, inbestidurarako negoziazioek ez dute zerikusirik beste egoera horiekin.
Kataluniako Parlamentuko presidentea aukeratzeko orduan, ERCk Juntsen hautagaiaren, Rullen, alde egin zuen aurreko astelehenean, nahiz eta Alicia Romero PSCren bozeramaileak hurrengo egunean azaldu zuen bozketa horretan ERCri babesa eskaini ziotela, errepublikanoek ganberaren presidentetza eduki zezaten. Astelehenean gertatutakoak ez du esan nahi, ordea, ERCk —eta CUPek— Puigdemont babestuko zuketenik inbestidura saio batean. Bigarren bozketan nahikoa da gehiengo soila, baina kasu horretan ere ezingo litzateke izendatua izan Juntsekoa, PSC ez baldin bada abstenitzen. PSCk esan du ez duela hori egingo, argudiatuta Illak irabazi zituela bozak.