Ariel Larroude (Buenos Aires, 1984) Politika Kriminaleko aholkularia da, eta Argentinako Segurtasun Ministerioko zuzendari izana. Horrez gainera, Politika Kriminaleko Behatokiko kide ere bada, eta talde horrek Un sueño de paz txostena idatzi du (Bakea amets), Rosarioko narkotrafikatzaileen indarkeriaren analisi bat.
Ikusi gehiago:Argentinako presidenteak militarrak bidali ditu Rosario hirira, segurtasuna bermatu asmoz
Rosarioko narkotrafikoaren eta indarkeriaren arazoa azaltzeko, esan izan duzu herri xehearen erosahalmena apaldu izanaren ondorio dela partez.
Zehazki, zerikusia du Rosarioko egoerarekin: Argentinako hiririk garrantzitsuenetan bigarrena da, herrialdeko agroindustriaren hiriburua, eta, hala ere, ez da probintziako hiriburua. Horregatik, ekonomiaren gorabeherek ez dute berdin eragiten Rosarion eta beste hiri batzuetan, beren garrantzia dela-eta hein handi batean lan publikoaren mende daudenetan. Rosarion ez dago estatuaren burokraziarik, eta, hortaz, gauzak okertzen direnean, horrek askoz gehiago eragiten dio ekonomikoki herri xeheari. Rosario Handian, 112 villa edo txabola auzoak eraiki dira diktadura militarraz geroztik, eta, gaur egun, biztanleen %40 pobre bizi diren honetan, horrek bereziki eragiten du halako auzoetan; izan ere, kaleko droga trafikoa handiagoa izaten da bazter horietan, estatua Poliziaren bitartez baino iristen ez den lekuetan. Kontuan hartu beharra dago beste eragile bat dagoela orain sare horretan guztian: langile pobrea, hil amaierara iristen ez dena.
Zuk proposatua duzu tokiko Polizia kalea kontrolatzeko lanetik kentzea…
Premiazkoa da hori, Rosarioko Polizia zatitua baitago, eta elkar harturik mafiaren egiturekin; izan ere, nahiz eta legez jazarri egin beharko litzaiekeen mafia horiei, oraintxe haiekin lehian dabil, boterea nork eskuratuko. Hamar urteotan, izugarri atomizatu dira Rosarioko Poliziaren lurralde egiturak, eta orain ez diete men egiten probintziako Poliziako goi kargudunei eta askoz ere gutxiago botere politikoari; horren ondorioz, inor ez da indarkeria kontrolatzen ari. Indarra arazteko politika bat behar da, eta, hori gertatzen ez den bitartean, indar federalek arduratu behar lukete delitu arrunten eta konplexuen prebentzioaz. Horretarako, Rosarioko Polizia patruilatze lanetik kendu behar da, eta administrazio kontuetan lanean jarri, edo bestelako lanetan.
Era berean, proposatu duzu indarrean den drogen legea aldatzea eta krimenaren benetako analisi bat egitea.
Argentinan, drogen 23.737 legea zaharkituta dago. Bi-biak zigortzen ditu: bai norberak kontsumitzeko droga pixka bat edukitzea, bai droga tonaka salerostea. Hori dela eta, kasu multzo izugarri handi bat pilatzen da, eta horri heldu behar dio, hala delitugileei jazartzeko eta prebentzioa prestatzeko garaian, nola delitu konplexua konfiguratzeko garaian. Argentina osoko poliziek abiatzen dituzten prozeduren %70, hain zuzen, droga edukitze hutsaren delituagatik eta norberaren kontsumorako droga edukitzearen delituagatik abiatzen dira. Argentina, gainera, legezko kalamu industria bat garatzen ari da; badirudi horrek garabidea emango diola herrialdeari, eta urtean mila milioi dolar ekarriko dizkiola. Hori hala izanik, landare berberaz ari garelarik, ez da posible alde batetik garapena indartuko duen egitura legezko eta industrializatu bat edukitzea eta bestetik, berriz, landare hori legez kanpo erretzen duenari jazartzea. Kontraesan handia da. Krimenaren analisiari dagokionez, bestalde, armagabetzeko kanpainak indartu behar dira Argentina osoan, baina batik bat Rosarion. Hainbeste eta hainbeste hilketa izanik eta hilketa horien %90 su armaz eginak izanik, gizarte zibila armagabetu behar da lehenbailehen. Hamar urteotan, desarmatze kanpaina bakarra egin da, eta emaitza onak izan ditu, baina urtero egin beharra dago.
Duela egun batzuk, gobernuak agindu zuen indar federaletako eta armadako kide gehiago bidaltzea herri xehearen auzoak urbanizatzeko, eta jakinarazi zuen Finantza Informazioaren Unitatearen bulego bat jarriko dutela.
Lehen esan dudan bezala, tokiko Polizia zatituta dagoen bitartean Polizia federalak ezingo du ezer egin, tokikoak ezagutzen baitu lurraldea xehe-xehe. Armadako Ingeniarien Batailoiak urbanizazio lanak egiteari dagokionez, lehenik, ez dut uste azkenean lan horiek egingo dituztenik. Finantza Informazioaren Unitatearena garrantzitsua da, baina egitura kriminal osoari modu artikulatuan ekingo dion plan politiko baten parte izan behar du, eta helburuen artean eduki behar du agerian uztea zenbateraino dauden elkar hartuta Poliziaren egiturak eta Rosarioko establishment-a, bai aktiboak zuritzeko lanean, bai agroindustriaren etekin zirkuituak zuritzekoan, bai hiriaren garapen urbanorako proiektuetan eta abarretan. Bestela, ez du inolako zentzurik, eta ez da izango exijentzia mediatikoa pixka bat lasaitzeko beste neurri bat baino.
Diotenez, narkotrafikoaren lider nagusiak preso egotearen ondorio ere bada egoera.
Bai, buruzagitza kriminalaren falta esaten diogu guk horri. Bandetako bururik zaharrenak preso egonik, buruzagitzaren bigarren eta hirugarren lerroetakoak lehian dabiltza, bai elkarrekin eta bai banden barrukoekin. Narkotrafikatzaileen egituren hierarkiak zatitzen ari da prozesu hori, eta indarkeria izugarria dakar. Onartu beharra dago galdua dela «drogen kontrako gerra», eta zera egin behar dela: batetik, ahalegina egin agentzia horien atzean dagoen finantza sarea zeharkatzeko, eta, bestetik, leku eman droga jakin batzuk legeztatzearen eztabaidari, hartara ilegaltasuna apaltzeko, horrexek garestitzen baititu halako substantziak.
Argentina. Ariel Larroude. Politika Kriminaleko aholkularia
«Rosarioko Polizia botere lehian dabil narkotrafikatzaileekin»
Segurtasun Ministerioko zuzendari izandakoaren esanetan, oinarrizkoa da armagabetze politikak indartzea Argentina osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu