Ofizialki gaur hasi dute 2012ko presidentetzarako bozetan Barack Obama AEBetako presidentearen aurka arituko den hautagai errepublikanoa aukeratzeko lehia. Alderdi errepublikanoko boto-emaileak konbentzitzeko, ordea, mitinen, argazkien, telebistako debateen eta irribarreen ibilbide luzea daramate hautagaiek. Sei hilabete iraungo dute hauteskunde primarioek, eta Iowa estatuan egingo dute lehen etapa. Lehian diren zazpi hautagaietatik Mitt Romney nabarmendu da, baina faboritoen dantza etengabea izan da azken hilabeteetan.
Igoera eta jaitsiera zorabiagarri horien erdian finko mantendu da Romney, baina orain arte ez da gai izan bere hautagaitza gainontzekoen artean nabarmentzeko. Beti dago lehiaren buruan —baita 2008ko primarioetan ere— baina bere diskurtso moderatuak ez ditu alderdiko kideak guztiz konbentzitzen, eta hautagai berriekiko ilusioa berehala pizten zaie. Massachusettseko gobernadore ohiari anbiguoa izatea egotzi izan diote maiz. Dena den, Romneyren gabeziarik larrienak gatzgabea izatea eta karisma falta dira.
Errepublikanoen ezbaien azken adibidea izan da, bestalde, Newt Gingrich. Abenduan inkestetan faborito izan ostean ospeagaldu baitu, Romneyren, Ron Paulen eta Rick Santorumen atzetik geratu arte. Aurkarien eta prentsaren kritika gogorrek eragina izan dute horretan, baina baita alderdi errepublikanokosektore boteretsuenek ere. Izan ere, Gingrichen igoerak larrituta, haren aurkako kanpaina egin dute. Romneyk «txoro» deitu dio ordezkarien ganberako presidente ohiari, eta Ronald Reaganen hitzaldiak idazten zituen Peggy Noonanek, berriz, «egozalea, printzipiorik gabea eta konfiantzarik merezi ez duena» dela idatzi du The Wall Street Journal-en.
Gingrichen beherakadak Pauli egin dio mesede gehien; izan ere, Iowarako egin dituzten inkestetan oso gertutik jarraitzen dio Romneyri. Libertariotzat dauka bere burua, eta muturreko eskuinekoak nahiz muturreko ezkerrekoak erakartzeko gai dela diote adituek. Ibilbide luzea dauka politikagintzan, eta beti ideia berak defendatu izan ditu. Gauzak argi esaten ditu Paulek, besteak beste, AEBek nazioarteko ezein gerratan ez luketela parte hartu behar. Iranen esku hartzearen aurka agertu den bakarrenetakoa ere bada, herrialdea bonbardatuz gero arazo handiagoetan sartzeko arriskua dutela argudiatuz. Israeli eta beste hainbat aliaturi diru laguntzak kentzearen alde ere egin du.
Guztiz kontrakoa da Santorum, inkestetan hirugarren dena, Pensilvaniako senatari ohia. Muturrekoen artean muturrekoenak Romneyren proposamen zentristen alternatiba izan nahi du. Iranek nazioarteko ikuskatzeak onartzen ez baditu, bonbardatzeko prest agertu da. Boto erlijiosoaren atzetik dabil, eta behin eta berriz egin ditu homosexualen ezkontzen eta abortuaren kontrako adierazpenak.
Rick Perryk, Michele Bachmannek eta Jon Huntsmanek urrutitik jarraitzen diete beste hautagaiei, baina lehia zoro honetan edozer gerta daitekeela diote adituek. Sarah Palinek ez parte hartzea erabaki zuenez, Bachmannen alde egin dute Tea Party mugimendu ultrakontserbadoreko gehienek. Iowako lehiarako, baina, azken postua eman diote inkestek emakumezko hautagai bakarrari. Tea Partyren barnean, ordea, Paul eta Santorumen alde egin dute beste askok. Gainontzeko hautagaiek mugimenduarekin bat egiten ez badute ere, keinuak egiten dizkiete etengabe, euren botoak erakarri nahian.
Hasiera batean arrakasta handia lortu bazuen ere, aurki behera egin zuen Perry kontserbadorearekiko itxaropenak. Konbentzigarria ez izatea leporatu diote Texasko gobernadoreari, eta etengabe egin dituen hanka sartzeek ere izan dute eragina jaitsieran. Huntsman hautagai moderatua, aldiz, Obamari aurre egiteko aukera gehien duena da, adituen ustez, baina errepublikanoen artean ez du arrakasta handirik lortu. Izan ere, ez diote barkatu Pekinen Obamaren gobernuaren enbaxadore izatea.
Zita garrantzitsua
Iowako caucusetan —alderdiaren asanbladak— ez da argituko nor izango den hautagai, baina indarrak neurtzeko lehen aukera izango da. Izan ere, porrot nabarmen batek lehiatik kanpora ditzake, eta garaipen indartsu batek, aldiz, hautagaitza indartu. Ekainera arte, AEBetako estatu guztietan hauteskunde primarioak edo caucusak egingo dituzte, eta abuztuan izendatuko dute ofizialki presidentetzarako hautagaia, alderdiaren batzar nazionalean. Errepublikanoen arteko nahasmenak, dena den,mesede egiten dio Obamari, oso baxu baitago.
Romney da faborito AEBetan gaur hasi duten hautagai errepublikanoen lehian
Sei hilabete iraungo du lehiak, eta Iowan egingo dute lehen etapa; faboritoen dantza etengabea izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu