Rojavako iraultza hasi zeneko hamargarren urteurrena beteko da gaur. Kontsideratu ohi da Kobaneko hirian piztu zela iraultza sozialeko prozesu hori, 2012ko uztailaren 12an. Praktikan, hasiera-hasieratik, iraultza horren ezaugarrietako bat izan da herri batzarrak sortu zirela Rojavako bizimodu politiko eta sozialeko esparru guztien gaineko erabakiak hartzeko —gaur egun Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Federazioan dago Rojava—. Beste ezaugarri garrantzitsu bat da emakumeek parte hartzen dutela eskualde horretako organo guztietan: bai politikoetan, bai militarretan, bai instituzionaletan eta baita gizarte zibilaren elkarteetan ere. Rojavako iraultzari ez zaio alferrik esaten emakumeen iraultza ere.
BERRIAk Amina Omerrekin hitz egin du iraultzaren hamar urteotako lorpenez. Administrazio Autonomoko presidentekidea da, hots, eskualde hartako konfederalismo demokratikoko eta demokrazia zuzeneko ereduaren gobernantza organo nagusiko presidentekidea. Deriken jaio zen, eta kurdua da.
Hasteko: zein dira iraultzaren lorpenak, eta zer egiten ari zarete orain lorpen horiekin aurrera segitzeko?
2012ko uztailaren 19an hasi zen Rojavako iraultza, eta prozesu hori ez da bukatu oraindik. Nolabait ere, iraultza etengabean gaude. Iraultza sozial bat da, Siria Iparraldean eta Ekialdean dauden herri guztiak askatzekoa, ez herri kurduak soilik.
Gauza asko gertatu dira iraultza horretan: besteak beste, gizarteko kolore guztiak barne hartzen dituen autogobernu bat ezarri da, eta gure ama hizkuntza ezarri da irakaskuntzan, kurduera, bai eta 2012ra arte gobernu zentralak diskriminatu edo are guztiz zentsuratu zituen beste hizkuntza batzuk ere; asiriera eta armeniera datozkit burura, adibidez. Lehen aldiz, irakas-hizkuntza bihurtu dira horiek guztiak. Lege demokratiko ugari ere egin ditugu: lehenik eta behin, kontratu soziala egin dugu, konstituzio bat alegia, gure herrien artean egindako itun bat, aurten berrikusten ari garena, kontuan harturik federazioaren parte bihurtu diren lurralde berriki askatuak.
Egiteko dagoen guztiari dagokionez, eskualde horretako herriek garesti ordaindu dute, inondik ere, iraultza hau abiarazi eta defendatzea. Bai Turkiako Estatua eta bai Estatu Islamikoa iraultza amaiarazi eta hari erreka joarazteko mehatxuka dabilzkie oraindik etengabe eskualdeko herriei.
Hala eta guztiz ere, mehatxu guztiak gorabehera, lanean segitzen dugu esparru guztietan: esparru diplomatikoan, politikoan eta militarrean. Eta ahaleginean ari gara harreman estrategikoak garatzeko hala gure lagunekin nola Rojavatik kanpoko gure herriekin.
Rojavako iraultzari emakumeen iraultza ere esaten diote. Ezbairik gabe, emakumeek aldaketa ugari egitea lortu dute: aldaketa politiko, sozial eta kultural horien buruan daude.
Emakumeek lehen egunetik parte hartu dute iraultzaren fase guztietan, modu aktiboan parte hartu ere. Rojavako emakumeek erakutsi zuten konbentzio sozial guztiak gainditu nahi zituztela, eta beren lekua hartu zuten arlo guztietan, izan arlo militarra, izan arlo politikoa.
Uste dut gure eskualdeko emakumeak askatasunaren sinbolo bihurtu direla, eta ez gerra zelaian bakarrik. YPJ direlakoak sortzea erabaki genuen hasieratik, hau da, Emakumeen Babes Unitateak: batetik, lortu genuena defendatzeko orduan gure lekua hartzeko, eta, bestetik, Estatu Islamikoaren kontra borrokatzeko, harentzat gudu zelai baitziren emakumeak.
Beren borrokaren bidez, kargu ugari lortu dituzte emakumeek. Beren lekua dute Administrazio Autonomoa gidatzen duen presidentekidetza sisteman, baita sistema horretatik eratorri diren organo guztietan ere. Arlo politikoan erabakiak hartzeko mekanismoan ere, beren lekua dute.
Era berean, iraultzari esker, lege ugari sustatu dira emakumeek lortutakoak aitortu eta defendatzeko. Dozenaka akademia zabaldu dira esparru intelektuala eta kulturala sustatzeko. Arlo militarrean, berriz, emakumeentzako berariazko talde militarrak eratu ziren: YPJ izenekoak.
Rojavako iraultzaren bitartez, emakumeek berretsi egin dute beren identitatea eta beren borondatea. Ba al dago elkarrizketarik Damaskoko gobernuarekin, kontuan harturik, gainera, Turkia mehatxuka ari dela denbora guztian?
Gaur egun gauzak dauden bezala, segurtasunaz baino ez gara hitz egiten ari Siriako Gobernuarekin. Elkarrizketa horien helburua zera da, elkarrekin koordinatzea hain justu Turkiako Estatuaren eta gaur egungo mehatxuen kontra. Hala ere, konponbide politikoez ez da hitz egin orain arte behintzat. Gure ikuspegitik begiratuta, behin eta berriz esan dugu hitz egiteko prest gaudela kanpoko esku hartzerik gabe konponbideak aurkitzeko.
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Madrilen ekainaren 28an egindako goi bileran, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek Suediarekin eta Finlandiarekin protokolo bat hitzartzea lortu zuen, kurduei eta haien lorpenei zuzen-zuzenean eragingo liekeena.
Gure ustez, Turkiaren mehatxuen ondorioz sinatu zuten protokolo hori Suediak, Finlandiak eta Turkiak. Egia esan, ez genuen espero Suediak eta Finlandiak horrela jokatzea kurduen herriaren kontra.
Turkiak kurduekin duen etsaitasuna historikoa da: dakigun bezala, ez da kontu berria. NATOk Madrilen egin zuen bilera hartan, Erdoganen helburua zen terroristen zerrendan sartzea YPG Herriaren Babes Unitateak, YPJ izenekoak eta PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia. Horrez gainera, Ankarak segurtatu nahi zuen NATOk oniritzia emango ziola Turkiak inoiz Rojavari erasoko balio.
Errusiaren eta Ukrainaren gerraren abagunea aprobetxatu nahi zuen Turkiak. Nahiz eta Europako gerra egon mundu guztiaren agendan, Turkia tematuta dago Rojavari eta hango iraultzari eraso nahi diola, bere mugan eremu seguru bat sortzeko aitzakian. Erasotzeko, ordea, Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren onespena nahi zuen, baina oraingoz ez diote eman.
Hain justu gaur, Rojavako iraultzaren urtemugan, Turkia, Errusia eta Iran Teheranen bilduko dira, Siriaz hitz egiteko. Zer espero daiteke bilera horretatik?
Rojava izango dute ardatz Teherango bilera horretan. Turkiak eginahalak egingo ditu Errusiak eta Iranek oniritzia eman diezaioten egin asmo duen operazioari, baina argudio asko beharko ditu haiek konbentzitzeko. Badakigu Iran eta Errusia krisi handi batean daudela gaur egungo baldintzak eta orekak direla eta. Esango nuke itxuraz behintzat nekez baimenduko dutela operazio hori. Errusiak, izan ere, Sirian gaur egun dagoen oreka oraindik ahulari eutsi nahi dio, bereziki orain, Ukrainako bere gerrarekin setatuta dagoen honetan. Era berean, Iranek ere ez du hondatu nahi Siriako oreka, barne tentsio handia eragin baitu herrialdeko krisi ekonomiko larriak.
Amina Omer. Rojavako Administrazio Autonomoko presidentekidea
«Rojavako iraultza aurrera doa, Turkiaren mehatxuak gorabehera»
Omerrek azaldu du oraindik ez dela amaitu duela hamar urte hasitako prozesua: «Nolabait ere, iraultza etengabean gaude. Iraultza sozial bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu