Rohingyek NBEren elikagai laguntzen murrizketa salatu dute

Prezioen igoeraren eta Munduko Elikadura Programari diru laguntzak murriztu izanaren ondorioz hartu du erabakia erakundeak

Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Bost urte baino gehiago dira ia milioi bat rohingya errefuxiatu esparruetan bizi direla Bangladeshko hego-ekialdean, Cox's Bazar eskualdean, mugatik gertu, Myanmarko sarraskitik ihesi. Egoera oso makurrean bizi dira, eta MEP Munduko Elikadura Programak soilik ematen die elikagai laguntza rohingyei. Bada, Myanmarko etnia horretako errefuxiatuek salatu dutenez, NBE Nazio Batuen Erakundeak murrizketa «suntsitzaileak» egin ditu laguntza horretan. Horiek horrela, rohingyak «bizirik irauteko borrokan» ari dira, erabaki horren ondorioz.

NBEk Myanmarren duen giza eskubideen kontalari Tom Andrewsek atzo jakinarazi zuenez, elikagaien prezioaren igoeraren eta MEPi diru laguntzak murriztu izanaren ondorioz —117 milioi euro inguruko defizita izan du—, %30 elikagai gutxiago bidali behar izan dituzte rohingyentzat. «Malnutrizioa jasaten ari dira».

Al-Jazeera telebista katea zenbait errefuxiatuk bizi duten egoeraren lekuko izan da; besteak beste, Rahela Begum 40 urteko emakume baten adierazpenak jaso ditu: «Ez dugu diru sarrerarik, eta janari errazioak murriztu dizkigute». Haur txiki bat dauka alboan, gaixorik. «Ez du arrozik jaten, ezta beste jakirik ere. Gainera, intxaur krema emateari utzi diote, eta ez dakit bizirik iraungo duen ere».

Andrewsek atzo salatu zuen etnia musulmanekoek behar beste elikagai ez izatearen ondorioak kontaezinak direla: «Adingabeen %40 ondorioak pairatzen hasiak dira, eta horietatik %51k anemia dute, haurdun dauden emakumeen %40 inguruk bezalaxe. Horrez gain, [rohingyen] errefuxiatu kanpalekuan bizi diren familia guztien %45ek dieta eskasak dituzte».

NBEk ohartarazi du laguntzak murrizteak «are gehiago okertuko» lukeela errefuxiatuen kanpalekuko giza egoera larria, baita egoera ekonomikoa ere. «Eta ondorio larriak izango dituzte; hala nola haurren esplotazioa, errefuxiatuen salerosketak, legez kanpoko jarduerak eta prostituzioa».

Hain zuzen, langile humanitarioak bat etorri dira, eta esan dute errazioen murrizketen ondorioz segurtasuna are gehiago ezegonkortuko litzatekeela, eta droga trafikoa areagotu; iaz, esaterako, dozenaka liskar izan ziren drogekin lotutako rohingyen «talde kriminalen» artean.

Eskaera nazioarteari

Bide horretan, NBEko kontalariak egoera hori «iraultzeko» eskatu zien NBEko kide diren estatu guztiei, eta zehaztu zuen murrizketak egiteko erabakia «nazioarteko komunitatearen kontzientziaren gain» dagoela. Haren esanetan, rohingyak «hil edo bizi» daude.

«Nazioarteko herrialde askok laguntza erretorikoa eskaini diete rohingyei, baina familia horiek ezin dute jaso laguntza hori. Agintariek egindako adierazpenak bete behar dituzte, eta bizitzak salbatu», ohartarazi zuen aferaz aritzean.

Horrekin lotuta, Andrewsek salatu zuenez, errefuxiatuei laguntza bidali ezean, eragina «suntsitzailea eta luzera begirakoa» izango da, eta erantsi zuen malnutrizioak eta osasun baldintza txarrek «osasunean ondorio larriak» eragin ditzaketela «belaunaldiz belaunaldi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.