Azkenean, atxilotu dute Rodrigo Duterte, Filipinetako presidente ohia. Zenbait urte iraun duen auzibidearen ostean, Filipinetako Poliziak Manilako aireportuan atxiki du gaur, NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aginduz. Drogaren kontrako gerra deiturikoan gizadiaren aurkako krimenak egin izana egozten diote. Giza eskubideen aldeko elkarteen arabera, 30.000 lagun inguru hil zituzten.
Presidente ohia, 79 urtekoa, Hong Kongetik Filipinetara itzuli berritan atxilotu dute, eta Poliziaren zaintzapean dago. Haren abokatuak, Salvador Panelok, salatu du legez kanpokoa dela atxiloketa, besteak beste 2019az geroztik Filipinak ez direlako NZAren parte —Dutertek berak atera zuen herrialdea handik—.
Auzitegiak, ordea, argudiatu du baduela hilketa horiek ikertzeko eskumena, herrialdea erakunde barruan zegoen garaikoak direlako gertakariak. 2023. urtean hasi ziren berriz ikertzen, baina iaz arte Manilak ez zuen kolaboratu, esanez auzitegiak ez zuela gaiaren gaineko eskumenik.

Bestelako jarrera du orain. «Asteartean goizean goiz, Interpolen Manilako bulegoak atxilotze agindua jaso du», adierazi du gobernuak, eta Duterte aireportura heldu bezain pronto bete dute. Aurretik, presidente ohia haserre agertu da: «[Atxilotzeko] hil egin beharko nauzue lehendabizi».
Dutertek 2022. urtean utzi zuen politika, baina eragin handia du oraindik ere Filipinetan —haren alaba Sara presidenteordea da—, eta ez du justiziarekin arazorik izan orain arte. Hong Kongen ere politika kontuetan zebilen: hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du filipinarren komunitatea oso handia den herrialde hartan.
Drogaren kontrako gerra
Presidente ohiaren aurkako salaketa giza eskubideen aldeko zenbait elkartek eta biktimen senideek aurkeztu zuten, 2018an. Drogaren kontrako gerra Duterteren agintaldian (2016-2022) izan zen, eta, Filipinetako agintarien arabera, 7.000 lagun baino gehiago hil zituzten narkotrafikoarekin lotuta Poliziak egindako sarekadetan. Giza eskubideen aldeko elkarteek, ordea, kalkulatu dute hildakoen kopurua 30.000 inguru dela.
Estatuko indar armatuei eta sikarioei leporatzen dizkiete hilketa horiek, eta, salatu izan dutenez, narkotrafikoaren kontrako borrokaren zigorgabetasun giroa baliatu zuten droga kontuak kitatzeko. Dutertek edozein susmagarriren kontra tiro egitera animatu zituen segurtasun indarrak. Boterera iristerako agindu zuen herrialdea narkotrafikatzailez «garbi utziko» zuela, eta hori bilakatu zuen bere agintaldiaren ikur.

Gaurko atxiloketa aurrerapauso bat da justizia eskatzen duten milaka filipinarrentzat. Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, baliabide ekonomiko gutxi zituzten herritarrak izan ziren hildako gehienak, asko adingabeak eta narkotrafikoarekin loturarik ez zutenak.
Dena den, ikusteko dago Duterte Hagari entregatu ahal izango dioten. Kontuak gatazka piztu dezake Filipinetako epaitegietan, eta NZArentzat gai funtsezkoa da, bere eskumenetatik ihes egiten saiatu diren agintariak epaitzeko duen gaitasuna auzitan baitago. Auzitegi horrek emanak ditu atxilotze aginduak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurka, Gazako genozidioagatik; Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka, Ukrainako Gerragatik; eta Min Aung Hlaing Myanmarko jeneralaren aurka, 2021ean emandako estatu kolpeagatik.