Rodalieseko matxurak aldrebestu egin du Kataluniako Parlamenturako bozketa eguna

Kataluniako aldirietako trenen sareko elektrifikazio sistemako kable bat lapurtu dute, eta, ondorioz, eten egin dute zerbitzua. Horren harira, hauteslekuak beranduago ixteko eskatu dute ERCk eta Juntsek, nahiz eta 20:00etarako itxi dituzten.

Katalunia plazako geltokiko Rodalieseko sarrera itxita, gaur, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
Katalunia plazako geltokiko Rodalieseko sarrera itxita, gaur, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 12a
18:50
Entzun

Kexak eta haserrea izan dira nagusi Kataluniako Parlamenturako hauteskunde eguneko lehen orduetan; eta, beste behin, Rodalies Kataluniako aldirietako eta eskualdeko tren sarean izandako matxura batek eragin ditu. Goizeko ordu txikietan, aldirietako trenen sareko elektrifikazio sistemako kable bat lapurtu dute, Montcadan, eta eten egin dute Bartzelonako aldirietako tren zerbitzua. Gertaera horren ondorioz, egun osoan ez da hiriburura iristen diren aldirietako trenik izan; atzerapenekin aritu dira gainontzeko ibilbideetako trenak; eta, oro har, trenen maiztasuna murriztu dute.

Azken orduko gertaera horren harira, hauteslekuak 20:00etan baino beranduago ixteko, eta, hortaz, botoa emateko ordutegia luzatzeko eskatu diete ERC Esquerra Republicanak eta Juntsek lau eskualdeetako hauteskunde batzordeei. Tarragonako, Gironako eta Lleidako Hauteskunde Batzordeek eskaera hori Espainiako Hauteskunde Batzordera bideratu dute, batzorde horrek eskualdekoek baino erabaki ahalmen handiagoa baitu. Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak, berriz, gertatutakoari buruzko txosten bat eskatu dio Renferi. Azkenean, alderdien eskaerak eskaera hutsetan geratu dira, hauteslekuak aurreikusitako orduan itxi dituztelako, 20:00etan.

Eskaeraren xehetasunei dagokienez, ERCk eskatu du hauteslekuak 21:00ak arte irekita izateko, eta Juntsek, berriz, botoa emateko aukera «aberia konpondu arte», edo, «beranduenez», gauerdira arte luzatzeko. Bi alderdi independentistek esan dute matxurak «kalte» egin diola bozketa egunaren ohiko martxari, baita «milaka herritarren mugimenduari» ere, eta tren zerbitzuak «ahalik eta lasterrena» abian jar ditzala eskatu diote Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileari. Baina Adifek esan du «denbora» beharko dutela kalteak konpontzeko.

Dena den, Espainiako Hauteskunde Batzordeak erabakia eskualdeetako batzordeen esku utzi du berriro ere. Prentsan argitaratutako oharrean azaldu duenez, eskualde bakoitzeko batzordeak badauka tokian tokiko hauteskundeen ordutegia luzatzeko eskumena; hori bai, nabarmendu du gisa horretako erabakiak «ezohiko kasuetan» soilik hartu behar liratekeela, eta, matxura goizean goiz izanik, herritarrek izan dutela «nahikoa» denbora hauteslekuetara joateko «bestelako bideak» aurkitzeko.

Espainiako Garraio Ministerioak, berriz, uste du goizaldeko erasoaren asmoa bozei «boikota» egitea zela; besteak beste, argudiatuta ez dutela kobre asko lapurtu. Bide beretik jo du UGT sindikatuak, eta, prentsan zabaldutako oharrean, tren sareko azpiegituren eta hauteskundeen aurkako «sabotaje planifikatu bat» salatu du. Edonola ere, oraindik abian da gertatutakoa argitzeko ikerketa.

Matxurak matxura, boto emaileak ari dira hauteslekuetara biltzen; 18:00etan ezagutzera eman dituzten datuen arabera, bozkatzera deituta dauden herritarren %45,8k eman dute botoa. Parte hartzea 2021eko bozetan ordu berean zenbatutakoa baino 0,19 puntu handiagoa da —aintzat hartzekoa da COVID-19aren pandemia bete-betean egin zirela—, baina 2017ko bozetakoa baino hogei puntu txikiagoa.

Kanpainaren gakoetako bat

ERCk eta Juntsek birritan leporatu diote Espainiako Gobernuari —eta horrekin lotuta, hori baliatu dute PSCren aurka ere egiteko— Rodaliesen funtzionamendu okerra. Besteak beste, kanpainan Esquerra Republicanak milaka eskuorri zabaldu ditu mezu honekin: «PSCk Katalunian kudeatzen duen zerbitzu bakarra Rodaliesena da, eta penagarria da».

Gainera, aipatzekoa da tren zerbitzuaren afera ERCk eta PSOEk Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen inbestidurarako izandako negoziazioen erdigunean izan zela. Esquerra Republicanaren babesaren truke, Rodaliesen kudeaketa Kataluniako Gobernuaren esku uztea onartu zuen PSOEk; printzipioz, legegintzaldia amaitu baino lehen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.