Arma autonomoak

Robot batek eraso egin die gizakiei modu erabat autonomoan historian lehen aldiz

Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera, drone batek tiro egin die Libiako talde armatu bateko kideei, bere kabuz, gizakien kontrolik eta agindu zehatzik gabe. Zientzialariek eta etikan adituek ohartarazi izan dute gizateria robot hiltzaileen aroan sartzen ari dela.

Kargu droneak hogei gailuko saldotan ibil daitezke, eta euren kabuz erabaki norbait hiltzea, adimen artifiziala erabilita. STM
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 31
17:00
Entzun

Ez dago datu argirik, informazioa gerraren lanbroan galdu delako, eta nazioarteko erakundeek ez dute esan inor hilik edo zauriturik gertatu ote zen, baina, halere, mugarri historiko bat atzean utzi du gizateriak Nazio Batuen Erakundeak Libiako gerraren inguruko txosten batean iragarri duenarekin: drone batek tiro egin die gizakiei, era guztiz autonomoan, hau da, inork horretarako agindurik eman gabe. Horrekin, hainbat zientzialarik eta etikan adituk azken urteotan eginiko ohartarazpen beltzak bete egin dira: gizateria gerragintzaren hirugarren iraultzan sartu da, hau da, robot hiltzaileen aroan.

Orain jakin da, baina iaz gertatu zen. Nazio Batuen Erakundeak Libiako gerra aztertzeko sortutako aditu taldeak gutun bat bidali dio Segurtasun Kontseiluari, martxoaren 8ko datarekin. Horretan, Afrikako herrialdeko iparraldean gertaturiko hainbat gerra ekintzaren berri ematen dio. Tartean da Turkiako Armadak iazko martxoan eginiko erasoaldia Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarraren tropen aurka: «Haftarrekin loturiko indarrak atzera egiten ari ziren, eta piloturik gabeko airekoek edo arma sistema autonomo hilgarriek, STM Kargu-2, kasurako, logistika konboiak ehizatu eta tirokatu zituzten». Iturri konfidentzial bat aipatzen du NBEren aditu batzordeak. Azaldu dutenez, robot hiltzailea programatuta zegoen datu loturarik behar ez izateko hura kontrolatzen duen pertsonaren eta munizioaren artean: «Tiro egin, ahaztu eta bilatu» ahalmena gaituta zuen makinak; hau da, jomuga baten kontra jaurtigailua bota ondoren, sistema bere kabuz hasten da beste baten bila, hura ere tirokatzeko.

Adimen artifiziala eta ikasteko ahalmena erabiltzen ditu Kargu droneak. Irudiak aztertuta, ikasten du jomugak bereizten, eta haien kontra jotzen. Gainera, 20 droneko saldotan mugi daitezke, elkarrekin koordinaturik. Horren fabrikatzaileak, STMk, gailuaren ahalmena erakusten du jarraian ageri diren propaganda bideo hauetan bezala. Honako honetan, «kamikaze modua» erabiltzen du droneak: lehertu egiten da, hainbat gizaki aldi berean hiltzeko.

Kargu drone batek zazpi kiloko pisua du, eta orduko 145 kilometroko abiada har dezake. Ordu erdiz hegalda daiteke.

Arma hilgarri autonomoak: horra robot hiltzaileen izen teknikoa. Autonomo esaten diete, armok euren kabuz erabaki dezaketelako pertsona bat hiltzea, eta hala egin.

Zientzialariek, etikan adituek eta ekintzaileek urteak daramatzate eskatzen horiek debekatzeko. Arazo etiko handia eragiten dute robot hiltzaileek, gerran norbait hiltzeko erabakiaren atzean, orain arte, gizaki bat egon delako, eta erantzukizuna, berez, haren bizkar geratzen zen. Debekuaren aldekoek salatu izan dute erabaki hori makina batek bere kabuz hartzea giza duintasunaren kontrakoa dela. Aditu militar batek modu grafikoan azaldu zuen afera: gerran robotak nagusitzen direnean, gizakiak «txigorgailu batek baino balio txikiagoa izango du».

Badirudi fase horretan gaudela dagoeneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.