Roberta Metsola izendatu dute berriz europarlamentuko presidente

Sozialdemokratekin adostu bezala, Metsolak bi urte eta erdiz eutsiko dio karguari, 2027ra arte. Ganberan etzi dira bozkatzekoak Europako Batzordeko buru izateko Ursula Von der Leyenen hautagaitza.

Roberta Metsola, Europako Parlamentuko presidente izendatua izan ondoren, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Roberta Metsola kontserbadorea, Europako Parlamentuko presidente izendatua izan ondoren, gaur, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
maddi iztueta olano
2024ko uztailaren 16a
16:15
Entzun

Europako Parlamenturako bozak egin eta bost astera, eurodiputatuak hasi dira ganbera martxan jartzeko lanetan. Ez da ezustekorik izan hemiziklo osatu berrian egindako lehen bozketan: aurreko legegintzaldian europarlamentuko presidente izandakoa hautatu dute berriz parlamentuko presidente: Roberta Metsola. Dena den, sozialdemokratekin egindako akordioak direla medio, legegintzaldiaren erdia bakarrik egingo du karguan, 2027ra arte; gero sozialdemokratak dira erreleboa hartzekoak. «Defenda ditzagun gure balioak, zuzenbide estatua, gizateria Ekialde Hurbilean, egin diezaiogun uko Ukrainako inbasioari. Gure konpromisoei eutsi behar diegu», esan du Metsolak.

Hamargarren legegintzaldiko lehen bozketa 13:00ak baino zertxobait lehenago amaitu da. Denera 699 parlamentarik eman dute botoa —ganberan 720 eserleku daude guztira—, eta 562k egin dute Maltako politikari kontserbadorearen alde. Aurkari bakarra izan du presidente kargurako lehian, Ezkerrak aurkeztutakoa —46 parlamentari dituzte—: Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministro ohia. Edonola ere, Metsola aise gailendu da, Monterok aldeko 61 boto bildu baititu. Halere, Europako klubari kritika egiteko baliatu du Monterok bozketa hasi aurreko agerraldia, Ukrainako gerraren eta Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren harira: «[EB] gerraren aldeko jokabidea inposatzen ari zaie Europako herriei».

Europako Parlamentuko presidentea izendatuta, abian jarri dute inoizko europarlamenturik zatituenaren jarduna: azken hogei urteetan lehen aldiz, zortzi talde parlamentariok osatzen dute Estrasburgoko hemizikloa, eta talderik handienak, EAP Europako Alderdi Popularrak, apenas gainditzen duen %26. Inoizko legegintzaldirik zatituena izateaz gain, eskuinak indar handiena duen aldia da honakoa. Eskuinaren eta ultraeskuinaren ardatzean daude ganberako 720 parlamentarien erdiak baino gehiago.

Hortaz, litekeena da datorren legegintzaldian eztabaida luzeak behar izatea akordioak egiteko. Erronka horren jakitun da Metsola: «Europako Batasunak indartsua izan behar du, baita parlamentuak berak ere. Hori espero du jendeak gugandik». Metsolak 2022ko urtarrilean hartu zuen lehenbizikoz presidente kargua. Birritan adierazi du abortuaren aurka dagoela, eta horixe izan da panorama politikoan jaso dituen kritika gehienen iturria.

«Europako Batasunak indartsua izan behar du, baita parlamentuak berak ere»

 ROBERTA METSOLAEuropako Parlamentuko presidentea

Oraindik ez dago argi nork hartuko dion erreleboa Metsolari, bi urte eta erdi barru. Nazioarteko zenbait hedabidek jakinarazi dutenaren arabera, sozialdemokraten buru Iratxe Garcia izan liteke.

Babes bila

Hemizikloko burua hautatuta, talde komunitarioa hasi da hamargarren legegintzaldiari forma ematen; halere, etzi dira erabakirik garrantzitsuenetako bat hartzekoak: Europako Batzordeko burua nor izango den. Organismo horren presidentetzan jarraitzeko asmoa dauka Ursula Von der Leyen kontserbadore alemaniarrak, eta horretarako nahikoa babes lortzeko negoziazioetan murgilduta egon da asteotan.

Karguari eusteko, Europako Parlamentuan gutxienez 361 boto eskuratu beharko ditu Von der Leyenek. Popularren, sozialdemokraten eta liberalen artean 401 dituzte, baina bozketa sekretua da, eta bere talde politikoko parlamentarien botoak ere ez dauzka ziurtatuta. Gainera, egunotan hainbat sozialistak esan dute Von der Leyenen aurka bozkatzekoak direla. Horiek hala, kontserbadore alemaniarra Europako Berdeekin eta ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak talde politikoarekin bildu da egunotan. 

Gainontzeko goi karguei dagokienez, espero da Antonio Costa sozialista portugaldarra izendatzea Europar Kontseiluko presidente, eta Estoniako lehen ministro ohi Kaja Kallas da klubeko diplomaziaburu kargua betetzeko hautagai nagusia.

EB-k boikot egingo die hungariak antolatutako bilerei

Hungariak EB Europako Batasuneko presidentetza duen bitartean antolatzen dituen bilera informalei boikota egingo diete talde komunitarioko goi kargudunek, Europako Batzordeko bozeramaile Eric Mamerrek atzo jakinarazi zuenez. Egunotan, atzerriko zenbait liderrekin bildu da Hungariako presidente Viktor Orban, Ukrainako gerra hizpide hartuta, hala nola Errusiako presidente Vladimir Putinekin eta Txinako Xi Jinpingekin. Mamerren arabera, EBko goi kargudunek ez zuten Orbanen bisita asmoen berri, eta horregatik hartu dute erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.