RN Batasun Nazionala nagusitu da Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian

Eskuin muturreko alderdiak botoen %33 lortu ditu. Bigarren izan da ezkerreko alderdien koalizioa (%28), eta hirugarren Macronen bueltako aliantza (%21). Bigarren itzulian ultren kontra egitera deitu dute.

Marine Le Pen RN Batasun Nazionalekoa, atzo, garaipena ospatzen. EFE
Marine Le Pen RN Batasun Nazionalekoa, atzo, garaipena ospatzen. EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 1a
08:00
Entzun

RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia nagusitu da Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, botoen %33 lortuta. Bigarren indarra da NFP Fronte Popular Berria ezkerreko alderdien aliantza (%28), eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoen Ensemble koalizioa izan da hirugarren (%21). Gutxi-asko, hortaz, inkestek iragarritakoa bete da. Datorren igandean, uztailaren 7an, egingo dute bigarren itzulia, eta, modu batean edo bestean adierazita, baina ultren kontra bat egitera deitu dute Macronek eta NFPk.

Boto guztiak zenbatuta, parte hartzea %66,7koa izan da: Asanblearako hauteskunde batzuen lehen itzuliko handiena, 1997az geroztik. Ia 20 puntu igo da, hortaz, 2022ko bozetako datuekin alderatuta. Orduan %47koa izan zen.

Eta emaitza horiek eskuan, bigarren itzulira begira RNren aurkako «bat egite demokratiko eta errepublikano bat» osatzeko deia egin du herrialdeko presidenteak, ohar batean. «Lehen itzuliko parte hartze handiak erakusten du zein garrantzitsua izango den hurrengo bozketa gure aberkideentzat, baita egoera politikoa argitzeko nahi bat ere badagoela». 577 diputatu daude jokoan, eta ez dirudi RNk 289 lortuko dituenik gehiengo osoa edukitzeko. Estimazioen arabera, 230 eta 280 artean lortuko ditu; ezkerreko koalizioak, 180 eta 200 artean; Macronen koalizioak,60 eta 90 artean; eta LR Errepublikanoek, 30 eta 50 artean. Lehen itzulian diputatu aukeratua izateko gutxienez botoen %50 atera behar dira, eta hori gertatu da 76 hautesbarrutitan.

Ensemblek komunikatu bat kaleratu du, iragarpen bat eginez: hautesbarrutietan hirugarren geratu diren bere diputatugaiei eskatuko die hautagaitzarik ez aurkezteko bigarren itzulian, «Batasun Nazionalari garaitzeko hautagaien mesedetan». Eskuin muturraren garaipenaren «mehatxuaren aurka», gainontzeko alderdiak «arduraz» jokatzera deitu ditu. Eta Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko liderrak —NFPko alderdietako bat da— antzeko iragarpen bat egin du, hauteslekuak itxi ondorengo agerraldi batean: haiek ere, eskuin muturrari aurre egiteko intentzioarekin, hirugarren geratu diren hautesbarrutietan ez dute hautagaitzarik aurkeztuko bigarren itzulian. «Boto bakar bat gehiago ere ez Batasun Nazionalari. Gure aginduak argiak eta sinpleak dira». Pozik agertu da parte hartzeak modu esanguratsu batean egin duelako gora, eta «posizionatzera» deitu du. «Errepublika dago jokoan, elkarrekin bizitzeko dugun modua». Gabriel Attal lehen ministroak ohartarazi du, agerraldi batean, gaur «lezio bat» ikasi dutela: «Eskuin muturra boterearen atarian dago».

(ID_14032334) FRANCE ELECTIONS
Melenchon, gaur, NFP koalizioko beste kide batzuk atzean dituela. MOHAMMED BADRA

Dena den, horren guztiaren harira, ñabardura bat planteatu du azken bi urteetan Asanbleako presidente izandakoak, Ensembleko Yael Braun-Pivetek. TF1 telebista katean eskatu du bigarren itzulian «hautagai errepublikanoenari» ematea botoa, baztertuz ezkerreko aliantzako zenbait hautagai. LFI Frantzia Intsumisoak, PS Alderdi Sozialistak, EELV Europa Ekologia-Berdeek eta PCF Frantziako Alderdi Komunistak adostu dute koalizioa —2022an NUPES izenpean aurkeztu ziren—, eta, haren esanetan, «denak ezin dira zaku berean sartu». LFIko hautagai batzuk kritikatu ditu, «iruzkin antisemitak» egitea egotzita.

Marine Le Pen RNren presidente izandakoak (2011-2021) hitza hartu du alderdiak Henin-Beaumonten egindako ekitaldi batean, eta nabarmendu du gaurko bozetan «demokrazia» mintzatu dela, eta herritarrek «zalantzarako tarterik gabe» erakutsi dutela beren nahia dela atzean uztea Macronen zazpi urteko «agintaldi erdeinuzkoa eta erregarria». Herritarrei eskatu die gehiengo osoa behar dutela Jordan Bardella alderdiaren presidentea lehen ministro izan dadin. Izan ere, Bardellak kanpainan esan du lehen ministro izateari uko egingo diola gehiengo osoa lortzen ez badu.

Bardellak berak ere hitz egin du ekitaldi horretan, eta beren bozkatzaileei «mobilizatuta» jarrai dezatela eskatu die. «V. Errepublikaren bozketa garrantzitsuenaren aurrean gaude». Iruditzen zaio bi aukeren artean aukeratu beharko dutela datorren igandean ere bozkatzera deituta egon diren 49 milioi frantziarrek: RNren eta NFPren artean. «Eta Fronte Popular Berria da okerrenek osatutako aliantza, Jean-Luc Melenchon denen buru dela. Haiek hondamendira eramango lukete herrialdea, matxinadara eta desordenara. Bestalde, Batasun Nazionala dago, zeina zuzentzeko ohorea dudan, Marine Le Penerekin, Eric Ciottirekin eta beste aliatuekin batera».

Laugarren izan dira LR Errepublikanoak eskuinekoak, botoen %7 bilduta. Alderdi horretako europarlamentari François-Xavier Bellamyk esan du, TF1 telebista katean, bere bozkatzaileei ez dietela esango botoa nori eman bigarren itzulian. «Segur gara frantziarren kontzientzia fidatzekoa dela». Hori bai, azpimarratu du «ezker muturra» dela Frantziari «mehatxu» egiten dion «arriskua». Ezker muturra deitu dio NFP aliantzari.

Arrazoiak

Europako Parlamenturako hauteskundeen gauean, joan den ekainaren 9an, aurreratu zituen bozak estatuburuak, ikusi ondoren RNk emaitza onak lortu zituela (botoen %32), eta bere aldeko aliantzak, aldiz, txarrak (%15). «Ezin dut jokatu ezer gertatuko ez balitz bezala», argudiatu zuen, orduan, estatuburuak. Eskuin muturra boterera irits ez dadin, «balio errepublikanoak» defendatzera deitu du kanpainan.

Berez, 2027ra arte iraun behar zuen legegintzaldiak, baina kontuan hartu behar da, era berean, Macronen koalizioak ez duela gehiengo osorik eduki Asanblean azkeneko bi urteotan, eta kostata lortu duela ekinaldi legegileak aurrera ateratzea. Batzuetan, ultren beren babesarekin egin du aurrera; esate baterako, iazko abenduan, Immigrazio Legea onartu zutenean. Bestela, konstituzioaren 49.3 artikulua erabili du, zeinak modua ematen duen legeak dekretuz onartzeko. Hori egin zuen, adibidez, erretreten erreformarekin, iazko irailean. Horrek jendearen haserrea eragin du.

Ikusitakoak ikusita, zaila dirudi inork gehiengo osoa lortzea bigarren itzuliaren ondoren. Gainera, alderdiak ez daude ohituta koalizioetara, azkeneko legegintzaldian ikusi moduan. Orduan, aukera bat litzateke behe ganbera desegitea berriro, baina konstituzioan jasota dago horretarako gutxienez urtebete pasatu behar dela azkenekoz egin zen alditik. Beste aukera bat da botere exekutiboan kohabitazio bat egotea: hau da, presidentea eta lehen ministroa ez izatea alderdi berekoak. V. Errepublikan hiru aldiz gertatu da hori: 1986-1988, 1993-1995 eta 1997-2002 aldietan. Macronek esana du bere asmoa dela bere agintaldia bukatu arte jarraitzea karguan, 2027ra arte. Bardellak, ordea, oraingoz lehen ministro izateko aukera gehien duenak, ez du kargu hori nahi, ez bada gehiengo osoarekin. Ardurei dagokienez, presidenteari dagozkio, besteak beste, defentsa eta atzerri politika; eta parlamentuak dauka, berriz, aurrekontuaren kontrola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.